Irakurketa denbora: 6 Minutu
Euskal gizarteak irekitzat jotzen du bere burua, baina ispiluaren aurrean jarri ondoren aurreiritziak dituela ikusten du. Lau herritarretik hiruk nahiago dute askotariko gizarte batean bizitzea, baina erdiak bakarrik alokatuko lioke bere etxebizitza ijito bati eta emakumeek gizonek baino diskriminazio egoera gehiago jasan behar izaten dituzte. Horiek dira, besteak beste, Ikuspegik argitaratu berri duen “Euskadiko Diskriminazioaren inguruko Pertzepzio eta Jarrerei buruzko Inkesta -EPADE” txostenak utzi dituen ondorio nagusietako batzuk.
Txostenak euskaldunok ditugun zenbait paradoxa azalarazten ditu. Horrela, euskal gizarteak aniztasunarekiko irekitasunaren indizean nota ona lortzen duen arren (100 puntutik 72,78), txostenak agerian uzten du aniztasun hori desagertzen dela teoriaren esparrua alde batera utzi eta eguneroko espazioetan sartzen garenean: bizilagunak, lana, etxebizitza… Izan ere, horrelako eremuetan diskriminazioa benetako esperientzia bilakatzen da sei pertsonatik batentzat.
Txostenean jasotzen denez, ezaugarri kulturaletara lotuta ez dagoen aniztasunarekiko tolerantzia-maila handiagoa azaltzen dugu euskal herritarrok. Ostera, aniztasun kulturalarekiko erresistentzia-maila handiagoa da, bereziki, auzoteria edo harreman pertsonalak bezalako gertuko eremuetan. Ildo horretan, eta txostenean bildutako datuen arabera, ijitoen eta atzerritar jatorriko pertsonen inguruko iritziak zintzotasun handiagoarekin adierazten dira eta, horrek, nolabait, gaur egun ere zenbait diskurtso arrazista sozialki onartuta daudela adierazten du.
EHUko irakasle eta Ikuspegiko zuzendari Julia Shershnevak azpimarratzen duenez, “datuek adierazten dute diskriminazio estruktural bat dagoela eta diskriminazio horrek, bereziki, ijitoei, atzerritar jatorriko pertsonei, emakumeei eta baliabide ekonomiko urriko pertsonei eragiten diela”.
Askotariko gizartea, baina ñabardurekin
Esan bezala, euskal herritarrek nahiago dute askotariko gizarte batean bizitzea gizarte homogeneo batean baino. Azken ideia horren alde bakarrik inkestatutakoen % 17,7 azaldu da. Azterlana Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan egindako aurrez aurreko 1.200 inkestatan oinarritu da eta euskal gizarteak aniztasunaren aurrean dituen jarreren inguruko mapa eskaintzen du.
Bildutako datuen arabera, euskaldunak eroso sentitzen dira auzoteria pertsona nagusiekin (% 90,9), langabetuekin (% 90,4), desgaitasun fisikoren bat duten pertsonekin (% 88,7) edo baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonekin (% 88,6) partekatzen. Hala ere, irekitasun hori nabarmen jaisten da auzoteria atzerritar jatorriko pertsonekin (% 74,6), gaixotasun mentalen bat duten pertsonekin (% 72) edo, bereziki, ijitoekin (% 56,4) partekatu behar dutenean.
EAEko biztanleriaren ia erdiak (% 45,9) uste du diskriminazioa arazo “oso edo nahiko garrantzitsua” dela gizartean. % 30,2rentzat arazo “garrantzitsu samarra” da eta bosten batek (% 20,4) arazo horrek gizartean duen garrantzia txikiagotzen du.
Inkestatuen arabera, gure artean diskriminaziorako diren arrazoi nagusiak honako hauek dira: ijitoa izatea (% 58,6), jatorri etnikoa (% 52,6), nazionalitatea edo atzerritarra izatea (% 51,8), azalaren kolorea (% 47,1) eta itxura fisikoa (% 40,7).
Emakumea izategatik ematen den diskriminazioaren inguruko iritziak banatuago daude. Horrela, % 37,5ek diskriminazio hori dagoela dioen bitartean, % 36,2k dio ez dagoela horrelakorik edo oso kasu gutxietan ematen dela. Gauza bera gertatzen da iritzi politikoengatik (% 37,5 eta % 38,2) eta pisua edo obesitateagatik (% 36,5 eta % 39,1) jasaten den diskriminazioaren kasuan.
Etxebizitza eta enplegua
Diskriminazioak ez du berdin eragiten eremu sozial guztietan. Adibidez, etxebizitzarako edo ardura postuetarako sarbidean, hamar herritarretik zazpik uste du “aldeak daudela kasuan kasuko pertsonaren ezaugarrien arabera”. Herritarren % 60k baino gehiagok ere uste du enplegurako sarbidea eta esparru legislatiboa desparekotasuna nagusi den eremuak direla.
“Bizitegi-eremua da Euskadin diskriminazioak gehien eragiten duen eremuetako bat” azaltzen du Shershnevak. “Alde batetik, etxebizitzarako sarbidean ikusten da gehien desparekotasuna, eta, bestetik, eremu horretan agertzen dira argien jarrera baztertzaileak eta eguneroko aurreiritziak” dio Ikuspegiko zuzendariak.
