Gazteok oraina hartzen, etorkizuna lantzen!

Azken aldian, sarritan irakurri edo ikusi dezakegu gazteei buruzko albisteren bat. Gehiengoak, pandemia eta gazteei buruz hitz egiten dute gazteon jarrerari erreferentzia eginez. Kritika gogorrak jasotzen ari gara kolektibo bezala, zenbait kasutan ulergarriak. Baina hori al da gazteok bizi dugun errealitateak duen irudia? Batzuk izandako jarrera ezkorra, nahikoa al da gazteon kolektibo osoa kriminalizatzeko?

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan gazteon lana balioan jarri nahi dugu. Bereziki, pandemia hasi zenetik zein urte osoan zehar gazte esparru eta espazio desberdinetatik egin diren ekarpenak mahai gainean jarri. Asko gara pandemian zehar kontu handiz ibili garenak, asko gara gure egunerokoa moldatu dugunak elkar zaindu eta elkarrekiko arduraz jokatuz: baita gizarte osoarekiko ere. Horren adibide dira, esaterako, konfinamendua hasi zenean abiatutako dinamikak. Horien bitartez adinekoei edo premia berezidun gizarte-sektoreei ekarpena eta laguntza eskaini genien. Hala ere, oraingoan, aipamen berezia egin nahi dugu Astialdian aritzen diren gazteei. Izan ere, pandemia hasi zenetik, gehiengoa boluntarioki, ezarri diren neurrietara egokitu eta esfortzu handia egin da atzetik, batez ere, esku-hartzeak eta planak aldatu eta egokitzerako momentuan. Argi erakutsi da, gauzak egiteko modua moldatuta bada ere, gizarteari jarduera horiek egiten dioten ekarpenak berebiziko garrantzia duela eta ezin dela galtzen utzi. 

Pandemiaren eragina

Luzea izan da Astialdiko elkarteen ibilbidea pandemia hasi zenetik eta batez ere, elkarteetan boluntarioki zein lanean dabiltzanenentzat. 2020ko udaran hartutako neurriak bat-batekoak izan ziren. Izan ere, pandemia hasi baino ez zen egin  eta ez-jakintasun handia zegoen gizarte osoan zehar. Hala ere, astialdia bultzatzeko, indartzeko eta mantentzeko asmoz,  2020ko udaran zein urtean zehar, ahal izan dutenean, jo-ta-ke aritu dira gazte asko behar besteko neurriak hartuta ekintzak eta espazio seguruak aurrera ateratzeko asmoz. 

2021eko udaran, aldiz, konplikatuagoa izaten ari da prestaketa prozesuei dagokionez eta momentuko errealitateari erreparatuz. Izan ere, ziurgabetasuna izan da berriro ere nagusi oraingo honetan. Pandemia eta bereziki, COVID-19, gehiago ezagutu dira, 4 olatu pasa dira dagoeneko eta horrek jendearen neke eta beharrak areagotu ditu. Hainbat neurri hartu dira eta askotan astialdiko lana etengabe aldatu da. Udalekuei erreparatuz gero, beldurra gailendu da zenbait momentutan baina agertutako ezintasunei aurre eginez eutsi diete hainbat gazte elkarte eta espaziok, etengabeko egokitzapenari beharrezkoa duen lana eskainiz. Lanean jarraitu dute, protokoloak prestatu eta gobernuarekin batera neurriak hartu dira udan zehar aurrera eramandako ekintzetan arazorik ez izateko. 

Udaleku seguruak

EGKtik, balioan jarri dugu gazte boluntario zein langile guzti horiek aurrera ateratako planetan jarritako esfortzua eta inplikazioa. Izan ere, askotan bere denbora eskainiz uda honetan ere milaka haur eta nerabe artatzeko apustuan berretsi dira eta lanez ekin diote gogo horri. 

Normalean, udalekuak ekaina eta uztaila bitartean ematen dira. Uztailan gaude eta esan dezakegu oso gutxi izan direla espazio horietan emandako COVID-19ko kasuak. Protokoloak behar bezala hartu dira, familiak kontuz ibili dira eta bertan boluntario zein langile bezala dauden gazteak arduratsuak izan dira. Beraz, esan dezakegu guztion kontzientziaz eta behar bezalako lanaz, gazteak ere maila batean gizartean ematen ari diren ekintza hauen berme izaten ari garela eta beraz, ekarpena egiten gizarte osoari. 

Hau horrela, EGKtik ezinbestekoa ikusten dugu egindako lana balioan jartzea eta zoriontzea. Ez dela erraza izan, argi dugu. Prozesu luzea eta zaila izaten ari da, egoeren arabera aurrera jarraitzeko aldaketa mordoa eman dira. Hala ere, handitu dira eta indartsu atera dira egoera honetatik.  

Gazteon balioa

Astialdiari erreparatuta eta hau balioan jartzeaz gain, ezinbestekoa ikusten dugu gazteok orainean zein etorkizunean dugun papera balioestea. Egoera dena izanda ere, gazteon lana inoiz baino beharrezkoagoa dela agerian gelditu da. Hori, gainera, modu espezifikoago batean islatuz pandemiarekin: boluntariotza esperientzia desberdinetan izandako partaidetza, martxan jarri diren zaintza sareetan egindako ekarpenak, astialdiko ekintzak egin daitezen berme izatea, kultura eta sorkuntza esperientzia berriak sortzea… Zentzu horretan, honek etengabeko ekarpena egin dio gizarte osoari: gazte zein haur, heldu zein nerabe. 

Badakigu oraindik ere bide luzea gelditzen zaigula egiteko, baina orain inoiz baino gehiago, gazte esparruan ematen den lana eta dauden esperientzia desberdinak balioan jarriko ditugu EGKtik, oraina ere badelako gazteongan eta orain ere bagabiltzalako lanean.

Zentzu horretan, ikusgarritasuna bera ere aldarrikatu nahi dugu, izan ere, uste dugu lan hau islatu beharra dagoela: ezinbestean ikusgarri izan dadin. Aspektu negatibo edo salkorrez gain, espazio eta esperientzia desberdinen proiekzioa beharrezkoa da ikuspegi eta argazki integral bat sortzeko, bada, askotariko gazteak, jarrerak eta esperientziak existitzen dira eta ezagutzen ditugu, ezkorrak zein baikorrak. Hauek gizartera helaraztea ezinbestekoa da, gure bizi baldintzei ere erreparatuz eta zenbait zentzutan ekarpena eginez: baldintza egokiak, espazio seguruak, zaintza… oro har gizartean dugun paperari, luze zabalean egin behar zaio erreferentzia eta esparru batera soilik mugatu gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.