Egilea: Jose Poza
Argazkia: irekia.euskadi.eus
Hitz kopurua: 362
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Labayru Fundazioak lexikografia arloko programak finantzatzeko eta bizkaieraren corpusa sustatzeko lankidetza-hitzarmen berri bat adostu dute. 2025-2028 aldian indarrean izango den akordio berriak hiru erakundeen arteko elkarlanerako oinarri orokorrak ezartzen ditu eta 25 urtez luzatu den lankidetzaren jarraipena da.
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburu Aitor Aldasorok, Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Leixuri Arrizabalagak eta Labayru Fundazioaren zuzendari Igone Etxeberriak sinatu dute bi helburu nagusi dituen akordio berria.
Teknologia linguistikoan aurrera egiteko baliabideak
Akordioan jasotako ekintzen artean, Labayru Fundazioak bere corpusa partekatuko du Eusko Jaurlaritzarekin. Corpus horiek eskuratzeak aukera emango du horiek etiketatzeko, kode irekian oinarritutako ereduak sortzeko, hizkuntza-teknologiak sortzen dituzten erakundeen eskura jartzeko eta hizkuntza-teknologien industria sustatzeko. Horrela, euskara hizkuntzaren teknologietan integratzen eta aplikazioak eta tresnak erabiltzaileen eskura jartzen jarraituko da.
Ildo berean, Labayruk unibertsitateekin eta bestelako erakunde akademikoekin ere lan egingo du linguistika arloko ikertzaileen formakuntzan laguntzeko. Jarraipen Batzorde bat izango da aurreikusitako ekintzak bete diren ala ez aztertzeko eta gastuen jarraipena egiteko.
Bizkaieraren gramatika
Labayru Fundazioak jada bere lexikografia eskaintzen du Interneten eta datozen egunetan bizkaieraren gramatika ere izango da eskuragarri. Igone Etxeberriak azaldu duenez, “euskararentzat eta euskal herriarentzat euskara orokorrari bizkaitarretik egiten diogun ekarpena oso garrantzitsua dela uste dugu, bertako euskarari lekua ematen baitiogu”.
Aldasoro sailburuak, berriz, euskalkiak zaintzea, kasu honetan, bizkaiera, euskara batuaren eta tokikotasunaren garrantzia aitortzea dela azaldu du.
25 urteko lankidetza
Leixuri Arrizabalaga foru diputatuak hiru erakundeen arteko lankidetza eta konpromisoa azpimarratu ditu. Bere ustez, ukaezina da Labayru Fundazioaren ibilbidea “oso emankorra” izan dela eta “bizkaieraren lanketarai eta bultzadari egiten dion ekarpena handia izan dela”.
Labayru Fundazioa 1977. urtean eratu zen euskara eta euskal kultura ikertzeko, sustatzeko eta zabaltzeko. Bere jarduera hainbat esparrutan garatzen da, hala nola irakaskuntza, itzulpengintza, herri-ondarearen bilketa, euskararen erabilera normalizatzeko planak, etnografia, lexikografia, toponimia… Gainera, euskara mintzatuaren erreferentziazko erakundea da Bizkaian eta alfabetatze eta euskalduntze eskolak, itzulpenak, euskararen erabilera planak uztartzen ditu.
Gaika antolatuta dagoen Euskal Biblioteka ezinbesteko osagarria da lan horretarako, eta Euskal Herriari, bere hizkuntzari eta inguruko lurraldeei buruzko ondare bibliografiko eta dokumental baliotsua gordetzen du: liburutegia, hemeroteka, dokumentu-artxiboa, argazki-artxiboa, ikus-entzunezko funtsa, kartelak eta bestelako dokumentazioa, besteak beste liburuxkak, pegatinak, egutegiak…







