Zergatik izan boluntario?

EGKak azken hilabeteetan, baina nagusiki pandemia garaian, boluntario gazteek egin duten lanari aitortza emateko topaketa bat antolatu du

Gaztetatik boluntario izan naiz zenbait esparrutan, baina unibertsitatean hasi arte ez nuen epe luzerako konpromisorik hartu. Unibertsitatea hasi berri eta begirale titulua atera bezain pronto astialdi munduan murgiltzen hasi nintzen.

Astialdi elkartean urtean zehar boluntario gisa aritzen nintzen. Asteburutan umeekin ekintzak egiten genituen, baina horren aurretik hainbat ordu igarotzen genituen ekintza horiek antolatzen; ideiak makinatzen, materialak erosten, deialdiak prestatzen… Hainbat ziren egin beharrekoak urteko plangintza ateratzeko. Askotan igandetako arratsaldeak edo astean zehar ordu batzuk bilatzen genituen lan hori guztia aurrera ateratzeko. Hilero astebururen bat horretara bideratzen nuen eta lagunekin nituen planak alde batera utzi behar izaten nituen noizbehinka.

Ezagutza eta lagunak

Suposatzen dut zuen buruei galdetuko diozuela, eta zer irabazten zenuen zuk hainbeste ordu hor sartuta? Galdera horri erantzuteko burura etorri zaizkidan lehengo bi hitzak ‘ezagutza’ eta ‘lagunak’ izan dira. Asko izan da bide honetan ikasitakoa. Boluntario izateak ardurak zure gain hartzen ikasteko praktika ezin hobea da. Aldi berean, bertan ezagututako pertsonak eta partekatutako denbora zoragarria da hazteko. Boluntario izatea hezteko aukera paregabea da. 

Boluntario gisa aritzen garen gazteok hainbat konpetentzia garatzeko aukera dugu, edozein boluntariotza mota dela ere. Izan ere, gure denbora muxu truk eskaintzen diogu gizarteari, ardurak gure gain hartzen ditugu eta taldean lan egiten ikasten da ere. Dena den, uste dugu oraindik ez zaiola ematen boluntariotzari berebiziko garrantzirik. Ez dela balioan jartzen horren atzean dagoen konpromisoa, lana eta ikasketa prozesua.

Hori dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan boluntarioak diren gazteak saretu eta elkartu nahi ditugu egiten duten lanari balioa eman nahian. Topaketa horren helburu nagusia gazte boluntarioen lana balioan jartzea da haien artean ezagutza konpartituz. Covid-19aren pandemiaren inguruan gertatutako ekintza isolatuek, “botiloiak” besteak beste, gazteria kriminalizatu dute. Ordea, gazteen boluntario sareek herri eta hirietako auzoetan erosketak egin dizkiete nagusiei, medikamenduak etxera eramateko koordinatu izan dira, janari bilketak antolatu dituzte, musukoak banatu dituzte eta etxean konfinatuta igaro ditugun momentuak poztu dizkigute kulturaren bidez, jolas, bideoklip lehiaketa, bertso txapelketa eta balkoi zein leihoetatik emandako kontzertu inprobisatuekin. Hori guztia herri eta hiri ezberdinetan inongo irabazi asmorik gabe eta borondatez osatutako laguntza sare ezberdinen bidez egin izan da.

Topaketa 

Izan ere, hori da boluntariotza, borondatez elkarren artean sortutako norbanako ezberdinez osatutako sareen bidez gizartean sortutako behar ezberdinei erantzuna ematen laguntzen diguten tresnak, elkar laguntzeko, elkar ikusteko, elkarrekin harremantzeko edota ondo pasatzeko. Covid-19aren pandemiaz geroztik asko kriminalizatu izan da gazteria, baina ez dezagun ahaztu asko eta asko garela sare horiek osatzen ditugun gazteok.

Horregatik antolatu dugu topaketa hau hain justu. Boluntariotzari aitortza bat emateko, asko garela esan eta sentitzeko, pandemia orduko egindako lanak balorean jartzeko eta pandemia garaian boluntariotza sareetara gehitutako jendea mordoa ezagutzeko. Boluntariotzari errekonozimendua emateko, eta hemen ere gazteok parte hartzen dugula erakusteko eta ospatzeko.

Beraz, gaztea bazara eta boluntarioa bazara animatu zure lana balioan jartzera eta konpartitu gurekin zure esperientzia!

Abenduaren 2an 18:00etan Bilboko Dock tabernan zure zain egongo gara!