Harreman batetik beste batera: monogamia serialaren etengabeko zikloa

Monogamia seriala tradizionala bezalakoa da, biana bizitza osoan zehar bikotekide bakarra izan beharrean, jarraiko konpromisoak izaten dira

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Dakizuenez, bikoteko kideek beste pertsona batzuekin sexu-harremanik ez izateko konpromisoa hartzen duten harreman mota bat da monogamia. Ohiko harreman monogamoetan bikotekide bakarra izan ohi da bizitza osoan zehar, baina artikulu honetan beste monogamia mota bati buruz hitz egingo dizuet: monogamia seriala. Funtsean, monogamia serialak ohiko monogamiaren ezaugarriak ditu, baina bada ezberdintasun esanguratsu bat. Izan ere, monogamia tradizionalak bizitza osorako kide bakar batekin esklusibotasuna eskatzen duen bitartean, monogamia serialak jarraiko konpromisoak dakartza bikote desberdinekin.

Monogamia seriala

Monogamia seriala arrazoi ezberdinen ondorioz eman daiteke. Adibidez, arrazoi nagusietako bat konpromisoarekiko beldurra da. Zenbait pertsona epe luzerako konpromisoen beldur dira. Beldur hori iraganeko esperientzietatik, norberaren identitatearen galerari buruzko beldurretik edo segurtasun falta pertsonaletatik sor daiteke. Kontua da pertsona horiek harreman laburragoak bilatu ohi dituztela.



Monogamia serialerako beste arrazoi bat ‘pertsona perfektuaren’ etengabeko bilaketa da. Bilaketa horrek iraupen laburreko harremanak izatera bultzatzen du, sarritan oso inpultsiboak, perfekzio-itxaropena betetzea zaila izan baitaiteke.

Gainera, asperdura eta errutina gustuko ez dituen gizarte batean bizi gara eta, ondorioz, etengabeko estimulu azkarren behar horrek harreman monogamo serialak izatera bultza gaitzake. Izan ere, bikotekidea aldatuz pertsona batzuek beren maitasun-bizitzetan emozioa eta berritasuna mantentzea bilatzen dute, batzuetan harreman sendo eta iraunkor baten eraikuntzari dagozkien erronkei aurre egin gabe.

Harreman monogamo serialak ohikoak dira gatazkei aurre egiteko arazoak dituzten pertsonen artean ere. Hau da, lehen arazoak azaltzen direnean horiei aurre egin beharrean nahiago dute beste bikotekide bat bilatzea. 



Posible al da monogamia serialaren zikloa apurtzea? Printzipioz, bai, baina zenbait alderdi landu beharko lirateke. Lehenik eta behin, horrelako harremanak izateko arrazoien inguruko hausnarketa egin behar da. Ikusi dugun moduan, arrazoiak ezberdinak izan daitezke: beldurra, segurtasun eza, berritasunen etengabeko bilaketa… Arrazoi bakoitzaren baitan irtenbidea ezberdina izango da. Hainbat kasutan, gainera, laguntza psikologikoa ere behar izango da, adibidez, beldur edo segurtasun eza horiek lantzeko. Arrazoia ‘pertsona perfektua’ bilatzea bada, garrantzitsua izango da espektatiba errealistak ezartzea eta lan egitea harreman bat bera ere perfektua ez dela ulertzeko. 

Lohizune Loroñp