Zer esan nahi dute zuretzat Alboanen bidezko bost kausek?
Kausa edo zio horiek munduak dituen arazo handiekin lotuta daude eta haien artean ere harremana dute. Haietako batean aurrerapenen bat egiten dugunean besteetan ere aurrerapenak eragiten ditugu. Elkartasunaren inguruko eskaerak eta ekimenak bideratzeko moduak dira.
Gizarte- eta ingurumen-justiziaren kasuan, ingurumen-krisiarekin zerikusia duten gaiak lantzen dira, bai eta pertsonen bizitzan nola eragiten duen ere.
Giza-mugikortasunaren kausak migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen inguruan hitz egiten digu. Pertsonek, dauden tokian daudela, bizitza duina izan dezaten eskatzeko bidea da. Bereziki, beren etxeak uztera eta haien burua berrasmatzera behartuta egon diren pertsonek. Kausa horren bidez munduko hainbat lekutan egiten dugu lan, baita gure gertuko inguruan ere.
Genero-ekitatea lortzeko ere lan egiten dugu. Maila globaleko eta nazionaleko erakundeok berdintasunaren alde lan egiten badugu ere, oraindik ere, lan handia dago egiteke.
Azkenik, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da sustatu nahi ditugun aldaketak eskuratzeko, defendatzeko eta mantentzeko. Eta Hezkuntzaren Eskubideak pertsonak gaitzen ditu beste edozein eskubide defendatzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko.
Alboanek hiru hamarkada eman ditu pobreziaren eta desparekotasunaren kontra lan egiten, nola aldatu da, zure ustez, Lankidetzaren testuingurua urte horietan guztietan?
Zibilizazioan inoiz izan diren aldaketa bizkorrenak ikusten ari gara. Alde batetik, teknologia berrien agerpena, finantza-merkatuen hazkundea, ingurumenaren narriadura eta migrazio-mugimendu handiak ditugu. Munduaren konfigurazioa ere aldatu da. Lankidetza hasi zenean mugimendu sozial handi gisa, zenbait herrialdetan garapenaren sentsazioa zegoen, baita elkartasunaren beharra ere. Testuinguru hori ez da hain garbia jada; ezta non diren Iparra eta Hegoa ere. Hori da, nire ustez, bizi izan dugun aldaketarik handienetako bat. Lan egiten dugun zenbait herrialdetan hazkunde ekonomiko garrantzitsua bizi izan dute, baina desparekotasunak berean darrai, eta gure ingurunean ‘hego’ global asko daude, non pobrezia- eta bazterketa-poltsa handiak dauden. Beraz, munduaren konfigurazioa aldatu da, baina pobrezia-poltsekin, aberastasunaren banaketarekin eta generoa, sexua, jatorria… ezaugarri duten desparekotasun konplexuagoekin zerikusia duten erronkak mantentzen dira.
Bizi izan dugun aldaketa bizkorrenetako bat indibidualismoaren biziagotzea eta bere baitan gero eta gehiago biltzen diren gizarteak dira. Hurrengo urteetan izango dugun erronka nagusietako bat guztion ongia bilatzea eta pertsona guztien eskubideen aldeko borroka axola digun zerbait dela eta munduko edozein lekutan gertatzen dena epel uzten ez gaituela mantentzea eta defendatzea izango da.
Epe motzean, zer lortu nahiko zenuke Alboanekin?
Munduan gertatzen denaren inguruan jende gehiagoren inplikazioa lortu nahiko nuke. Nolabait, errealitateak beldur ematen digula uste dut eta, horregatik, ez begiratzeko tentazioa egon daiteke. Alboanen munduaren ikuspegi errealista bat eman nahi dugu eta, aldi berean itxaropentsua. Izan ere, lan egiten dugun toki guztietan ‘kimu berde’ ugari daude, elkartasun guneak, gertatzen ari denaren inguruan kezkatzen diren erakundeak. Itxaropena nola sortzen den ikusten dugu eta niri gehien gustatzen zaidana da gero eta jende gehiago dagoela kausa horietan inplikatuta.
Zer esango zenieke Alboani laguntzen dioten horiei guztiei?
Lehenik eta behin eskerrak eman nahiko nizkieke, Alboan bizirik badago gure lanak pertsona horientzat zentzu bat duelako da. Laguntzen gaituzten pertsonak dira, konfiantza dute gugan, eta badakite ahalegintzen garela. Gure misioarekiko leialak dira eta gure ondoan eraikitzeko bat egiten dute. Gure lanean konfiantza dute, irakurtzen gaituzte, partekatzen gaituzte, zabaltzen gaituzte eta gurekin bat egiten dute beste mundu bat posible dela uste dutelako.
Era berean, misioa partekatzen dugun Hegoaldeko erakundeak eta pertsonak eskertu nahiko nituzke, baita gure ingurunekoak ere.
Erakunde eta sare askorekin egiten dugu lan, konfiantza elkarrekikoa da eta laguntzen gaituzte.
PATRICIA HERNÁNDEZ
GKE Alboan