Maitane Urizar: “Haurren sexu-abusuak saihesteko modurik egokiena hezkuntza afektibo-sexuala da”

Haur eta Lehen Hezkuntzan graduatua eta haur eta gazteen kontrako sexu-abusuei buruzko ikertzailea.

Zein da sexu-abusuaren eta sexu-erasoaren arteko aldea?

Funtsean gauza bera lirateke. Estatuan, indarrean zen legean egiten zen bereizketa bat da eta abusua indarkeria fisikorik gabe ematen den erasotzat ulertzen zen. Nazioartetik bereizketa hori kendu behar zela azpimarratu zitzaion espainiar estatuari eta pasa den urtean indarrean sartu zen lege berrian bereizketa hori desagertu da. 

Haurrek jasaten duten sexu-abusuetan indarkeria erabili ohi da?

Izan liteke, baina ez da ohikoena. Botere-harremanak izaten dira eta hertsadura erabiltzen denez ez da indarkeriaren beharrik izaten. Sexualitatea erabiltzen da haur edo nerabe horrengan eragin negatibo bat izateko.

Haurren sexu-abusuaren kasuan, garbi izan behar dugu zertaz ari garen. Abusu horiek, nagusiki, manipulazioan oinarritzen dira. Erasotzaileak biktima manipulatzen du eta diskurtso bat ematen dio. Haurrek diskurtso hori bereganatzen dute ez dutelako konnotazio sexuala ulertzen eta erasotzaileak horretaz baliatzen dira.

Gerta daiteke heldu baten eskutik ematea edo gerta daiteke beste haur baten eskutik ematea. Baina gertaera horrek, printzipioz, eragin bat izango du biktiman. 

Adinaren aldagaia faktore esanguratsua al da haurren sexu-abusuen kasuan? Hau da, gauza bera al da bost urteko haur baten kasuan edo 15 urteko baten kasuan?

Horrelako eraso bat izan denean zaila da zehaztea zer den larriagoa edo zer ez den hain larria. Azken finean sexu-abusu baten biktima batek egoera hori nola bizi izan duen gauza guztiz subjektiboa da. Eta hori ez da soilik adinarekin ematen. Adibidez, ez dago inolako ebidentziarik bortxaketa batek ukituak baino ondorio larriagoak sortzen dituenik. Jakin badakigu zuzeneko eragina duela detekzioaren ondoren egiten den esku-hartze edo harrera motan. Horrek bere eragina du, ez hainbeste egoerak berak. Mito bat da, eta bortxaketa batek, printzipioz, ez du ukituek baino ondorio larriagorik izango. Hori esanda, haurren kasuan sexu-abusuko egoera gehienak ukituak dira.

Bestalde, adinari dagokionez ere uste faltsu asko ditugu buruan sartuta, uste baino gehiago eragiten digutenak, batez ere nerabeei dagokienez. Adibidez, ulertu ahal dugu arazorik gabe lau urteko haur batek bere erasotzailea maitatzea, ikusi nahi izatea. Baina biktima 17 urte dituen neska bat denean zailagoa egiten zaigu hori ulertzea. Eta funtsean, mekanismoa bera da. Erasotzailea ez da leloa eta haurren behar emozionalak antzematen daki. Horregatik biktima aukeratzen du eta manipulazio prozesu bat hasten du biktima engainatzeko.

Haurrek jasaten dituzten abusuen problematika ezkutuan geratu ohi den problematika da. Ba al da horren inguruko daturik?

Gure gizartean tabu izugarri bat dela esan daiteke. Duela urte batzuetatik hona aurrerapauso handiak eman dira, baina, hala ere, biztanleria orokorrari buruz hitz egiten dugunean, abusu sexualek bost haurretik bati eragiten diotela ikusi da. Hortaz, arazo larri baten aurrean gaude. Zaurgarritasun-maila handiagoa duten kolektiboetan kopuru horrek gora egiten du. Azken finean, horrelako abusuak egiten dituzten helduak ez dira zoroak eta badakite non izan dezaketen aukera gehiago. Adibidez, eta nahiz eta kolektibo horren inguruan ikerketa nahiko egin ez diren, desgaitasuna duten bi neskatoetatik batek sexu-abusuak jasan dituela uste da; eta, mutilen kasuan, berriz, hirutik batek.

Ba al da horrelako abusuak hautemateko modurik? Kasu gehienak eremu pribatuan ematen dira eta biktima asko ez dira konturatzen biktimak direnik ere…

Hezkuntza afektibo-sexual egoki bat litzateke erasotzaileak biktimari ematen dion diskurtsoari aurre egiteko modurik eraginkorrena. Izan ere, erasotzaileak biktimari diskurtso bihurri bat ematen dio, adibidez, ‘hau familia guztietan gertatzen da’, ‘maite zaitudalako egiten dut’, ‘jolas bat baino ez da’ edo ‘nik irakatsiko dizut genitalak ondo garbitzen’ bezalako mezuak emanez. Haurrek egoera horretan entzuten dituzten mezuak horrelakoak dira eta ondorioz, zaila dute jakitea zer dagoen ondo eta zer ez.

