“Espainiako gazteak ezin dira emantzipatu gazte izateari uzten dioten arte”. Erabateko baieztapen hori da, hain zuzen ere, Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren Emantzipazioaren Behategiaren azken edizioak utzi duen ondorio nagusiena. Aipatu txostenean jasotzen denez, emantzipatzeko betez besteko adina, Estatuan, 30,3 urtekoa da. Kopuru hori azken bi hamarkadetan erregistratu den altuena da.
Pasa den urteko bigarren erdian, emantzipatzen ziren gazteen ehunekoa gelditu zen. Izan ere, alokairuaren eta etxebizitzaren prezioen igoeren ondorioz, gazte batentzat, gainzorpetu gabe, ia ezinezkoa bilakatu da emantzipatzea.
Horrela, Estatuan, emantzipazio-tasa % 15,9koa izan zen bitartean, Europar Batasuneko batez besteko emantzipazio-tasa % 31,9koa izan zen, hots, bikoitza. Kopuru horrek adierazten duenez, estatuko gazteentzat emantzipatzea kimera bilakatu da eta Europako beste herrialdeetako gazteek baino zailtasun gehiago dituzte.
Euskadin eta Nafarroan egoera oso antzekoa da. Nafarroaren kasuan, emantzipazio-tasa (% 16,4) estatukoa baino arinki altuagoa da. Euskadikoa, berriz, % 14,4 besterik ez da.
Emantzipazio-tasak gora egin du Nafarroan
Nafarroan, emantzipazio-tasa ia % 71eraino igo da 30 eta 34 urte bitarteko gazteen artean. Pasa den urtearen hasieratik nafar gazteen emantzipazio-datuek hobera egin dute 2020. urtearen erdialdean eta 2021. urtearen hasieran izandako beherakadaren ostean. Datuek hobera egin duten arren, oraindik ez da pandemia aurreko mailara iritsi. Nolanahi ere, Nafarroako gazteek soldataren ia % 70 erabili behar dute alokairua ordaintzeko.
Ekonomikoki, Nafarroako gazteen egoera ekonomikoa ez da Estatuko gainerako gazteena bezain prekarioa. Azken datuen arabera, nafar gazteen % 12 aurkitzen da pobrezia- eta gizarte-bazterketa arriskuan. Kopuru hori azken hiru urteetan erregistratu den baxuena da.
Gainera, lanean diren nafar gazteek, batez beste soldata altua dute Estatuko beste gazteekin alderatuta. Nafarroakoa Estatuko hirugarren batez besteko soldata garbi handiena da. Edozein kasutan ere, hori ez da nahikoa etxebizitza libre baten erosketari edo alokairuari aurre egiteko, besteak beste, salerosketa merkatuan, Nafarroak Espainiako prezioen urte arteko bigarren hazkunderik handiena izan duelako (% 6,18).
Euskadin 2021ean baino gazte emantzipatu gutxiago
2022an, Euskadin, aurreko urtean baino gazte emantzipatu gutxiago zeuden, guztizkoaren % 14,4. Datu hori azaltzeko hiru arrazoi nagusi aipa daitezke: etxebizitza libreen batez besteko salmenta-prezioak 2013ko mailara bueltatu dira, hipoteka-finantzaketa lortzeko baldintzak gogortu dira eta alokairuen prezioek maximo historikoetara iritsi dira (1.024€ hilean).
EAEko gazteen erosteko ahalmena Estatuko gazteen batez bestekoa baino handiagoa izan arren, euskal gazteei ezinezkoa zaie etxebizitza libre bat bakarrik erostea edo alokatzea. Etxe gazte batek urtean 30.000 euro baino gehiago irabazten badu ere, bi aukeretako edozein, erosi edo alokatu, ez da bideragarria.
Gainera, pasa den urtearen amaieran, 2021ean baino gazte gutxiago zeuden lanean. Hori gutxi balitz, gazteentzako enplegu gehiena oinarrizko lanbideetan sortu zen, hots, kualifikazio gutxiko enpleguak ziren.
Gazteak gazte izateari uzten diotenean emantzipatzen direla erakusten duen adibiderik garbiena Euskadi da. EAEn adina emantzipaziorako aldagai erabakigarria da. Horrela, 16-29 urte bitartekoen artean emantzipazio-tasa % 15era iristen ez den bitartean, 30-34 urte bitartekoan artean % 76,5eraino igotzen da, Estatuko bigarren tasarik altuenarekin.
Zergatik da hain zaila emantzipatzea?
