Irakurketa denbora: 2 Minutu
Alboanen, uste dugu herritarrek parte hartzeko funtsezko modu bat dela boluntariotza, eta gizartea eraldatzeko konpromisoa eta elkartasuna erakusten dituela. Apustu instituzional argia da, eta horregatik babesten eta laguntzen ditugu boluntariotza-prozesuak, direla bertan –Euskadiko eta Nafarroako gure bulegoetan–, direla nazioartean.
Baina, zertan datza nazioarteko boluntariotza-esperientzia bat?
Nazioarteko boluntariotza-esperientzien bidez, kultura justuagoa eta solidarioagoa sustatzen da. Esperientzia bat baino askoz gehiago da, beste kultura eta herrialde batzuk ezagutzea baino gehiago. “Hegoaldearekin” topo egitea da: gonbidapen bat, haren sinpletasunetik eta hango errealitatearen eta jendeen entzute aktibotik bizitzeko. Esperientzia horiek mugarri bat dira parte-hartzaileen bizitzetan. Esperientzia “exijenteak” dira, berez eskatzen baitute besteentzat prestu eta irekita egotea, eta parte-hartzaileak eraldatzen dituzte, itzultzean justizia sozial handiagoa sustatzen baitute norberaren aukeretan (bizimodua), konpromisoan eta eraldatzeko grinan (aldaketa-eragileak).
Alboanek iraupen luzeko Pedro Arrupe nazioarteko boluntarioen programa sustatzen du (VOLPA): Latinoamerikan edo Afrikan ditugun kokalekuetako batean urtebetez edo bi urtez bizitzeko aukera ematen du, boluntarioarentzat nahiz harrera-komunitatearentzat eraldatzaileak diren esperientziak izateko.
22 urte baino gehiago badituzu eta errealitate berriak ezagutu nahi badituzu, jarraitu irakurtzen…
Alboanen ustez, herritarrek parte hartzeko aukera bat da boluntariotza, baita herritartasun aktiboa sustatzeko espazio bat ere, askotariko ikuspegiak eta espirituak eskaintzen baititu. Horretarako, mundu osoko erakundez eta pertsonez osatutako sare batekin bat egin du Alboanek, mundu justuagoa, abegikorragoa, jasangarriagoa, berdintzaileagoa eta inklusiboagoa lortzeko.
Pedro Arrupe nazioarteko boluntarioen programak (VOLPA), elkartzeko bideak ahalbidetzen ditu, herri eta jendeen arteko hurbiltasun pertsonalaren bitartez. Prestakuntza-, laguntza-, trebakuntza- eta hausnarketa-aldi baten ondoren, boluntarioak urtebetez edo bi urtez batzen dira proiektu horietako batera. Itzultzean, zenbait jarrera, trebetasun eta gaitasun barneratu dituzte boluntario horiek; haiei esker, beren jatorrizko errealitateak aldatzeko eragile bihurtzen dira.
Prozesu osoan eskaintzen da laguntza: aldez aurreko prestakuntza-prozesuan, esperientzian zehar eta itzulitakoan. Bidaia osoan zehar, norbait izango duzue lagun. Alboan elkartearekin lotutako pertsonak dira, Hegoaldean denbora luzez bizi izan direnak. Esperientzia horretan, bi aldeak eraldatzen dituen elkartze-esperientzia bat bizitzen da. Alboanek prozesu horretan duen zeregina “zubiak eraikitzea” eta zuekin egotea da. VOLPA esperientziaren ahalmen eraldatzailea ez da denboran agortzen; izan ere, itzulitakoan, agente eraldatzaile indartsua bihurtzen da boluntarioa. Xaloki esanda: bizitza aldatuko dizun esperientzia bat da, eta ez zaitu epel utziko.
Esperientzia hori bizitzea pentsatzen baduzu, jarri harremanetan Alboanekin
helbide honetan: voluntariado@alboan.org