Adibidez, etxebizitzarako sarbidean, aldagai diskriminatzaileenak honako hauek lirateke: baliabide ekonomiko urriak izatea (% 66,3), atzerritar jatorriko pertsona izatea (%57,7), ijitoa izatea (% 45,8) eta langabezian egotea (% 36). Enpleguaren kasuan, berriz, honako hauek izango lirateke aldagai diskriminatzaile nagusiak: formakuntza-maila baxuagoa izatea (% 48,1), ijitoa izatea (% 39,8) eta atzerritar jatorria izatea (% 39,4). “Emakumea izatea” diskriminazio aldagai esanguratsu gisa azaltzen da ardurazko postuen sarbiderako (% 36,5).
Esatetik egitera
Azterlanak pertsonalki aitortzen diren jarreren eta gertuko ingurunearen inguruan pentsatzen diren horien artean diren zenbait paradoxa azalarazten ditu. Lan esparruan, adibidez, hamar euskaldunetik bederatzik diote, formakuntza- eta esperientzia-maila bera ematen bada, baliabide ekonomiko urriko pertsonak, heterosexualak ez diren pertsonak, beste erlijio bat dutenak, adinekoak, transak, desgaitasunen bat dutenak edo atzerritar jatorria dutenak kontratatuko lituzketela.
Hala ere, aurretiko jarrera hori nabarmen jaisten da gaixotasun mentalen bat duten pertsonen (% 64,7) eta ijitoen (% 62,3) kasuan. Eta are gehiago jaisten da haien inguruko pertsonak (senideak eta lagunak) berdin arituko liratekeen ala ez galdetzen zaienean. Adibidez, hurbileko inguruneko pertsona batek ijito bat kontratatuko lukeela uste duten pertsonen ehunekoa % 62,3tik (balorazio pertsonala) % 45era (proiektatua) jaisten da.
Antzeko zerbait gertatzen da etxebizitzaren alokairuaren inguruan galdetzen denean. Horrela, % 80k baino gehiago dio ez duela inolako arazorik bere etxebizitza alokatzeko adineko pertsona bati, heterosexualak ez diren pertsonei, beste erlijio bat dutenei, transei edo desgaitasunen bat dutenei. Atzerritar jatorriko pertsonen, osasun mentalen bat duten pertsonen, baliabide ekonomiko urriko pertsonen eta ijitoen kasuan, aldiz, ehuneko horiek nabarmen egiten dute behera. Eta azaldu den moduan, are gehiago jaisten dira gertuko pertsonek egingo zuketenaren inguruan galdetzean, bereziki ijitoen kasuan (% 51tik % 39,5era).
Seitik bat diskriminatuta sentitu da
EAEko biztanleen % 16,6k dio azken hamabi hilabeteetan diskriminazio kasuren bat pairatu behar izan duela. Kasu honetan, generoen arteko desparekotasun nabarmena azaltzen da, diskriminatuta sentitu diren emakumeen kopurua % 23,3 baita eta, gizonen kasuan, % 9,4.
Diskriminatuta sentitu diren horien artean, gehien errepikatzen den arrazoia emakumea izatea da (% 40,2) eta ondoren, gaztea edo atzerritarra izatea (kasu bietan, % 9,5arekin). Itxura fisikoa (% 8,5) eta adineko pertsona izatea (% 7,5) ere gehien aipatzen diren arrazoien artean azaltzen dira.
Espazio publikoak (% 36,6) eta lan-eremua (% 21,6 lantokian eta % 8,2 enplegu bilaketan) dira horrelako gertaeretarako agertoki nagusiak. Gainera, biztanleriaren % 26,7 egoera diskriminatzaile baten lekuko izan dela dio, bereziki, jatorriagatik (% 38,6), etniagatik (% 27), azalaren koloreagatik (% 24,2), emakume izateagatik (% 19,9) edo sexu-orientazioagatik (% 14,7).
Eraso gehiegi, salaketa gutxiegi
Diskriminazio egoeraren bat jasan duten horien artean, % 16 eskas batek kexa, erreklamazio edo salaketaren bat aurkeztu du. Horretarako arrazoi eta pertzepzio nagusia “ez duelako ezertarako balio” izan da. Gertaera horien berri ez emateko ematen diren bestelako arrazoi nagusiak dira “egoera ez da neurriak hartzeko bezain larria” (% 10,2), “diskriminazioa ohikoa da gure gizartean” (% 8,5), “burokrazia” (% 8) eta “errepresaliekiko beldurra” (% 7,2).
Horrelako egoera bat jasanez gero, nora joango liratekeen galdetuta, honako hauek dira gehien errepikatu diren erantzunak: lagunak eta senideak (% 27) eta polizia (% 22,7). Galdera horrek kezkarako ondorio bat utzi du, biztanleriaren % 13,6k ez baitaki horrelako kasuetan nora jo.
Erakundeek diskriminazioaren kontra egiten duten lanaren balorazioa ez da oso begi onez ikusten. Laurden batek dio esfortzu horiek “oso edo nahiko eraginkorrak” direla, % 34,4k dio “eraginkor samarrak” direla eta % 30,4rentzat ez dira “batere eraginkorrak”. Herritarren ustez, erakundeek ahalegin handiena egiten duten eremuak erlijio-askatasunaren bermea (% 51,6); gay, lesbiana eta bisexualenganako diskriminazioaren aurkako borroka (% 47,2) eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena (% 46,7) dira. Aldiz, edadismoari (% 32,4) eta indarkeria matxistari (% 32,6) aurre egiteko erakundeek egiten duten ahalegina nahikoa ez dela uste dute herritar gehienek.