CJEren Emantzipazioaren Behatokiak emantzipazioa zailtzen duten honako aldagai hauek aipatzen ditu:
- Enplegua izatea ez da nahikoa etxebizitza bat eskuratu ahal izateko. Langile gazte baten batez besteko soldata % 4,6 igo da, urteko 13.079,19 euro garbitan kokatuz (edo 1.089,93 euro garbi hilean). Baina, aldi berean, alokairuen prezioak % 7,55 igo dira. Horrela, batez besteko alokairua, gaur egun, 912 eurokoa da. Hortaz, gazte batek bere soldataren % 83,7 bideratu beharko luke alokairua ordaintzera. Kopuru horri, gainera, etxebizitza baten horniduren eta zerbitzuen batez besteko 141 euroak gehitu beharko litzaizkioke (hala nola uraren, argiaren, gasaren eta abarren ordainagiriak). Horrela, hilean 1.053 euro bideratu beharko lirateke etxebizitzara, soldataren % 96,6. Hau da, batez besteko soldata duen gazte batek, etxebizitza ordaindu ostean, hilean 36,93 euro izango lituzke janaria eta arropa erosteko eta aisialdirako.
- Pobrezia eta gizarte-bazterketa arriskua. Lanean ziren 30 urtetik beherako bost pertsonatik bat pobrezian edo gizarte-bazterketa arriskuan zegoen. Lanean izan arren pobreak izaten jarraitzen duten gazteen arazoak lehentasun bat izan beharko luke politikarientzat. Izan ere, modu duinean eta independentean bizitzeko aukera ematen duten baldintzak lortzeko ezintasunak gazterian arazo materialak eragiteaz gain, osasun mentalari ere eragiten dio.
- Goi-mailako ikasketak izateak ez du emantzipazioa bermatzen. Goi-mailako lanbide-heziketako ikasketak edo unibertsitate-ikasketak egin zituzten gazteen % 22,9 baino ezin izan zen emantzipatu. Gainera, ikasten jarraitzen ez zuten gazteen emantzipazio-tasa antzekoa zen goi-mailako ikasketak zituztenen eta ez zituztenen artean.
- Alokairu merkatuak prezioak igotzen jarraitzen du. Espainiako alokairu-merkatuak garestitzen jarraitu zuen 2022ko bigarren erdian. Bakarrik alokatzea ezinezkoa denez, alokairuan bizi diren hiru gaztetik batek etxebizitza partekatu batean alokatu behar izaten du. Gela baten batez besteko alokairua 282,19 eurokoa zen 2022aren amaieran, gazteen batez besteko soldataren % 25,9. Kopuru hori oso gertu dago azterlan gehienek egiten duten gomendiotik; izan ere, ohiko etxebizitzaren prezioak ez luke pertsona baten soldataren % 30 baino gehiago izan behar.
- Hipoteka bat ordaintzea ez da aukera bat. Etxebizitza erosteko batez besteko prezioak gora egin duenez, hipoteka ordaintzeko aukera ere ez da askoz hobea gazteentzat. Lehenik eta behin, etxebizitza baten batez besteko sarrera 49.852,20 eurokoa zelako 2022aren amaieran, hau da, 30 urtetik beherako gazte baten 3,8 urteko soldataren baliokidea. Eta, bestalde, hipoteka bat eskuratzea lortzen duten gazte langileen kasuan, lehenengo hileko soldataren batez besteko zenbatekoa 661,33 eurokoa zen, 30 urtetik beherako soldatapeko baten batez besteko soldataren % 60,7.
- 2022an gazteen langabezia-tasak biztanleria orokorrarenak baino altuagoa izaten jarraitzen zuen. Gazteen langabezia-tasa, 2022an, biztanleria orokorrarena baino ia hamar puntu altuago izan zen; % 22,2 eta % 12,9, hurrenez hurren. Gazteek 2008koaren antzeko langabezia-tasa zuten 2022aren amaieran, ekonomia- eta finantza-krisiak eztanda egin zuenean. Lan-erreformaren ondoren, esan daiteke behin-behinekotasuna, tradizioz gazteen arazo endemikoa izan dena, nabarmen murriztu dela, 2021eko azken hiruhilekoan behin-behinekotasuna % 55,4koa izatetik 2022ko azken hiruhilekoan % 38,9koa izatera igaro baita.
- Aldizkako kontratazio finkoa izugarri handitu da. Hau da, kontratu mugagabea zuten baina enpleguaren izaeragatik urteko hilabete jakin batzuetan bakarrik lan egiten zuten gazteena. Urte bakar batean, gazteek sinatutako aldizkako 23.569 kontratu finko izatetik 233.828 izatera igaro da Espainia, ia hamar aldiz gehiago. Gainera, lanaldi partzialeko kontratu mugagabeak hirukoiztu egin ziren, modalitate horretako gazteen ia erdiek lanaldi osoko enplegua izatea nahiago zutela adierazi zutenean, baina ez zuten aurkitu.