Donostiako Kontadoresek irailaren 10ean irekiko ditu berriro ateak, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako gune eta kultur jarduera berriekin. Ekipamenduak lau ildo nagusiren inguruan berreskuratuko du jarduera: espazioen lagapena, kultura-laborategiak, proposamen eszenikoak eta elkar-sorkuntza proiektuak.
Kontadores Donostiako Udaleko Gazteria Sailak kudeatutako kultura-sustapenerako gunea da. Gazteek bertako baliabideak erabil ditzakete sorkuntza-proiektuak garatzeko, entseguak egiteko, elkartzeko eta kultur ekimenak partekatzeko.
Gazte-proiektuetarako doako aretoak
Kontadoresek doan lagatzen ditu aretoak sorkuntza- eta kultura-proiektuetarako. Gune horiek, besteak beste, antzerki- eta dantza-entseguak egiteko edo proiektuei lotutako bilerak egiteko erabil daitezke.
Egitarauak udazkeneko Laborategiak ere bilduko ditu, eta lehen proposamenek gorputza eta ahotsa izango dituzte ardatz. Horrez gain, sormena elkarrekin garatzeko tailerrak ere antolatuko dira.
Kontadoresek doako aretoak eskaintzen dizkie sorkuntza eta kultura landu nahi duten gazteei
Beste proposamen batzuk Pilulak dira: formatu txikiko prestakuntza-saioak dira, hainbat sorkuntza-diziplinarekin esperimentatzeko edo gai zehatzetan sakontzeko aukera emango dutenak.
Urritik aurrera, Kontadoresek proposamen eszenikoak ere txertatuko ditu bere egitarauan, eta lehentasuna emango die artista gazte eta hasiberrien sorkuntzei. Guneak, gainera, ildo espezifiko bat izango du taldeen elkar-sorkuntza proiektuetarako.
Kontadores zabalik egongo da asteartetik ostiralera 17:30etik 20:30era, eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara. Informazio gehiago jasotzeko, gunearekin harremanetan jar daiteke 943 483 476 telefono-zenbakira deituz edo kontadores@donostia.eus helbide elektronikora idatziz.








