Haizea Iglesias: “Ipuinek haurren etorkizunari buruzko ikuspegia aldatzeko ahalmena dute”

Lucía Vilela, Aroa López, Laura Estévez, Haizea Iglesias eta Ariane Caballero dira etorkizuneko emakume zientzialari eta ingeniariak inspiratzeko helburua duen ‘Liliana y el Festival de los Destinos’ haurrentzako ipuinaren egileak. Ipuinaren xedea emakumeak teknologian ere erreferente izatea dela azaldu du Haizea Iglesiasek.

Egilea: Lander Bolado
Argazkia:  Lander Bolado
Hitz kopurua: 310
Irakurketa denbora:  2 minutu

Nola sortu zen ‘Liliana y el Festival de los Destinos’ ipuina?

Ideia Zabalketa erakundeak Boliviako Valles Cruceños eskualdean emakumeek zuten parte-hartze txikiaren berri eman zigunean jaio zen. Aurreiritzi horiek eskoletan apurtzeko eta emakumeek edozein amets bete dezaketela erakusteko, liburu bat hutsetik sortzea erabaki genuen. Istorioaren protagonista Liliana da, zientziazale amorratua. Tradizionalki gizonek bakarrik parte hartzen zuten asmakizunen jaialdi batean izena ematen du, eta emakume parte-hartzaile bakarra bihurtzen denean, erreferentzia ere bilakatzen da. Guretzat, prozesuko unerik politena pertsonaia horri bizia emateko ideiak elkartzea izan zen, haurrek uler dezaten emakumeak ez daudela etxeko lanetara mugatuta, eta sortu eta asmatu ere egin dezaketela.

Zergatik erabaki zenuten arazo sozial bat haur-ipuin baten bidez lantzea?

Formatu hori aukeratu genuen, haurrek, txiki-txikitatik, emakumea proiektu teknologikoen buru izan daitekeela barneratzea nahi genuelako. Gainera, ipuina zubi bat da: bagenekien ikasgelan irakurri ondoren, ikasleak etxera joango zirela gurasoei kontatzera, sentsibilizazioa helduengana ere irits zedin. Ziur gaude haur-literaturako kontakizunek erabat alda dezaketela haurrek beren etorkizunaz duten irudikapena. Proiektu honekin ikasi dugu material didaktiko propioak sortuz, helburu sozial handiak lortzeko gai garela.

Zer eragin ikusi duzue liburu honekin ikasgeletan lan egitean?

Calasanz ikastetxean DBHko ikasleekin liburua lantzen aritu ginen, eta erantzuna bikaina izan zen. Asko harritu gintuen irakurketaren ondoren dinamika eta jolasak egitean, ikasleek modu naturalean kokatzen zituztela emakumeak askotariko lanpostu arruntetan, etxeko lanekin lotu beharrean. Oso erantzun positiboa izan zen, eta erakusten du belaunaldi berriak aldaketarako prest daudela. Zabalketak uda honetan ipuina Boliviara eramango du. Beste aldetik ipuina Zabalketaren web orrialdean eskuragarri dago.

Etorkizunari begira, nola irudikatzen duzu emakumeen rola arlo teknikoan hemendik hogei urtera?

Emakume ingeniari asko eta ibilbide profesional bikainak dituen panorama irudikatzen dut. Hori lortzeko, ikastetxeetan genero-estereotipoak apurka-apurka desegiten dituzten horrelako liburuak landu behar dira, eta lanbide heziketan diziplina teknikoak ikasten ari diren emakumeen kopurua handitzea nahiko nuke. Aldaketa ikasgeletan hasten da. Haiek dira etorkizuna.

Advertisements