2025 historia hurbileko hirugarren urterik beroena izan da

2025eko batez besteko tenperatura globala 14,97 gradukoa izan zen, hots, 1991-2000 aldiko batez bestekoa baino 0,59 gradu altuagoa

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 365
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Oraindik jende gehiegi dago klima-aldaketa benetakoa ote den zalantzan jartzen duena. Baina Meteorologia Aurreikuspenen Europako Zentroaren (MAEZ) datuek kontrakoa baieztatzen dute. Izan ere, 2025. urtea hirugarren urterik beroena izan da neurketak egiten direnetik. Gainera, bi erregistro beroenetatik oso gertu geratu da: 2023. urtea baino 0,01 gradu hotzagoa izan da eta 2024. urtea baino 0,13 gradu hotzagoa.

Copernicus-Klima Aldaketaren Zerbitzuak argitaratutako urteko txostenaren arabera, 2025eko batez besteko tenperatura globala 14,97 gradukoa izan zen. 1991-2000 aldiko batez bestekoarekin alderatuta, iaz erregistratutako tenperatura globala 0,59 gradu altuagoa izan zen. Beste erakunde batzuek ere, hala nola NASAk eta Munduko Meteorologia Erakundeak, antzeko ondorioak dituzten txostenak aurkeztu dituzte.



Hilabeteka, iazko urtarrila mundu mailan inoiz erregistratu den urtarrilik beroena izan zen. Martxoa, apirila eta maiatza, berriz, urte sasoi horretako bigarren beroenak izan ziren. Iazko hilabete guztiak, otsaila eta abendua izan ezik, 2023. urtea baino lehenagoko edozein urtetako hilabete baliokidea baino beroagoak izan ziren. Gainera, aipatu iturrien kalkuluen arabera, iaz, munduko lurrazalaren erdia ohikoa baino egun gehiagotan egon zen estres termiko biziaren eraginpean. Estres termikoaz hitz egiten da hautemandako tenperatura 32 gradu zentigradutik gorakoa denean. Baldintza horiek, OMEren arabera, klimari lotutako heriotza-kausa nagusia dira.

MAEZen txostenak dio 2025eko ezaugarri nagusietako bat muturreko fenomeno klimatiko nabarmenak izan zirela: bero-bolada errekorrak; ekaitz gogorrak Europan, Asian eta Ipar Amerikan; eta, baso-sute erraldoiak Espainian, Kanadan eta Kaliforniako hegoaldean. Europako urteko emisio totalik handienak baso-suteek eragin zituzten, airearen kalitatea nabarmen degradatuz karbonoarekin eta bestelako poluitzaile toxikoekin.



Itsasoari dagokionez, gainazalaren tenperatura globala 20,73 gradukoa izan zen, hirugarren beroena 2024 eta 2023 ondoren. Zientzialariek berotze hori bi zio nagusien ondorioa dela azaldu dute: berotegi-efektuko gasen metaketa eta ozeanoetako tenperatura bereziki altuak, klima-aldaketak anplifikatuta.

Parisko helburuak

Azken hiru urteetako datuak ikusita, tenperatura globalek, batez beste, 1,5 gradutik gora gainditu zuten industriaurreko maila. Lehen aldia da hiru urteko aldi batek muga hori gainditzen duela, eta 2015eko Parisko Akordioan zehaztutakoaren baitan, gainditu beharko ez litzatekeen muga bat da. “Ez genuen 1,5 graduko hiru urteko batez bestekoa gainditu nahi”, adierazi du Mauro Facchini Europako Batzordeko kideak. Carlo Buontempo, Copernicuseko Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, irmoa da: “Azken 11 urteak inoiz erregistratu diren beroenak izateak klima beroagorako joeraren froga argia ematen du”.