Aurrera Begira: Etorkizun zertxobait esperantzagarriagoa

Aurrera Begira 2023 txostenak azaltzen duenez, oro har, EAEko gazteek etorkizuna esperantza handiagoarekin ikusten dute, baikortasun handiagoz hautematen dute oraina eta gogobetetze pertsonal hobea dute

Euskal gazteriak etorkizunari buruz duen pertzepzioak hobera egin du. Hala dio Gazteen Euskal Behatokiak egin duen Aurrera Begira 2023 txostenak. Txosten hori euskal gazteek orainaren eta etorkizunaren inguruan duten pertzepzioaren erradiografia bat da. Emaitzak pasa den urteko abenduan 15 eta 29 urte bitarteko 6.737 gazteri egindako inkestetan oinarritzen dira eta hamar adierazle nagusitan antolatzen dira.  

Txostenaren emaitzek ikuspegi baikorragoa azaltzen dute eta, aurreko urteko emaitzekin alderatuta, adierazle gehienetan emaitzek hobera egin dute. Hala ere, emaitza horiek, oraindik ere, ez dira pandemia aurreko emaitzetara iristen. 

Egungo egoeraren balorazioak, norberaren poztasunak, enplegu eta emantzipazioaren inguruko itxaropenek eta etorkizunarekiko konfiantzak hobera egin dute aurreko urteko datuekin alderatuta. Berean mantendu den adierazle bakarra amatasun eta aitatasun atzeratuaren indizea da, hots, nahiko luketen adinean seme-alabarik izango ez dutela uste duten gazteen ehunekoa. 

Hobera egin duen oraina 

Une honetan euskal gazteek orainaren inguruan duten pertzepzioa 100etik 65 puntukoa da, hots, aurreko urtean baino hiru puntu gehiago. Igoera hori adierazle hau osatzen duten hiru errealitateetan ikus daiteke: egoera pertsonala, gazteria orokorrean eta Euskadikoa. 15 eta 19 urte bitarteko gazteak dira orainaren inguruan pertzepzio onena dutenak; 100etik 68 puntu. Adinak gora egin ahala pertzepzioak okerrera egiten du: 65 puntu 20-24 urte bitarteko gazteen artean eta 62 puntu 25-29 urte bitartekoen artean. Gizon gazteak zertxobait baikorrago azaltzen dira eta lurralde historikoei dagokienez, emaitza onenak Gipuzkoan eman dira. 

Norberaren poztasuna 

Norberaren poztasun indizeak ere gora egin du (71 puntu) aurreko urtearekin alderatuta, baina puntu bakar batean. Adierazle hau hamaika arlotan banatzen da eta horietatik guztietatik, familia, lagunak eta ikasketak dira gazteei poztasun gehien ematen dietenak. Txanponaren beste aldean, berriz, eskura duten dirua, lan egoera edo lanarekiko aurreikuspenak eta harreman sentimentalak edota sexualak dira emaitza kaxkarrenak lortzen dituzten arloak. 

Dirua eta osasun mentala dira kezka nagusienak 

‘Bizitzaren alderdien balantzea’ adierazleak gazteek bizitzako hamaika arlori ematen dioten garrantzia eta haiekiko gogobetetasuna adierazten du. Arlo gehienetan gogobetetze-maila egokia den arren, txostenak agerian uzten du horietako bakoitzari ematen zaion garrantziaren eta horietan den gogobetetze-mailaren artean den arrakala. 

Behera egin du gazteek, urtebeteko epearen barruan, lana galtzeko edo prekarietatea handitzeko duten arriskuaren pertzepzioak, baina emakume gazteak ez dira gizon gazteak bezain baikor azaltzen

Adibidez, ‘hilean eskura den dirua’ arloan ikus daiteke alderik esanguratsuena eta jarraian, ‘osasun mentala’ arloan. Azken hori, lehen aldiz, osasun fisikoaren barruan ez dagoen adierazle gisa landu da. Aurreko urteetan bigarren postuan zegoen lan-egoera edo enpleguarekiko itxaropenak hobetu egin dira eta hirugarren postuan dago aurten. Alderdi horietan guztietan, balantzea negatiboagoa da adinak gora egin ahala eta emakumeen artean. 

Lanmerkatua 

Lanari dagokionez, txostenak agerian utzi duenez, behera egin du gazteek, urtebeteko epearen barruan, lana galtzeko edo prekarietatea handitzeko duten arriskuaren pertzepzioak. Zehazki, eta aurreko urteko datuarekin alderatuta, adierazle horrek sei puntutan egin du behera. 

Aurreko urteetan bezala, emakume gazteak ez dira gizon gazteak bezain baikor azaltzen adierazle honetan. Emakumeen ia heren batek (% 30) lana galtzeko arrisku handia antzematen du (% 24 gizonen kasuan) eta % 13 prekarietatearen beldur da (% 10 gizonen artean). Ikus daitekeenez, hamar emakume gaztetik lau baino gehiago (% 43) bere lan-etorkizunaren beldur da. Lurralde historikoei dagokienez, arrisku hori handiagoa da Araban (% 46) Bizkaian eta Gipuzkoan baino (% 38 kasu bietan). 

Baikor lana aurkitzeko 

Langabezian diren gazteen % 72k aurten lana aurkituko duela uste du. Ikasten ari diren gazteen artean, berriz, % 80k bere ikasketekin zuzeneko harremana duen enpleguren bat aurkituko duela uste du. Azken kopuru hori aldagai horretan inoiz erregistratu den kopururik altuena da. 

Kasu honetan ere emakume gazteak ez dira gizon gazteak bezain baikor sentitzen eta adinak gora egin ahala konfiantza-mailak behera egiten du. Horrela, enplegu ahokatu bat aurkituko dutenen kopurua % 80ra iristen da 15-24 urte bitarteko gazteen artean eta % 64ra jaisten da 25-29 urte bitartekoen artean. 

Derrigorrez emigratu beharraren inguruan, etorkizunean, joan nahi ez badute ere, atzerrira lan egitera emigratu beharko dutela uste duten gazteen ehunekoa % 9 inguruan mantendu da azken urteetan. 

Emantzipazioa eta aitatasuna 

Zapuztutako emantzipazioaren espektatiba 2023an % 43koa izan zen, 2022ko datua bi puntutan hobetuz. Urtebeteko epearen barruan gurasoen etxetik atera nahi izan arren emantzipatzeko aukerarik izango ez dutela uste duten gazteen artean 20-24 urte bitartekoak dira (% 52) espektatiba okerrenak dituztenak. 25-29 urte bitarteko adin-tartean, berriz, ehuneko hori 17 puntu baxuagoa da. 

Amatasun/aitatasua atzeratua izango duten gazteen kopurua % 25 inguruan mantentzen da, aurreko urteko emaitza errepikatuz eta serieko altuena bezala kokatuz. Hau da, aurreko urtearekin alderatuta, hobetu ez den adierazle bakarra da. 

Etorkizunarekiko konfiantza 

Azkenik, etorkizunarekiko konfiantza bost puntutan hobetu da aurreko urtearekin alderatuta eta 100etik 59 puntura iritsi da. Bost urteko epean egoerak hobera egingo duela uste duten gazteen ehunekoak gora egin du adierazle hau kalkulatzen den hiru alderdietan: egoera pertsonala, gazteria orokorrean eta Euskadikoa. Edozein kasutan, aurreko urtean hobetu bada ere, adierazle hori, oraindik ere, 2019ko maila baino hamar puntu baxuagoa da.