Kasuistikak askotarikoak izan daitezke, baina kontuan izan behar dugu kasu gehienetan biktimek ez dutela bere burua biktimatzat ikusten. Egoera normaltasunez bizi dute, manipulatuta daudelako. Noiz hasten dira arazoak? Biktimak benetan gertatu denaz jabetzen direnean. Adibidez, nerabezaroan sexualitatea lantzen hasten dira eta gauzak beste modu batera ikusten hasten dira. Normaltzat jotzen zuten hori normala ez dela ikusten dute; ez da familia guztietan gertatzen, ez da jolas bat, etab. Funtsean engainatuak izan direla ulertzen dute.

Baina zaila izan behar du zure familiaren kide bat edo gertuko pertsonaren bat salatzea…

Bai, noski. Erasoa gertuko pertsona batek egiten duenean arazoa korapilatzen da, nolabait gure gizartean familiak instituzio bat izaten jarraitzen duelako. Antzematen diren haurren sexu-abusu kasu gehienak familia barruan izaten dira. Irakaslea, entrenatzailea edo apaiza abusatzaileak diren kasuak gutxiengoa dira, baina, bitxia bada ere, gizartean oihartzun handiena dutenak dira. Badirudi familiak, instituzio gisa, ukiezina izaten jarraitzen duela. Zoritxarrez, familia emakume eta haurrentzako arrisku-eremu nagusia izan da eta hala izaten jarraitzen du. 

“Antzematen diren haurren sexu-abusu kasu gehienak familia barruan izaten dira. Zoritxarrez, familia emakume eta haurrentzako arrisku-eremu nagusia izan da eta hala izaten jarraitzen du”

Baina bai, erasotzailea familiako kide bat denean eta arazoa azaleratzen denean horrek, nolabait, gure bizimoduaren oinarriak astintzen ditu. Horregatik, horrelako abusuek eragiten duten emozio nagusietako bat lotsa da. Lotsa gizartearen aurrean biktimarentzat eta biktima hori babestu behar zuten horientzat ere. Egiturazko edo sistematizatutako babes-sistemarik ez badago, gizabanakook ezin izango ditugu biktimak babestu.

Zein nolako ondorioak izaten dituzte sexu-abusuak jasan dituzten haurrek?

Askotarikoak, azken finean, biktima adina ondorio daudelako. Haur guztiek ez dituzte berdin bizitzen egoera horiek. Adibidez, horrelako kasuetan ohikoa izaten da elikadura-jokabidearen nahasmenduak izatea, obesitatea edo anorexia. Baina ez dago ikerketarik esaten duena biktima batek, esaterako, fibromialgia pairatuko duenik, oso ohikoa dena biktimetan. Egia esan, ikusi da arazo horrek ez duela zuzeneko loturarik ondorio zehatz batzuekin. Errepikatu ohi diren beste ondorio batzuek harremana dute kontsumoekin eta adikzioekin. Horrela, printzipioz, sexu-abusuak jasan dituen haur batek arazo gehiago izango ditu adikzio horien tratamenduan.

Sexu-abusuak pairatu dituzten haurrek arazoak izaten al dituzte heldutasunean haien bizitza sexualean?

Azaldu dudan moduan biktima bakoitzak oso modu ezberdinean bizitzen ditu abusu egoerak. Hala ere, sexu-harremanetan baino, ondorioak harreman afektiboetan argiago antzeman daitezkeela esango nuke, emozioak tartean sartzen direlako. Hortaz, alderdi sexualean baino, arazoak alderdi emozionala sartzen den unean hasiko lirateke.

Sexu-abusuen biktima izan den haur batek etorkizunean erasotzaile bihurtzeko aukera gehiago dituela esan ohi da. Zenbateraino da egia baieztapen hori?

Baieztapen hori guztiz okerra da; mito bat da eta kalte handia egiten die biktimei. Horrelako baieztapenek ez dituzte biktimak laguntzen, ostera, kalte handia egiten diete. Gainera, baieztapen hori datu argi batekin ezezta daiteke: biktima gehienak neskak dira eta erasotzaileak, berriz, gizonak.

Erasotzaileak aipatu dituzu. Zein nolako profila dute? Eraso gehienak eremu pribatuan ematen dira, sarritan familiaren barruan…

Oso zaila da erasotzaile bat aurrez identifikatzea ez baitago profil zehatz bat. Funtsean ‘normala’ den edo dirudien edonor izan liteke erasotzailea, genero biolentziako erasotzaileekin gertatzen den antzera. Horregatik, horrelako abusuak hautemateko ezinbestekoa da haurrak berak horren berri ematea. Sarritan pentsatzen da horrelako abusuak ezinezkoak direla familia eredugarri bat dirudielako, baina edozein familiatan gerta liteke.