Irakurketa denbora: 2 Minutu
Udan izaten diren eraso sexistetako asko jaietako espazioetan gertatzen dira. Eraso horiek saihesten laguntzeko, Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta EUDELekin batera, bereziki gazteei zuzendutako kanpaina bat jarri du martxan “Eraso sexistarik gabeko jaiak” lelopean. Beldur Barik programaren barruan antolatutako kanpaina honen helburua da herrietako jaietan errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarduerak bultzatzea. Gazteengana iristeko, kanpaina, nagusiki, sare sozialetan eta irratietan garatuko da.
Beldur Barik gida
Kanpaina berriaren elementu nagusia udal guztietan banatuko den gida bat da. Gida horrek errespetu-eremuak sortzeko jarraibideak eta eraso baten aurrean biktimek zein lekukoek jarraitu behar dituzten urratsak biltzen ditu. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak kanpainaren aurkezpenean azaldu duen moduan, “azken helburua da pertsona guztiek jaiak beldurrik gabe eta askatasunean gozatu ahal izatea. Pertsona guztiekiko errespetua bermatzea, ezerk ez baitu justifikatzen eraso matxista bat”.
Gidaren hasieran, eraso sexistaren definizioa jasotzen da. Funtsean, sexu-askatasunaren aurkako jokabide guztiak erasoak direla azpimarratzen da, baita indarkeria erabiltzea ez dakartenak ere.
Bigarren atal batean, jaiak antolatzen dituzten talde eta pertsonentzako zenbait gomendio eta jarraibide zehazten dira, prebentziorako eragile nagusiak direlako.
Hirugarren atalak biktima zein lekukoentzako jarraibideak zehazten dira. Adibidez, biktimen kasuan, laguntza eskatzea eta intuizioaz fidatzea gomendatzen da. Lekukoen kasuan, biktima bakarrik ez uztea eta bere erabakiak errespetatzea eskatzen da.
Dekalogoa
Gidaren atal garrantzitsu bat dekalogoa da. Atal horretan, hamar puntutan, sexu-eraso baten inguruko ideiak nagusiak jasotzen dira, hala nola baimenaren garrantzia, alkoholaren edo beste substantzia batzuen kontsumoak ez duela erantzukizunetik salbuesten eta laguntza eskatzearen eta eskaintzearen garrantzia.
Nafarroan
Nafarroako Gobernuak ere jai-inguruetan harreman afektibo-sexualetan tratu ona sustatzeko eta emakumeen eta eta sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako indarkeria prebenitzeko kanpaina bat jarri du martxan. ‘Nafarroan…Gozatu, partekatu eta errespetatu’ leloa duen kanpainaren xedea da berdintasunezko harremanak sustatzea, bereziki, jai-ekitaldiak ugaritzen diren eta aisialdian pertsonen arteko elkarrekintzak areagotzen diren egunetan.
Kanpainaren irudietan, gazteak ageri dira taldean edo bikoteka, jai-inguruetan gozatzen, gozamen osasuntsu batean. Lelo nagusiaz gainera, diseinatutako kartelek errespetuzko harremanak aldarrikatzera bideratutako hainbat baieztapen biltzen dituzte. ‘Gehien erakartzen nauena? Ez dezagula ezer ziurtzat eman noski’; ‘Zure laztanek nire onetik ateratzen naute. Ezin gehiago errespetatzen zaitut’; edo ‘Nire posturatik gogokoena? Zero presio’ dira jai-garaiari buruzko hausnarketa sustatzeko aukeratu diren hiru esaldiak zein jadanik herri batzuetan hasi den eta uda osoan zehar luzatuko den.








