Poluitutako airea arnasten dugu

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, munduko ia biztanleria osoak (% 99k) poluitutako airea arnasten du. OMEren eta Europako Ingurumen Agentziaren azken estimazioen arabera, 2020an 300.000 heriotza goiztiar inguru gertatu omen ziren Europako herrialdeetan airearen kalitate txarragatik.

Arnastea. Arnasa hartu eta arnasa bota. Etengabe eta pentsatu gabe egiten dugun ekintza sinple horrek bizirik mantentzen gaitu. Airea ezinbestekoa da Lurrean bizi diren izaki gehientzat; bizitzeko beharrezkoa dugun oxigenoa ematen digu gizakioi eta baita beste animaliei eta landareei. Horregatik garrantzitsua da arnasten dugun aire hori garbi egotea. Baina, zoritxarrez, kasu gehienetan, arnasten dugun airea poluituta dago. Adibidez, pasa den irailaren 6an, Bilboko Udalak eta Donostiako Udalak Saharako basamortutik iritsitako hautsa zela eta aire zabalean ahalegin fisiko handiko jarduerarik ez egitea gomendatu zuten.

Airearen poluzioa oso arriskutsua izan daiteke gure osasunerako. Hori, nagusiki, airera isurtzen diren produktu kimiko kaltegarrien ondorioa da, bereziki, fabrika eta bestelako industrietatik. Poluzio horri gizakiok etengabe sortzen dugun zaborra gehitu behar zaio.

Arnasten dugun airearen kalitatea hobetzeko eta poluzioaren kontra borrokatzeko jardunbide egokiak eta ikerketa sustatzeko, 2020. urtean Nazio Batuen Erakundeak irailaren 7a Aire Garbiaren Nazioarteko Eguna izango zela erabaki zuen. Aurtengo ediziorako aukeratutako leloa “Elkarrekin aire garbi baten alde” izan da.

Arriskuak

Aire kutsatua duten eremuetan bizi diren pertsonek arnas gaixotasunak, gaixotasun kardiobaskularrak eta bestelako gaixotasunak izateko arrisku handia dute. Horrek pertsona horien bizi-kalitatea ahultzen du eta, etorkizunera begira, aukerak mugatzen dizkie. Mundu osoan, diru-sarrera txikiko eskualdeetan kalteberak diren komunitate askok beren etxeak utzi behar izaten dituzte sarritan ingurumenaren degradazioa eta egokitzeko baliabiderik eza direla eta.

Behartutako lekualdatze horiek ‘migrazio klimatikoa’ izenarekin ezagutzen dira eta, giza eskubideen ikuspegitik, erronka handiak planteatzen ditu. Adibidez, Amnesty International erakundeak azpimarratzen duenez, “aire garbia eta osasuntsua izatea giza eskubide bat da, bizitzaren eta osasunaren zaintzarako funtsezkoa den ingurumen garbi, osasuntsu eta jasangarri bati berez lotuta baitago”.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduko ia biztanleria osoa (% 99) aire poluituta arnasten ari da. Poluzio atmosferiko horrek urtero zazpi milioi heriotza goiztiar inguru eragiten ditu. Erakunde berak azpimarratzen duenez, 2050. urterako poluzioa murrizten ez bada, kopuru hori bikoiztuko da.

Aipatu ondorio horiek guztiak are larriagoak dira garapen bidean diren herrialdeetan bizi diren talde zaurgarrien kasuan. Hor aurkituko lirateke, adibidez, emakumeak, haurrak eta adineko pertsonak eta, bereziki, diru-sarrera oso baxuak dituzten eta egurrez edo kerosenoz egindako sukalde- eta berokuntza-sistemak erabiltzen dituzten pertsonak.

2030 Agendaren barruan argi eta garbi zehazten da poluzio atmosferikoa murriztea ezinbesteko aldagaia dela Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) lortzeko.

25.000 heriotza goiztiar urtean

Azken urteetan, Europako ia biztanle guztiak poluitutako airea arnasten egon gara. Izan ere, Europako eskualde gehienetan arnasten den aireak ez ditu Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatzen dituen gutxieneko estandarrak betetzen. Europako Ingurumen Agentziak jada egoera salatu du eta, Espainiaren kasuan ere, Ecologistas en Acción/Ekologistak Martxan taldeak urtero argitaratzen ditu airearen kalitateari buruzko txostenak.

Poluitutako airea arnasten dugu

Horrela, 2021. urteko datuen arabera, eskualdeen % 86,7tan airearen kalitateak PM 2,5 delakoentzat (erregai fosilak erretzean sortzen diren partikula finak) OMEk ezarritako baloreak gainditu zituen. Eremuen % 62tan, berriz, ez zen errespetatu urteko nitrogeno dioxidoaren (NO2) balorea. Ekologistak Martxan taldeak uda honen hasieran kaleratu duen txosten baten arabera, Espainiako lurraldearen % 92 eta biztanleria osoa kutsadura-maila osasungaitz baten eraginpean izan ziren 2022. urte osoan zehar. 

