LHko ikasleak, tokiko eraldaketa ekosozialeko eta eraldaketa globaleko eragile gisa

Zabalketa GKE bere lana ikasgeletara eramateko egitasmo aitzindaria garatzen ari da EAEko hamar bat ikastetxerekin

 Irakurketa denbora: 3 Minutu

Apirilaren 11an, Sestaoko Saturnino de la Peña BHIko zenbait ikaslek SolidaridUP heziketa-egitasmoaren azken emaitzak aurkeztu zituzten herriko San Pedro Plazan. Zabalketa GKEren gidaritzapean, aipatu ikastetxeko “Animazio soziokultural eta turistikoa” zikloko lehen urteko ikasleek auzokideen eta udalerriko saltokien arteko bizikidetza eta gizatalde zaurgarrienen gizarteratzea sustatzea helburu duen ‘Sestaoko Istorioak’ izeneko egitasmoa garatu dute ikasturtean zehar.

Lan horren guztiaren azken emaitza Sestaoko bizilagunen testigantzak jasotzen dituen bideo bat izan da. Bertan, ikasleek herriko merkatariei, gizarte elkarteetako kideei eta zaurgarritasun egoeran bizi diren zenbait herritarrei egindako elkarrizketak jasotzen dira. Ikasleek beren herrikideekin partekatu nahi izan dituzte bertan jasotako esperientziak jai giroan.



Sestaoko SolidaridUP egitasmoan 32 establezimendu parten hartzen ari dira udalerriko zazpi gizarte erakunderekin batera. Programaren baitan, gizarte erakunde horiek udalerrian bizi diren pertsona zaurgarrien beharrak jaso eta, merkataritza-establezimenduekin horiei erantzuten saiatzen dira.

SolidaridUP

SolidaridUP pasa den urtearen amaieran Zabalketak abian jarri zuen “Euskadiko LHko ikasleak, tokiko eraldaketa ekosozialeko eta eraldaketa globaleko eragile gisa” izeneko egitasmoaren barruan garatzen den heziketa-egitasmoa da. Egitasmo hori GKE berak garatutako E3 (Eraldaketa Ekosozialerako Ekintzak) estrategian oinarritzen da eta bi ardatz nagusi ditu:

  • Hegoaldeko herrialdeetan garatzen diren lankidetza-proiektuak
  • Euskadin bertan garatzen diren erronkak edo proiektuak

Bigarren ardatz horretan EAEko hamar bat ikastetxe parte hartzen ari dira Zabalketak atzerrian lantzen dituen gai ezberdinak ikasgelara eramanez. Salbuespen bakarra Euskadin soilik lantzen den SolidaridUP proiektua da. Zehazki, proiektu hori Getxo, Leioa eta Sestaoko Udalekin batera garatzen da eta, tokiko merkataritzaren parte-hartze zuzenaren bidez, gizarte zibilaren protagonismoa berreskuratzea du helburu, elkartasunezko keinu txikien bidez biztanleria zaurgarrienaren arazoak duintasunez konpontzen lagun dezaten.



Ikasleek zein irakasleek oso harrera ona egin diote egitasmoari arazo erreal bat jorratzeko aukera ematen dielako. Saturnino de la Peña BHIko irakasle Begoñe Jugoren hitzetan, “egitasmo hau oso positiboa eta aberasgarria izan da bai ikasleentzat, bai herriarentzat; ikaskuntza esanguratsua eta benetako eragina uztartzea lortu dutelako”.

Animazio soziokulturaleko ikaslea den Leire Hernáez ere oso eskertuta azaltzen da. Bere ustez, “esperientzia oso polita izan zen, bereziki, elkarrizketak egiteko prosezua. Horri esker pertsona asko ezagutzeko eta haien bizipenak entzun ahal izateko aukera izan dugu eta haiengandik zeozer nirekin bueltan eramaten dudala sentitzen dut”.

E3 eta eraldaketa globalerako lanketak ikasgelan

Zabalketak gizarte eraldaketarako hezkuntzarekiko konpromisoa azaldu du bere hastapenetik. Horretarako, irakasleak trebatzeaz gain, hezkuntza-materialak egin eta Euskadiko gazteekin aplikatzen diren metodologia parte-hartzaileak garatu ditu, bai ikasgeletan, bai hezkuntza ez-formaleko eremuetan. Esparru horietan egindako lanari esker, hezkuntza-eremutik tokiko eta mundu mailako Eraldaketa Ekosozialerako Ekintzak sortzea sustatzen duen E3 hezkuntza-estrategia garatu da.

Estrategia horrek bi metodologia uztartzen ditu: proiektuetan oinarritutako ikaskuntza eta ETHAZI eredua. Zabalketa garatzen ari den “Euskadiko LHko ikasleak, tokiko eraldaketa ekosozialeko eta eraldaketa globaleko eragile gisa” egitasmoa estrategia horretan oinarritzen da eta, horren bidez, Lanbide Heziketako ikasleek hemen egiten duten lanak hegoaldeko herrialdeetan ere eragina izan dezakeela ikusten dute.

Hezkuntza egitasmo horretan, funtsean, Lanbide Heziketako ziklo zehatz batzuetako ikasleek Zabalketa hegoaldean garatzen ari den lan-ildo bat jorratzen dute. Ikasgelan egiten den lanketa hiru fasetan ardazten da: lanketa teorikoa; lanketa praktikoa eta azken ‘produktu’ baten sorkuntza; eta, komunikazioa eta inpaktua. Prozesu guztian, ikasleek ikaskuntza-metodologia aktiboak eta parte-hartzaileak erabiltzen dituzte, errealitatean ematen diren arazoak jorratuz eta horiei irtenbide bideragarri bat emanez.

Momentu honetan, Euskadiko hamar bat ikastetxe parte hartzen ari dira Zabalketak atzerrian lantzen dituen gai ezberdinak ikasgelara eramanez. Salbuespen bakarra Euskadin soilik lantzen den SolidaridUP proiektua da.

Euskadiko beste Lanbide Heziketa zikloetako ikasleek prestatu dituzten ekintzak Zabalketaren web gunean ikusi eta eskuratu ahal dira. Proposamen hauek gure inguru hurbilean, adibidez Tolosan erabiltzen ari dira, baita ere aipatutako beste herritan ere: Bolivia eta Filipinetan besteak beste.

Begirada bat botatzera animatzen zaituztegu: https://zabalketa.org/eu/que-hacemos/educacion/formar-para-transformar/

Ikasleek egindako lan eder hauetaz gehiago jakin nahi baduzue, Zabalketa elkartearekin zuzenean harremanetan jarri ahal zarete.