Nafarroako Enplegu Zerbitzuak-Nafar Lansarek (SNE-NL) izena emateko epea zabaldu du 2026ko 14 Prestakuntza eta Enplegu Programa Integratuetarako (PIFE). Ekimenak 1.843.398,55 euroko aurrekontua du, eta 2026ko irailaren 14tik 2027ko irailaren 30era bitartean garatuko da.
Helburua da langabezian dauden 200 bat pertsonaren eta talde zehatzetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsona landunen lan-egoera hobetzea.
Eskari handiena duten sektoreetako prestakuntza
Eskaintza Nafarroako enpresek gehien eskatzen dituzten lanbideetara dago bideratuta: ostalaritza eta turismoa, eraikuntza eta obra zibila, elektrizitatea eta elektronika, merkataritza eta marketina, administrazioa eta kudeaketa, fabrikazio mekanikoa eta erauzketa-industriak.
Hamalau programetatik hamar Iruñean emango dira. Gainerako lauak Tuteran, Lizarran, Tafallan eta Agoitzen banatuko dira, udalerri bakoitzean ekintza bana eginda.
Prestakuntzaren ondorengo hiru hilabeteko kontratuak
Programek gehienez bederatzi hilabeteko iraupena dute, eta hiru fasetan banatzen dira: prestakuntza-fasea, zeharkako gaitasunen garapena eta, azkenik, enplegu-fasea. Prozesu osoan zehar laguntza pertsonalizatua eskainiko da, laneratzea errazteko.
Nafar Lansarek gutxienez 110 pertsona kontratatzea aurreikusten du
Prestakuntza gainditzen dutenek gutxienez hiru hilabeteko lanaldi osoko kontratua eskuratzeko aukera izango dute, edo lanaldi partzialeko kontratu baliokidea, gutxienez lanaldiaren % 50ekoa.
Zerbitzuak, gainera, lan-egonkortasunaren alde egiten du. Gutxienez 70 parte-hartzailek lanaldi osoko kontratu mugagabea lortu beharko dute, eta kontratu mugagabea lortzen dutenen % 40 baino gehiago emakumeak izan beharko dira, kontratazio finkoan genero-arrakala murrizteko helburuz.

2026-2027ko PIFEen gakoak
- Programen iraupena: 2026ko irailaren 14tik 2027ko irailaren 30era
- Guztizko aurrekontua: 1.843.398,55 euro
- Eskainitako programak: 14 (10 Iruñean; bana Tuteran, Lizarran, Tafallan eta Agoitzen)
- Programa bakoitzaren gehieneko iraupena: 9 hilabete (prestakuntza, zeharkako gaitasunak eta enplegua)
- Prestakuntzaren ondorengo kontratua: gutxienez 3 hilabete lanaldi osoan, edo lanaldi partzialeko kontratu baliokidea (gutxienez lanaldiaren % 50ekoa)
- Aurreikusitako kontratazioak: gutxienez 110 pertsona
- Egonkortasun-helburua: gutxienez lanaldi osoko 70 kontratu mugagabe, % 40 baino gehiago emakumeak
- Prestakuntza-sektoreak: ostalaritza eta turismoa, eraikuntza eta obra zibila, elektrizitatea eta elektronika, merkataritza eta marketina, administrazioa eta kudeaketa, fabrikazio mekanikoa eta erauzketa-industriak








