Belaunaldi gazteen hizkuntza ohituretan eragitea helburu duen Euskarabenturaren VII. edizioa hastear da. Uztaila osoan zehar 126 gaztek Euskal Herri osoa zeharkatuko dute euskararen alde. Abentura uztailaren 1ean hasiko da Atharratzen eta uztailaren 31an amaituko da Getxon. Parte-hartzaileen artean azpimarratu behar da iparraldeko gazteen kopurua. Izan ere, aurtengo edizioan Ipar Euskal Herritik etorritako gazteak 20 izango dira; 13 Lapurdikoak, 5 Behe Nafarrokoak eta 2 Zuberoakoak. Ohi bezala, gazte gehienak bizkaitarrak izango dira (43) eta jarraian, gipuzkoarrak (26), nafarrak (24) eta arabarrak (13). Kamiseta laranja jantziko duten gazte gehienak emakumeak izango dira (77).

Espedizioa osatzen duten gazteekin batera 28 lagun izango dira antolakuntza lanetan: 2 koordinatzaile, 12 xerpa (begirale), 2 xerpa laguntzaile, 2 xerpa buru, 2 mediku, 3 erizain, 2 gidari, argazkilari 1, kamerari 1 eta komunikazio arduradun 1.