Airearen kalitate baxuak ondorio negatiboak ditu gure osasunean. Europako Ingurumen Agentziaren eta OMEren azken estimazioen arabera, poluzio atmosferikoak osasun-mailan izan duen eragina maila oso kezkagarrietara iritsi da. Adibidez, bi erakunde horien ustez, airearen kalitate eskasagatik Europan 300.000 heriotza goiztiar eman ziren 2020an. Espainian, kutsaduraren biktimak 25.000 izan omen ziren urte horretan, 17.000 2,5 mikra baino gutxiagoko diametroko partikulengatik (PM 2,5), 4.800 nitrogeno dioxidoagatik (NO2) eta 2.400 ozono troposferikoarekiko esposizioagatik.

Izan ere, kutsadura-partikula ñimiño eta ikusezinak sakonki sartzen dira gure biriketan, odol-uholdean eta gorputzean. Kutsatzaile horiei zor zaizkie adibidez, istripu zerebrobaskularrak, arnas gaixotasun kronikoek eta biriketako minbiziak eragindako heriotzen herena, gutxi gorabehera, baita bihotzekoak eragindako heriotzen laurdena ere.

Kutsatzaile ezberdinen eta eguzki-argiaren elkarrekintzaren ondorioz sortutako ozono troposferikoak, berriz, asma eta bestelako arnas gaixotasun kronikoak eragiten ditu.

Klima-aldaketa eta airearen kalitatea 

Munduko Meteorologia Erakundeak (World Meteorological Organization-WMO) azpimarratu duenez, klima-aldaketaren eta airearen kalitatearen arazoak ezin dira bananduta aztertu eta, hortaz, biak arazo bakarra izango balira bezala tratatu behar dira. Bero-boladek airearen kalitatea okerragotzen dute, ondorio negatiboak dituzte gizakion osasunean eta ekosistemetan, eta gure egunerokotasuna baldintzatzen dute.

“Klima-aldaketarekin batera bero-boladen maiztasuna eta intentsitatea hazi da. Muturreko tenperatura horiek, baso-suteekin eta basamortuko hautsarekin batera, eragin handia dute airearen kalitatean, gizakion osasunean eta ingurumenean” ohartarazi du hil honetan bertan klimaren eta airearen kalitatearen inguruan argitaratu den WMO-ren azken buletinak.

“Zuzeneko harremana dago bero-boladen eta baso-suteen artean. Sute horiek eragiten duten kean diren hainbat osagaik, airearen kalitateari eta gizakion osasunari eragiteaz gain, landareak, ekosistemak eta laboreak ere kaltetzen ditu. Gainera, karbono-emisio gehiago eragiten ditu eta, ondorioz, berotegi-efektua eragiten duten gas gehiago isurtzen dira atmosferara” azaltzen du WMOren kide den Lorenzo Labrador-ek.

Airearen kalitatea eta klima elkarri lotuta daude, biei eragiten dieten elementu kimikoak ere elkarri lotuta daudelako, kasu gehienetan klima-aldaketaren eta airearen kalitatearen degradazioaren erantzule diren substantziak iturri berberetatik igortzen direlako eta, batean ematen diren aldaketek, ezinbestez, aldaketak eragiten dituztelako bestean. Adibidez, erregai fosilak erretzen direnean karbono dioxidoa (CO2) eta nitrogeno dioxidoa (NO2) isurtzen dira atmosferara. Horrek ozono eta nitrato aerosolak sortzea eragin dezake. Modu berean, nekazaritza-jarduera batzuk berotegi-efektuko gasa den metano-iturri garrantzitsuak dira, eta amoniakoa ere igortzen dute, gero airearen kalitatean eragin negatiboa duten amonio-aerosolak eratzen dituztenak.

Airearen kalitate txarrak, era berean, ozeanoen oxigeno-hornidura murrizten du eta ekosistemen osasunari eragiten dio, landareek airearen kutsatzaileak xurgatzen dituztelako, hala nola nitrogenoa, sufrea eta ozonoa, eta horrek ingurumenari kalte egiten dio eta laboreen errendimendua murrizten du.

Hego Euskal Herrian

Ekologistak Martxan kaleratu duen txostenaren arabera, pandemiak suposatu zuen etenaldiaren ostean, EAEn eta Nafarroan airearen kalitateak nabarmen egin du behera. Ozono troposferikoaren, PM10 eta 2,5 partikulen eta nitrogeno dioxidoaren mailek gora egin zuten 2022an eta OMEk gomendatutako baloreak gainditu zituzten.

Poluitutako airea arnasten dugu

Nafarroan, azken urteetan airearen kalitatea nabarmen hobetu den arren, pasa den urtean, oraindik ere, OMEk ezarritako kalitate-gomendioak betetzen ez zuen airea arnastu behar izan zuten nafarrek. Nafarroako biztanleriaren % 71 inguruk (ia milioi erdi biztanle) Europako Batzordeak ezarritako muga legal berriak gainditzen zituen aire poluitua arnastu behar izan dute. Nafarroako lurraldearen bi herenek (6.500 kilometro koadro) landareak kaltetzen dituzten poluzio mailak jasan behar izan dituzte.

Poluitutako airea arnasten dugu

Euskadin ere airearen kalitateak hobera egin du azken urteetan, baina Nafarroan bezala, 2022an EAEko biztanleria osoak, OMEk ezarritako baloreen arabera, osasunerako kaltegarria den poluitutako airea arnastu behar izan zuen. Ia 1,6 milioi euskal herritarrek (biztanleriaren % 70) jasan zituzten Europako Batzordeak proposatutako legezko muga berrien gaineko kutsadura-mailak.