Egilea: Oier Zabalegi
Argazkia: Jon Mikel Zabalegi
Hitz kopurua: 399
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Gure eguneroko erabakiek eta ekintzek mugak gaindi ditzakete: arduraz kontsumitzeak, bidezko merkataritzari laguntzeak, gure aztarna ekologikoa murrizteak edo ezagutza partekatzeak benetako aldaketak eragin ditzake gurean eta baita hego hemisferioko komunitateetan ere. Izan ere, tokiko keinu txikiek garapenerako eta elkartasun globalerako zubiak eraiki ditzakete.
Hori da, hain zuzen ere, Zabalketa GGKEak garatzen duen “Euskadiko LHko ikasleak, tokiko eraldaketa ekosozialeko eta eraldaketa globaleko eragile gisa” heziketa-egitasmoaren oinarrian den premisa. Aipatu egitasmoa GGKE berak garatutako E3 (Eraldaketa Ekosozialerako Ekintzak) estrategian oinarritzen da eta horren oinarrietako bat da Euskadin bertan garatzen diren erronkak eta proiektuak.
Elgoibar eta Bolivia
Elgoibarko MEKA LHII ikastetxea da Zabalketak garatzen duen egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetako bat. Pasa den ikasturtean, Dietetikako ikasleak Elgoibar eta Boliviako Valles Cruceños eskualdea lotzen dituen egitasmo bat garatzen hasi ziren.
Zabalketak han ere egiten du lan eta bertako komunitatearen inguruko informazioa helarazi zien ikasleei. Proiektu honek benetako erronkei erantzun bat emateko aukera ematen die Lanbide Heziketako ikasleei eta horrek, oso praktikoa denez, ikasleen motibazioa sustatzen du, beren lanak, garatzeko bidean dauden herrialdeetan ez ezik, gure artean ere eragina izango duela ikusten dutelako.
Horretarako, ikasleek Boliviako eskualde horren inguruko diagnosi bat egin behar izan zuten proiektuaren hastapenean Zabalketako kideen laguntzarekin, eta, hortik abiatuta, erantzun praktikoak diseinatzen hasi ziren. Erantzun horiek, funtsean, bi ideia nagusitan islatu dira. Alde batetik, eta vending makinetan saltzen ohi diren horiei aurre egiteko, snack osasuntsuak diseinatu dituzte. Bestetik, osasun-hezkuntza ardatz duten hainbat egitasmo garatu dituzte: ipuinak, jokoak, errezetak…
Elikagaien bingoa
Horietako bat Iara Sal, Garazi Idiakez, Martin Berezibar eta Aiora Zabaleta ikasleek garatu duten elikagaien ezagutza sustatzeko eta eta malnutrizioa murrizteko gazteen dieta hobetzea helburu duen ‘Elikagaien bingoa’ da. Izenak berak adierazten duen moduan, egitasmoa ohiko bingo batean oinarritzen da, baina zenbakien ordez elikagaiak erabili dira, horietako batzuk Bolivian ohikoak direnak. Helburua da, modu dibertigarri batean, gazteenei eta hain gazte ez diren horiei ere, elikadura osasuntsuaren garrantzia azaltzea. Txikiek jolasten ikasten dute elikagaien inguruan eta baita plater orekatu bat sortzeko gakoen inguruan ere.
Egitasmoaren filosofiari jarraiki, MEKAko ikasleek garatutako proiektuak Bolivian ez ezik, gurean ere aplikagarriak dira. Elikagaien Bingoaren kasuan, adibidez, egileek Elgoibarko Herri Eskolako ikasleekin erabili dute hainbat saiotan eta, ondoren, irakasleen laguntzarekin, elikadura osasungarriari buruzko lanketa didaktikoa ere egin dute.
Bingoa Boliviako Valles Cruceños eskualdeko 100 bat haur hartzen dituen Aniceto Solares etxean ere erabiliko da. Bertan, zaurgarritasun egoeratik datozen haurrak eta gazteak bizi dira.









