Hobera egin dute EAEko biztanleen bizi-ohiturek

Behera egin du Euskadin tabakoa, kalamua eta alkohola kontsumitzen duten pertsonen kopuruak. Azken 12 hilabeteetan biztanleria orokorraren % 76k alkohola edan du noizbait eta % 23,8k tabakoa erre du.

Euskaldunon bizi-ohiturek hobera egin dute. ‘Euskadiko adikzioei buruzko inkesta 2023’ txostenaren arabera, tabakoa, kalamua eta alkohola kontsumitzen duten pertsonen kopuruak behera egin du. Substantzia horiez gain, aipatu txostenak jasotzen duenez, kalamua ez diren bestelako droga ilegalen kontsumoak ere behera egin du. Txanponaren beste aldean, errezeta bidez lortutako lasaigarrien kontsumoak gora egiten jarraitzen du eta jada zigarreta elektronikoen erabilera laukoizten du.

15 urtetik gorako euskal biztanleriaren gehiengo zabal batek substantzia psikoaktibo legalak kontsumitu izan ditu: % 91 alkoholaren kasuan eta % 69 tabakoaren kasuan. Gainera, legez kanpoko substantziaren bat noizbehinka kontsumitu duten pertsonen kopurua ere handitu egin da: % 39k kalamua probatu du eta % 12,1ek bestelako substantziaren bat.

Pasa den urteko martxoa eta ekaina bitartean 14 urtetik gorako 2.500 biztanleri egindako inkestak eman dituen emaitzen arabera, azken 12 hilabeteetan biztanleria orokorraren % 76k alkohola kontsumitu du eta % 23,8k tabakoa. Iturri beraren arabera, kalamua kontsumitu duten biztanleen kopurua % 7 izan da eta % 2,5ek bestelako substantzia ilegalen bat kontsumitu du. Euskaldunon % 1 baino gutxiagok lasaigarriak hartu ditu medikuaren agindurik gabe.

Oro har, kontsumoen prebalentziak altuagoak dira gizonen artean emakumeen artean baino, lasaigarrien kasuan izan ezik. Gainera, txostenean agerian geratzen denez, adinak gora egin ahala kontsumo ezberdinek behera egiteko joera dute, kasu honetan ere, lasaigarrien salbuespenarekin.

Tabakoa eta alkohola dira kontsumo goiztiarrenak dituzten bi substantziak; kasu bietan, 16 urte ingururekin hasten dira horrelako kontsumoak. Kalamuaren kasuan, kontsumitzen hasteko batez besteko adina 19 urte ingurukoa da eta bestelako droga ilegalen kontsumoak beranduago hasi ohi dira, 20-22 urterekin.

Azkeneko inkesta 1992. urtean hasi zen segida bateko hamahirugarrena da eta, lehenengoz, 14 urtetik gorako biztanleria osoa hartu du barne.

Behera egin du alkoholaren kontsumoak

Inkestaren emaitzen arabera, alkoholaren kontsumoak behera egin du EAEn. Joera positiboena eguneroko kontsumoan ikus daiteke, 55-74 adin-taldean izan ezik beste adin-talde guztietan beheranzko joera nabarmena baita.

Azken hilabetean egindako kontsumoei dagokienez, joera ere positiboa da, hots, alkohol gutxiago edaten da, bereziki, gizonen kasuan. Hala ere, gehiegizko kontsumoak aztertzen direnean prebalentzia handiagoa da gizonen artean, batez ere, gizon gazteen artean. Zorionez, mozkorkeria kasuek behera egin dute 2017an egindako inkestan jasotako datuekin alderatuta.

Nolanahi ere, gizonen % 37k eta 15-21 urteko pertsonen % 33k eta biztanleria osoaren % 26,6k alkohola kontsumitzen dute, gomendatutako arrisku txikiko mugen gainetik. Gazteen % 21,3k eta biztanleria orokor helduaren % 11k kontsumo intentsiboko gertakariren bat (binge drinking) izan du azken hilabetean. Alkoholarekiko mendekotasun arriskuan dira biztanleria orokorreko emakumeen % 4,5 eta gizonen % 7,6. Proportzio hori altuagoa da gazteen artean, % 12 inguru.

Txostenak agerian utzi duenez, asko dira astean zehar alkoholik edaten ez duten pertsonak. Asteburuetan, berriz, kopuru hori nabarmen jaisten da. Biztanleriaren erdiak, gutxi gorabehera, alkohola plazeragatik edo entretenitzeko kontsumitzen duela dio.

Tabako gutxiago, zigarreta elektroniko gehiago

Tabakoaren kontsumoari dagokionez, inkestak, beste behin, 2010ean hasitako beheranzko joera berresten du. Horrela, joan den urtean erregistratu zen serie historiko osoko prebalentziarik txikiena eguneroko kontsumoan (% 19,7) eta azken hilabeteko kontsumoan (% 23,3).

Kontsumitzaileen beherakada hori esanguratsua da 34 urtetik beherako gazteen artean eta, orohar, gizonen artean. 55-75 urte bitarteko emakumeen artean, adibidez, kontsumoak berean jarraitu du.

15-21 urte bitarteko gazteen % 14,3k tabakoa erretzen du egunero eta 22-34 urte bitarteko gazteen kasuan, % 22,6k.

Kontsumo-maiztasunari dagokionez, emakume erretzaileen % 73k eta gizon erretzaileen % 66k egunean bost zigarreta baino gehiago erretzen dituela adierazi du. Gizon erretzaileen heren batek eta emakume erretzaileen laurden batek bost zigarreta baino gutxiago erretzen ditu egunean.

