Bilbok 25 pisutara zabaldu du ikasleentzako alokairu solidarioko programa

Pisuak hilean 55 euroren truke alokatu daitezke Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean boluntariotza lanak egitearen truke

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 503
  Irakurketa denbora: 3 Minutu

Imajinatu graduondo ikasketak egiten ari zarela eta Bilbon bizi ahal duzula hilean bakarrik 55 euroko alokairua ordainduta. Itxura onegia du eia izateko, baina posible da aurten bere XVI. edizioa betetzen duen ‘Gazte Solidarioak’ programari esker. Gainera, programak nobedade garrantzitsu bat izango du aurten, bost pisu berri izango baitira aukeran, 20tik 25era pasatuz.

Bilboko Udal Etxebizitzak-ek sustatzen duen egitasmo honek partekatutako ostatua eskaintzen die graduondoko ikasleei prezio sinboliko baten truke. Prezio hori lortzeko ikasleek bizi diren auzoetan, hots, Otxarkoagan edo Bilbo Zaharrean, komunitateari laguntzeko lanak egiteko konpromisoa hartzen dute.

Bost pisu berri

Esan bezala, programak bost etxebizitza edo pisu berri eskainiko ditu aurten. Horietako bi Otxarkoagako Txotena kalean daude eta beste hirurak, berriz, Conde de Aresti egoitzak Bilboko Udal Etxebizitzak-i programa honetarako berariaz utzitako beste hiru pisu izango dira. Eskaintzen diren 25 pisuen bidez , ikasturte honetan, guztira, 53 izango dira programan parte hartzeko aukera izango duten graduondoko ikasleak.



Horietatik guztietatik, gehienak (37) EHUko ikasleak dira. Deustuko Unibertsitateko ikasleak 7 izango dira, IED Kunsthalekoak 5 eta Mondragon Unibertsitatekoak 4. Parte-hartzaileen batez besteko adina 26 urtekoa da eta genero aldetik oreka handia dago, parte-hartzaileen % 53 emakumeak baitira eta % 47 gizonak.

Gazte Solidarioak

Udal etxebizitzak partekatutako alokairuan eskaintzen dira pertsona bakoitzeko hilean 55 euroren truke. Kopuru horri argiaren eta uraren gastuak gehitu behar zaizkie. Etxebizitzak guztiz ekipatuta daude.

Prezio hori hain merke izateko, ikasleek, trukean, bizi diren auzoetan talde zaurgarrienen alde egiten diren komunitate-proiektuetan lagundu behar dute. Aurtengo edizioan hemeretzi dira programarekin elkarlanean arituko diren elkarteak, zazpi Otxarkoagakoak eta 12 Bilbo Zaharrekoak.



Yolanda Díez Etxebizitzako zinegotzi eta Udal Etxebizitzak erakundeko presidenteak nabarmendu duenez, “iaz iragarri genuen bezala, etxebizitza-kopurua handitu dugu programa honetan, balio handiko ekimen honekin dugun konpromisoaren ondorioz”. Ildo horretan, Yolanda Díezek azpimarratu duenez, “honelako programek, unibertsitate-prestakuntza garatzen laguntzeko bizitoki-baliabide bat emateaz gain, Bilbora talentu gaztea erakartzeko dugun konpromiso soziala indartzen dute, gazteak denbora horretan bizi diren komunitatearen garapenean integratuz”.

Era berean, zinegotziak nabarmendu du programak hainbat helburu sozial betetzen dituela aldi berean: gazteei etxebizitza prezio sinbolikoan eskaintzea, unibertsitateko prestakuntza osa dezaten, eta bizi diren auzoko baliabide gutxien dituzten pertsonei laguntzeko lanetan inplikatzea, horiek arreta eta laguntza handiagoa izan baitezakete.

Unibertsitateen babesa

Programaren aurtengo edizioaren aurkezpen-ekitaldian programan parte hartzen ari diren lau unibertsitateetako ordezkariak izan dira. EHUren ordezkaria Bizkaiko Campuseko errektoreorde Estitxu Garai izan da. Bere hitzetan, “Bilboko Udalak graduondoko ikasleen eskura jartzen dituen etxebizitza horietan bizitzea eskatzen dutenentzako bizitegi-irtenbideaz gain, Euskal Herriko Unibertsitateak sustatzen dituen gizarte-konpromisoaren balioekin bat egiten duen ekimena da”.



Deustuko Unibertsitatea ordezkatzen Iraia Eizmendi eta Nekane Garatea izan dira, IED Kunsthal ordezkatzen Gaizka Zuazo zuzendaria eta Mondragon Unibertsitatea ordezkatzen Mondragon Team Academy-ko team coach Naiara Igarabide.

Pisuen funtzionamendua

Programaren funtzionamendua azaltzeko Conde Aresti egoitzak utzitako pisu bat bisitatu dute antolatzaileek. Bertan bizi diren ikasleek Zahartze Osasuntsuari eta Bizi Kalitateari buruzko masterra egiten ari dira EHUn, eta egoitzan egiten dute boluntario-lana, adinekoei lagunduz.

Adibide ezin hobea da programak nola lotzen duen prestakuntza akademikoa konpromiso komunitarioarekin: ikasleek zahartze osasuntsuari buruz ikasten dute beren ezagutzak praktikan jartzen dituzten bitartean, gehien behar dutenei lagunduz.