Nafarroako Gobernuak eta NUPek euskararen hizkuntza-plangintzako unibertsitate-titulua sortu dute

Tituluaren helburua da Nafarroakoa bezalako testuinguru eleaniztunetan hizkuntza-politika diseinatu eta kudeatzeko gai diren teknikariak prestatzea

  Egilea: Lander Bolado
  Argazkia: navarra.es
  Hitz kopurua: 245
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hitzarmena sinatu dute 2026-2027 ikasturtetik aurrera ‘Euskara gizartean indarberritzeko eta sustatzeko hizkuntza plangintza’ aditu-titulua abian jartzeko. 15 ECTS kredituko titulazioak erabat euskaraz eta online modalitate asinkronoan izango da, 2026ko azarotik 2027ko ekainera bitartean, eta hobaria izango du Nafarroan erroldatuta daudenentzat.

Akordioa Ana Ollo Foru Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Javier Goicoechea NUPeko Irakaskuntzako errektoreordeak sinatu dute. Titulua Euskarabideak —Ollok zuzentzen duen departamentuaren menpeko Euskararen Nafar Institutuak— bultzatzen du.

Hutsune tekniko bat estaltzeko prestakuntza

Ekimenak hizkuntza-plangintzan berariazko prestakuntza teknikoa duten profesionalak izateko beharrari erantzuten dio. Foru Gobernuaren arabera, erakunde publikoek hizkuntza-politika diseinatzeko eta kudeatzeko gaitasuna duten langileak behar dituzte. Eskaera hori erakunde pribatuetara ere hedatzen da, Nafarroa bezalako lurralde eleaniztunetan; izan ere, ingurune horretan euskararen sustapenak estrategia eta plan zehatzak behar ditu.

Titulua lanean ari diren profesionalei zein euskararen sustapenari eta plangintzari buruzko ezagutzak eskuratu nahi dituzten pertsonei zuzenduta dago. Helburuen artean daude hizkuntza gutxitu baten biziberritzean eragina duten faktoreak ezagutzen dituzten teknikariak prestatzea, hizkuntza-kudeaketaren oinarriak menderatzea eta hizkuntza-planak diseinatzeko, garatzeko, jarraipena egiteko eta ebaluatzeko gai izatea, betiere indarrean dagoen araudiaren barruan.

Sei modulu

Programa sei modulutan egituratzen da: soziolinguistika, hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza; euskararen historia soziala eta bilakaera; euskararen eraentza juridikoa; erakunde publikoetako hizkuntza kudeaketa; euskararen sustapena arlo sozioekonomikoan; eta euskararen sustapena eremu ez-formalean.

Matrikula jada eskuragarri dago NUPeko webgunean, eta bertan Nafarroan erroldatutako ikasleek hobaria eskuratu ahal izango dute.