Nafarroako Gobernuak 50.000 euroko dirulaguntza-deialdia aurkeztu du sare sozialetan euskarazko bideoak sortu eta zabaltzeko. Deialdia Euskarabideak sustatu du, eta Nafarroan egoitza duten enpresa, autonomo eta profesional liberalentzat dago zuzenduta. Laguntzek 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 1era bitartean egindako gastuak estaliko dituzte.
Laguntzak bi lerrotan banatzen dira: 30.000 euro pertsona fisikoentzat eta 20.000 euro pertsona juridikoentzat. Proiektu bakoitzak onartutako aurrekontuaren % 100era arte jaso ahal izango du, gehienez 5.000 euroko mugarekin. Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 9an amaituko da, Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren bidez; pertsona juridikoek nahitaez bide telematikoz aurkeztu behar dute.
Bideoak euskara hutsean egin behar dira, eta proiektu bakoitzak gutxienez 20 segundoko hiru pieza izan behar ditu, gutxienez bi sare sozialetan zabalduak. Diruz lagundu daitezkeen gastuek langile-kostuak, kanpoko baliabideen kontratazioa, ekoizpena eta zabalkundea hartzen dituzte, bai eta proiektuari lotutako beste gastu batzuk ere.







