Nafar gazteek beren burua zaintzen dute

Foru Erkidegoko gazteen % 80 baino gehiagok jokabide eta ohitura osasuntsuak ditu, % 73,6k fruta eta barazkiak jan ohi ditu eta erdiak baino gehiagok kirola egiten du ia egunero.

Nafar gazteriaren gehiengo zabal batek jokabide eta ohitura osasungarriak jarraitzen ditu beren bizitzako maila desberdinetan, beren burua zaintzeko azken helburuarekin. Gazteen % 64,8k uste du osasuna “nahiko” hartzen duela kontuan, eta % 16,5ek, berriz, garrantzi handia ematen diola dio. 0 eta 10 puntu bitarteko eskala batean, gazteek beren burua zaintzeko praktikak edo jokabideak egiten dituztela adierazten dutenen intentsitatearen batez bestekoa 7,4 puntukoa da. Txanponaren beste aldean, gazteen % 18,6k intentsitate ertain edo baxuko praktika eta ohitura osasungarriak egiten dituela dio.

Horiek dira Nafarroako Gazteriaren Institutuak berriki argitaratu duen ‘Gazteria eta zaintzak Nafarroa 2024. Nafarroako gazteen zaintzaren aurreko balioak, praktikak eta jarrerak’ txostenak eman dituen emaitza esanguratsuenetako batzuk.

Azterlanak honako alderdi hauetan sakontzen du: gazteen pertzepzioa eta nork bere burua zaintzeko ohiturak, eguneroko bizitzan ongizate fisikoari eta emozionalari ematen zaion garrantzia, eta horiek ekintza zehatzetan islatzea, bai bizi-ohitura osasungarrietan, bai jokabide arriskutsuetan.

Oro har, nork bere burua zaintzearen pertzepzioa arinki handiagoa da gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino. Pertzepzio hori ere altuagoa da unibertsitate-mailako ikasketak amaitu dituztenen eta aldi berean ikasten eta lanean ari diren horien artean. Nolabait, esan liteke adinean gora egin hala pertzepzio horrek ere gora egiten duela.

Nork bere burua zaintzeko arrazoiak

Inkestatutako hamar gaztetik seik adierazi dute bere burua zaintzeko arrazoi nagusia osasunari ematen dioten garrantzia dela. Gehien aipatzen den bigarren arrazoia, berriz, ‘ondo sentitzea’ da; hamar gaztetik hiruk aipatzen dute arrazoi hori. Ildo berean, hamar gaztetik batek dio zaintzen dela bere burua ‘ondo ikusteko’. 

Adinean gora egin ahala, osasunarekin zuzeneko harremana duten motibazioek gora egiten dute nabarmen eta ‘ondo sentitzea’ eta ‘ondo ikustea’ bezalako erantzunek pisua galtzen dute. 16 eta 20 urte bitarteko gazteen erdiak baino gehiagok (% 53,3) aintzat hartzen du bere osasunaren zaintza. Ehuneko hori ia zortzi puntu handiagoa da 21 eta 25 urte bitarteko gazteen artean (% 61,2) eta beste 5,6 puntu handiagoa (% 66,8) 25 urtetik gorako gazteen artean.

Emakume gazteek garrantzi handiagoa ematen diote irudiari. Nafar gazteen % 8,3k dio zaintzen dela bere burua ‘ondo ikusteko’, baina emakume gazteen artean kopurua nabarmen altuagoa da: % 11,2 , hots, batez bestekoa baino ia hiru puntu gehiago.

Ohitura osasuntsuak

Nafar gazteen artean, ohitura osasuntsu ohikoena da, egunero edo ia egunero, barazkiak eta fruta bezalako elikagaiak jatea. Horrela egiten dute gazteen % 73,6k. Horietatik guztietatik, % 44,6k egunero kontsumitzen ditu horrelako elikagaiak, eta % 29k ia egunero. Elikadurari dagokionez, nafar gazteen % 35,7k dio janari lasterra edo ultraprozesatutako elikagaiak eta edari azukredunak edo energetikoak saihesten dituela egunero edo ia egunero. Gazteen % 40,3k, berriz, arazorik gabe kontsumitzen ditu horrelako produktuak.

Gazteen artean gehiengoa dira behar adina ordu lo egiten saiatzen direnak. % 37,7k dio egunero saiatzen dela behar adina ordu lo egiten (elikadura egokia jarraitzen duten horiek baino zertxobait gutxiago) eta % 31,1ek ia egunero. Behar adina ordu lo egiten ez dituzten gazteen tasa % 13,2 da. 

Kirola egitea da gazteen artean nahiko hedatua dagoen beste ohitura osasuntsu bat. Gazteen erdiak jarduera fisikoa egiten du egunero edo ia egunero. Jarduera horiek ohikoagoak dira gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino, % 59,1 eta % 40,6, hurrenez hurren. 

