Abian da Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak antolatzen duen ‘Gazte Sortzaileak’ bekaren edizio berri bat. 18.000 euroko aurrekontuarekin, deialdiak gazteek euskaraz egiten duten kultur sorkuntza sustatzea du helburu. Aukeratuak diren proiektuek, gehienez, 4.000 euroko laguntza jasoko dute eta, horrez gain, aholkularitza eskainiko zaie beren egitasmoak garatzeko beka jaso eta sei hilabeteko epearen barruan.
Bi kategoria
Deialdia zabalik da 16 eta 35 urte bitarteko gazteentzat. Proposamenak aurkezteko azken eguna uztailaren 15a izango da. Deialdia bi kategoriatan banatuta dago. Lehenengo kategorian 16 eta 24 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute eta bigarrenean, berriz, 25 eta 35 urte bitartekoek.
Aurkezten diren egitasmoak askotarikoak izan daitezke (antzerkia, bakarrizketa, poesia, musika, bertsolaritza…), baina lotura estua izan beharko dute ahozko adierazpenarekin eta euskarazko kulturari ekarpena egitea izan beharko dute helburu.
Pasa den urteko irabazleak
2023ko ‘Gazte Sortzaileak’ beka irabazi zutenek laster jendaurrean aurkeztuko dituzte beren proiektuak. Apirilean Aitziber Jiménez de Aberasturiren “Ogi beltza” podkasta entzun ahal izan da. Maiatzean Mitxel Elortzak “Aneren abenturak” mahai-jokoa kaleratuko du. Marta Berganzok “Gure Kutxa” antzezlana estreinatuko du ekainaren 29an eta Nefer Olaizolak bere performancea aurkeztuko du irailean Labe Gazte Laborategian.