Pasahitz seguruak: zaindu zure online segurtasuna

Pasahitzaren Munduko Eguna dela-eta argitaratutako txosten baten arabera, munduan gehien erabiltzen diren pasahitzak segundo bat baino gutxiagoan deszifratu daitezke

 Irakurketa denbora: 2 minutu

Maiatzaren lehen ostegunean ospatu ohi den Pasahitzaren Munduko Egunaren harira pasahitzak administratzen dituen zibersegurtasunean espezializatutako NordPass enpresak ezagutzera eman dituen datuen arabera, Estatuan gehien erabiltzen diren hiru pasahitzak segundo bakar batean deszifratu daitezke.

Gezurra badirudi ere, asko dira Interneten pasahitz ahulak erabiltzen jarraitzen duten erabiltzaileak. Pasahitz ahul bat erraz asmatzen, aurkitzen edo ‘hackeatzen’ den pasahitza da eta, normalean honako ezaugarri hauek ditu: 8 karaktere baino laburragoa, hiztegiko hitz arruntak edo ‘zentzua’ duten hitzak, jaiotze-data edo izenak bezalako informazio pertsonala, zenbakiak edo letrak bakarrik erabiltzea, 123456 bezalako sekuentzia logikoak, password edo qwerty bezalako konbinazio ezagunak…

2024an Estatuan gehien erabili diren pasahitzak

Aipatu datuen arabera, pasa den urtean Espainian gehien erabili ziren pasahitzak honako hauek izan ziren: 123456 (27.374 aldiz), 123456789 (14.385 aldiz) eta 12345678 (7.811 aldiz). Txostenean ohartarazten denez pasa den urtean gehien erabili ziren lehen hamar pasahitzak segundo bakar batean  deszifratu daitezke. Sailkapen horretan daude, adibidez, qwerty123, 12345, qwerty1, 1234567890, password eta 1234567 bezalako pasahitzak.



Horrelako pasahitz ahulen erabilera ez da gure artean bakarrik ematen den fenomenoa. Izan ere, orain arte aipatu diren pasahitz horietako batzuk munduan gehien erabiltzen diren pasahitzen artean daude.

Adituek behin eta berriro azpimarratzen dutenez, funtsezkoa da gutxieneko segurtasun-maila ematen duten pasahitzak erabiltzea. Azken finean, pasahitzak gure kontuetarako giltza dira eta gaizkileek sarbidea lortuz gero, gure informazio pertsonala (finantza-datuak, kontaktuak, helbideak…) arriskuan egon daiteke.

Pasahitz seguruak

Pasahitz seguruak erabiltzeak ez du ziurtatzen gure kontuak % 100ean seguru daudenik, baina pasahitzek ezaugarri batzuk betetzen badituzte gaizkileek zailago izango dute horiek deszifratzea eta, ondorioz, seguruago izango gara.

Funtsean, pasahitz sendo bat izango da pasahitz ahul baten ezaugarriak ez dituen pasahitz bat. Adibidez, luzerari dagokionez, adituek 12 eta 16 karaktere inguruko pasahitzak erabiltzea gomendatzen dute eta posible bada, karaktere mota ezberdina nahastuz (letra larriak, zenbakiak, karaktere bereziak…)

Pasahitzak erabiltzean izaten den beste akats ohikoenetako bat pasahitz bera hainbat zerbitzutarako erabiltzea da. Horrek, jakina, pasahitzak gogoratzea errazten du, baina behin deszifratuta, zerbitzu bat baino gehiago izango ditugu arriskuan. Zerbitzu bakoitzerako pasahitzak erabiltzeak zaildu egingo du pasahitz horiek guztiak gogoratzea. Horregatik, pasahitzak kudeatzeko berariazko aplikazioak erabiltzea gomendatzen dute adituek, hala nola Bitwarden, KeePass, LastPass edo 1Password. Segurtasun-maila handiagoa lortzeko bi faktoreko autentifikazioa ere erabiltzea gomendatzen da.



Esan bezala, ezinezkoa izango da guztiz segurua den pasahitz bat lortzea, baina gaizkileen lana zailtzeko, komeni da aldizka gure pasahitzak aldatzea.

Beranduegi?

Lerro hauetaraino iritsi bazara, baliteke zure pasahitzak erabat seguruak ez direlako sentsazioa izatea. Zorionez, erabiltzen dituzun pasahitzetako bat arriskuan dagoen ala ez ere jakin daiteke. Adibidez, nabigatzaile batzuek bertan gordetako pasahitzei buruzko informazioa ematen dute, segurtasun-arrailetan ager daitezkeenak. Halaber, haveibeenpwned.com webgunean egiazta dezakezu normalean erabiltzen duzun posta-kontua pasahitz konprometituen zerrendaren batean agertzen den.