Tabakoaren kontsumoa gero eta ezohikoagoa da gure artean; 10 pertsonatik zortzik ez dute tabakorik erre azken hilabetean eta erre dutenen artean erdia erretzeari uzten saiatu da.

Tabakoaren kontsumoak behera egiten jarraitzen duen bitartean, zigarreta elektronikoen erabilera hirukoiztu egin da 2017. urteaz geroztik eta % 5etik % 15era pasatu da. Hazkunde hori, gainera, gazteen artean eman da nagusiki. 35 urtetik beherako gizonen % 40k eta emakumeen % 30 inguruk zigarreta elektronikoren bat erre du azken hamabi hilabeteetan.

Kalamuaren kontsumoak ere behera egin du

Kalamuaren kontsumoak ere behera egin du 2017ko datuekin alderatuta, bai azken hilabeteko kontsumoari dagokionez (% 4,1) bai eguneroko kontsumoari dagokionez (% 1,5). Inkestatutako biztanleen % 8k adierazi du kalamua kontsumitu duela azken 12 hilabeteetan.

Biztanleriaren % 8k azken 12 hilabeteetan kalamua kontsumitu duela esan du; % 1,5ek egunero egiten du eta % 4k azken hilabetean

Tabakoaren kasuan bezala, kalamuaren kontsumoak beheranzko joera azaltzen du azken urteetan, Kontsumo handienak 2004an eta 2006an erregistratu ziren, baina hortik aurrera, kontsumoak behera egin du adin-tarte guztietan.

Aurreko beste inkesta guztietan bezala, kalamu gehien kontsumitzen dutenak 15-34 urte bitarteko gazteak dira (% 14,2 mutilen kasuan eta % 4,3 nesken kasuan). Baina esan bezala, kontsumo horiek aurreko urtekoak baino baxuagoak dira.

Kontsumitzaileen artean gizonen % 25ek eta emakumeen % 14k osasunerako arriskutsuak diren mailetan kontsumitzen dute. 35 urtetik beherako kontsumitzaileen artean % 17k kontsumo-joera arriskutsuak ditu eta % 12k nolabaiteko mendekotasuna azaltzen du. Kontsumo arriskutsuak egiten dituzten kontsumitzaile gehienak (% 32) 35-54 adin-taldearen barruan aurkitzen dira.

Bestelako droga ilegalak

Inkestak berretsi egin du legez kanpoko beste droga batzuen kontsumo esperimentalak gora egin duela, hau da, probatzeko aldizkako kontsumoak. Aldiz, azkenaldiko eta egungo kontsumoak, azken urtea eta azken hilabetea, hurrenez hurren, jaitsi egin dira, 90eko hamarkadako mailara iritsi arte, estasi-kontsumoa izan ezik, azken hamarkadan kontsumitzaileen maiztasunak gora egin baitu.

Droga ilegalen kasuan, gehien kontsumitzen diren substantziak kokaina eta anfetaminak dira eta, jarraian, estasia (MDMA) eta antzekoak. Kontsumo horiek, nagusiki, 15-34 urte bitarteko adin-taldean ematen dira, kokaina izan ezik eta, hein txikiago batean, anfetaminen kasuan, 25-54 urte bitarteko adin-taldean ere kontsumitzen baitira.

Lasaigarriak

Lasaigarrien kontsumoak, tratamendu mediko baten parte gisa, 2010etik aurrera emakumeen artean eta 2017tik aurrera gizonen artean ikusitako goranzko joerarekin jarraitzen du. Adinak gora egin ahala lasaigarrien kontsumoak ere gora egiten du eta emakumeak dira, nagusiki, horrelakoetara jotzen dutenak. Adibidez, 74 urtetik gorako emakumeen kasuan, lasaigarrien kontsumoak adin bereko gizonena bikoitzen du (% 40 eta % 20, hurrenez hurren).

Medikuaren agindurik gabe egiten diren kontsumoak, hots, medikamentuen erabilera desegokiak, gero eta urriagoak dira eta ez da % 0,5era iristen

Ausazko jokoak eta Internet

Euskal biztanleriaren erdiak loteria, kiniela eta ‘primitiva’ bezalako ausazko jokoetara jolasten du. Kirol-apustuetan ere asko dira aritzen direnak, baina joera negatiboa da, hots, gero eta gutxiago aritzen dira apustuetan.

Aurrez aurreko jokoak ohikoena izaten jarraitzen du eta gazteak (15-34 urte) gutxien jolasten dutenak izan arren, online jokoetan gehien aritzen direnak dira, bereziki, gizon gazteak. Joko patologikoaren proportziorik handiena, berriz, astero jokatzen duten horien artean ikus daiteke, normalean, gizonak eta gazteak. Txostenak adierazten duenez, erregulartasunez jokatzen duten gizonen % 3,5 inguruk joko patologikoaren zantzuak aurkezten dituzte. Proportzio hori altuagoa da (% 5,8) 35 urtetik beherako gazteen artean.

Azkenik, txostenak Interneten kontsumoa eta izan daitezkeen erabilera konpultsiboak aztertzen ditu. 15 eta 34 urte bitarteko euskal gazteen % 98k egunero erabiltzen du Internet. 34 urtetik gorakoen artean, berriz, % 21ek baino ez. Gizonen % 4,3k eta emakumeen % 6k erabilera konpultsiboa dute eta arrisku horren prebalentzia handiena gazteen artean ematen da (% 15 35 urtetik beherakoen artean).