Osasunerako aplikazioen erabilera

Azken urteetan gero eta gehiago dira osasuna kontrolatzeko merkatuan diren aplikazioak eta osasunaren adierazle nagusiak monitorizatzeko gailu elektronikoak. Nafarroako hiru gaztetik batek (% 35) osasunaren edo bizitza osasungarriaren parametroak kontrolatzeko eta jarraitzeko aplikazioren bat erabiltzen du.

Normalean, jarduera fisikoa neurtzen duten aplikazioak erabiltzen dira. Adibidez, hiru gaztetik batek urratsak zenbatzen dituen aplikazioren bat erabiltzen du. Bestalde, hamar emakume gaztetik bik (% 21,3) hilekoaren edo ugalketaren osasuna monitorizatzeko aplikazioren bat erabiltzen du. Erabilera urriagoa dute, adibidez, kalorien kontrolerako aplikazioek, loa kontrolatzeko aplikazioek edo ongizate emozionalerako aplikazioek. Osasunaren parametroak kontrolatzeko edo monitorizatzeko teknologien erabilera handiagoa da gazteen artean; % 43k erabiltzen du baten bat. Era berean, txostenak agerian uzten duenez, zuzeneko harremana dago adinaren eta horrelako aplikazioen erabileraren artean.

Jokabide arriskutsuak

Nafarroako gazteen % 15,7k dio sarritan erretzen duela tabakoa, egunero, ia egunero edo maiz. Noizbehinka erretzen duten gazteak % 6 inguru lirateke. Zigarreta elektronikoen erabilera ez dago hain zabalduta gazteen artean. Horrelakoak maiztasun handiarekin erabiltzen dituzten gazteen kopurua % 1 baino ez da eta noizbehinka erabiltzen dituztenak % 3,6 dira.

Bestalde, lau gaztetik batek (% 24,2) dio ez duela inoiz alkoholik edaten, baina gazteen % 5,7k onartzen du alkohola edaten duela maiztasun handiarekin eta % 69,5 noizbehinkako kontsumotzat hartzen diren parametroen barruan kokatzen da.

Kalamuaren kontsumoari dagokionez, inkestatutako gazteen % 1,8k esan du sarritan kontsumitzen duela substantzia hori eta % 6k, noizbehinka.

Azkenik, joko eta apustuen kasuan, Nafarroako gazteen % 1,0k dio sarritan jokatzen duela edo apustu egiten duela (online jokoak, apustuak, online kasinoa, online loteria, txanpon-makinak, kartak, kinielak eta abar). Gazteen % 6,2k dio noizbehinka jokatzen edo apustu egiten duela.

Ongizate emozionala eta osasun mentala

Nafar gazteriak, oro har, osasun mentalaren eta ongizate emozionalaren garrantziaren inguruko kontzientzia handia du. Gazteen % 27,5 ‘oso kezkatuta’ dago gai horrekin; % 43,3k dio ‘nahiko kezkatuta’ dagoela eta % 15,2k ‘zertxobait kezkatuta’. Gai horrek ez dio inolako kezkarik eragiten gazteen % 9,1eri eta kezka gutxi gazteen % 4,9ri.

Ongizate emozionalari buruzko kezka handiagoa da emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino. Emakume gazteek batez besteko kezka-maila handiagoa erakusten dute, 0tik 10era bitarteko eskala batean 7,5 puntuko kezka ematen dutelarik. Gizon gazteen kasuan, berriz, kezka-maila 6,4 puntura jaisten da batez beste.

Hamar gaztetik seik (% 63,4) diote egunero edo ia egunero jarrera positiboa izan ohi dutela, baita sor daitezkeen arazo edo zailtasunen aurrean ere. Antzeko proportzioan daude beren bizitza interesgarriak dituzten gauzekin betetzen dituztenak (% 62,6) edo beren gauzak egiteari denbora eskaintzen diotenak (% 61,8).

Gazteen erdiak baino gehiagok (% 51,6) zirrarak besterik gabe onartzen dituela dio, horiek erreprimitu gabe eta bere ingurukoei horien berri emanez. Ildo berean, nafar gazteen % 45,2k dio autoestimua lantzen duela egunero edo ia egunero, baina % 11.5ek dio ez duela inoiz horrelakorik egiten.

Bestalde, gazteen % 67,8k dio inoiz ez duela edo ia inoiz ez duela pentsamendu errepikakor eta obsesiborik. Gogoeta negatiboak egitearen ondorioak gazteen % 7,9ri eragiten dio egunero edo ia egunero.

Azkenik, gazteen % 10,2k dio egunero antsietatea duela, baina gehienek (% 56,2) ez dute inoiz edo ia inoiz antsietaterik izaten. Antsietatearen prebalentzia nabarmen handiagoa da egunero emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino (% 14,5 eta % 6,2, hurrenez hurren).