Maitasun-harreman gutxiago eta adiskidetasun gehiago. Horixe da, hain zuzen ere, Z Belaunaldiko gazteek telebistan eta zineman ikusi nahi dutena. Edo hori da behintzat, Kaliforniako UCLA unibertsitateko Centre for Scholars and Storytellers taldeak burutu berri duen ‘Teens and Screens’ izenburuko azterlanaren ondorioek diotena. Aipatu azterlanak agerian uzten duenez, 13 eta 24 urte bitarteko gazteek sexu-harreman esplizituetan oinarritutako narratibak baino nahiago dituzte harreman platonikoetan oinarritutakoak. Izan ere, inkestan parte hartu duten 1.500 gazteetatik erdiak baino gehiagok (% 51,5) azaldu du nahiago duela adiskidetasunaren inguruko edukiak ikustea.
Sexu-eszenak dituzten HBOren ‘Euphoria’ edo Netflixen ‘Sex Education’ telesail edo filmek arrakasta handia lortu duten arren, inkestatutako gazteen ia erdiak (% 47,5) dio telebistako programa eta luzemetraia gehienek beren istorioetan sexua sartzeari uko egin diezaioketela, eta beste % 44,3k uste dute komunikabideetan maitasun-harremanak gehiegi erabiltzen direla. Gainera, inkestatutakoen % 39k dio pantailan nahiago duela pertsonaia erromantikoagoak eta/edo asexualak ikusi.
Ikerketa-taldeak adierazi duenez, Z belaunaldiko gazteen artean pertsonaien arteko harreman osasuntsuagoak nahiago izatea areagotu egin da pandemian isolatuta egon diren hilabeteen ondoren. Ikerketak jasotzen duenez, “gazteek lagun minen falta sentitzen dute, beren komunitatetik bananduta egotearen sentsazioa dute eta herritar digitalen nortasunak mundu errealeko kide izatearen zentzua ordezkatu duela uste dute”.
Azterlanak, besteak beste, pasa den udan Sam Levinsonek HBOrako egin zuen ‘The Idol’ telesailari egindako kritikak jasotzen ditu. Gazteek aipatu telesailean biluzi eta eduki sexual esplizitu asko agertzen direla kritikatzen dute. Gogoratu behar da telesail horri “bortxaketa-fantasiekin” eta “tortura-pornoarekin” lotutako gaiak erretratatzea leporatu ziotela.
Sexu-harreman gutxiago?
Ikerketak iradokitzen du gazteek interes gutxiago dutela ustekabeko topaketetan, doako biluztasunean edo sexuarekin zerikusia duen guztiari buruzko etengabeko eztabaidan. Horren aurrean, nahiago dituzte beren esperientziak, harreman platonikoak eta, oro har, harreman egoki eta askotarikoagoak islatzen dituzten istorio errealagoak.
Ikerketaren egilea den Alda T.Uhlsek azaltzen duenez, “egia da nerabeek sexu gutxiago nahi dutela telebistan eta zineman, baina inkestak benetan islatzen duena da ikusten dituzten edukietan gazteek harreman mota gehiago eta ezberdinak islatuta ikusi nahi dituztela”. Joera horri ‘nomance’ izena jarri zaio eta Estatu Batuetan egin diren hainbat ikerketekin bat egiten du. Horietan guztietan gazteen artean jarduera sexualak behera egin duela iradokitzen da.
Adibidez, 2021ean egindako ikerlan batek jasotzen duenez, nerabeen heren batek baino ez zituen sexu-harreman osoak izan. Bi urte lehenago kopuru hori % 38koa zen eta % 50ekoa izatera ere iritsi da. Beherakada hori 1990. urteaz geroztik egiten den inkesta horretan inoiz erregistratu den beherakadarik handiena da.