Zergatik ez dugu desio bera? Bikotekideen arteko desberdintasun sexualak ulertzen

  Egilea: Lohizune Loroño
  Argazkia:Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 228
  Irakurketa denbora: Minutu 1

“Bikotekideak baino gogo gehiago izan ohi dut”, “presionatzen ari naizela sentitzen dut”, “etengabe baztertuta sentitzen naiz”. Esaldi horietako bat ezaguna egiten bazaizu, ziurrenik desio sexualaren desadostasun bat bizitzen ari zara. Baina lasai: desio-maila desberdinak izatea guztiz normala da. Ez da maitasuna agortu denaren seinale, ezta arazo larri baten adierazle ere. Desberdintasun hori, berez, ez da arazo bat; bai, ordea, hori kudeatzen dugun modua.

Izan ere, desioa ez da pizten edo itzaltzen den etengailu bat, espektro bat baizik. Bizitzan zehar hainbat faktoreren arabera aldatzen da: estresa, aldaketa hormonalak, osasun mentala, bikote-dinamika… Bi mota daude: desio espontaneoa, bat-batean agertzen dena eta harremanen hasieran ohikoagoa dena; eta desio erreaktiboa, kontaktu intimoa hasi ondoren sortzen dena, eta harremanetan denbora luzea daramaten bikoteetan ohikoagoa dena. Gatazka gehienak bestearen desioak gureak bezala funtzionatzea espero dugunean sortzen dira.

Gurpil-zoro mingarria

Desio-desberdintasunak irauten duenean, gurpil-zoro mingarri batean erortzea erraza da: desio gehiago duenak hurbiltzen saiatzen da, “ez” bat jasotzen du eta suminduta atzera egiten du; desio gutxiago duenak presioa sentitzen du, blokeatzen da eta errudun sentitzen da, eta horrek are gehiago murrizten du bere desioa. Hori hausteko gakoa ez dago sexu gehiago izatean, atzean dagoen kontakizun emozionala aldatzean baizik.

Praktikan, “ez”a pertsonalizatzeari utzi behar zaio: bikotekideak gogorik ez izateak ez du esan nahi maite ez zaituenik. Intimitate-kontzeptua zabaltzea ere lagungarria da: laztanaek, masajeek edo espektatiba sexualik gabeko besarkadek konexioa mantentzen dute presiorik gabe. Enpatia bidez negoziatzea funtsezkoa da, eta intimitate-uneak planifikatzeak, erromantikoa ez iruditu arren, bikoteari lehentasuna ematen laguntzen du egunerokotasunean. Azkenik, norberaren zaintza ezinbestekoa da: libido baxua batzuetan atsedena edo arreta emozionala behar izatearen seinale da.

Laguntza profesionala bilatzea gomendagarria da desberdintasunak gatazka, haserrea edo distantzia emozionala sortzen duenean, edo traumak edo osasun-arazoak tartean daudenean. Terapeutak komunikazioa hobetzen, benetako kausak identifikatzen eta bientzat errespetuzkoak diren akordioak diseinatzen lagundu dezake.

Desio sexual desberdinak izatea ez da harremanaren aurkako epaia: elkar hobeto ezagutzeko aukera bat da. Sexualitate osasuntsu bat ez da maiztasunaren arabera neurtzen, lokarriaren kalitatearen eta elkarrekiko ongizatearen arabera baizik.