Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak automobilgintzako prestakuntza-programa bat jarri du abian Nafarroan 1.850 pertsonarentzat, 550.000 eurotik gorako inbertsioarekin. Prestakuntza-ekintzek Nafarroako Volkswagenen eta Nafarroako Automozio Klusterreko (ACAN) enpresen kontratazio-beharrei erantzuten diete. Programaren helburua prestakuntza sektoreko lan-eskaintzekin lotzea da.
Nafarroako Volkswagenekin lotutako lehen taldeak irailaren 28an hasi ziren. Prestakuntza-ekintzak lerroko gidariaren eta karrozeria-langilearen profiletara bideratuta daude. Urrian prestakuntza-ekintza berriak gehituko dira, besteak beste, industria-langilearen profilerakoak.
32 prestakuntza-talde ACANeko enpresentzat
ACANeko enpresek prestakuntza-ildo propioa dute sektorean enplegua hazteko aurreikuspenen aurrean. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta klusterrak 32 talde diseinatu dituzte: 20 industria-langileenak eta 12 logistika-langileenak.
Prestakuntza egiten duten emakumeek 9 euroko beka jaso ahal izango dute bertaratze-egun bakoitzeko.
Izen-ematea zabalik dago Nafarroako Gobernuaren administrazio elektronikoaren webgunean. Izena eman duten pertsonen aurre-hautaketaren ondoren, prestakuntza urrian hasiko da.
Programako ikastaro guztietarako laguntzak
Laguntzak programako prestakuntza guztiei aplikatzen zaizkie, bai Nafarroako Volkswagenekoei, bai ACANekoei. Familia-erantzukizunak dituzten pertsonek kontziliaziorako laguntza jasoko dute, ikastaroa 12 urtetik beherako haurren edo mendekotasuna duten senideen zaintzarekin bateratu ahal izateko.
Gainera, prestakuntza egiten duten emakumeek 9 euroko beka jaso ahal izango dute bertaratze-egun bakoitzeko. Neurri horren bidez, bereziki maskulinizatuta dagoen automobilgintzaren sektorean haien parte-hartzea sustatu nahi da.







