Ingurumenarekin kezkatuta

Nafarroako gazteen % 80 baino gehiagok hondakinak sailkatu eta birziklatzen ditu; hala ere, heren batek baino gehiagok ez du erosten dituen produktuen ingurumen-inpaktua kontuan hartzen

‘Gazteria eta zaintzak. Nafarroa 2024’ azterlanaren arabera, Nafarroako gazteriak ingurumenarekiko kezka argia erakusten du. Nafar gazteen laurden batek (% 26,3) ingurumenarekiko kezka handia azaltzen du eta beste % 47, berriz, nahiko kezkatuta azaltzen da. Txanponaren beste aldean, % 7,1ek kezka gutxi edo bat ere ez azaltzen du ingurumen arazoekiko. Eta pentsa zitekeen bezala, zenbat eta kezka handiagoa izan, orduan eta parte-hartze handiagoa ingurumenaren aldeko ekintzetan.

Kontzientziazio hori ekintza zehatzetan islatzen da, hala nola, hondakinak birziklatzea eta plastikoa, pilak, papera eta kartoia bezalako hondakinak dagokien edukiontzietan bereiztea. Azterlanak jasotzen duenez, Nafarroako gazteen % 85,2 hondakinak bereiztu eta birziklatu ohi ditu. Zehazki, % 58,3k ‘beti’ egiten ditu ekintza horiek eta % 26,9k ‘ia beti’.

Nafar gazteen artean nahiko hedatuta dagoen beste ekintza jasangarri bat garbiguneen erabilera da. Gazteen % 49,9k ‘beti’ eta % 20,1ek ‘ia beti’ botatzen ditu tamaina handiko hondakinak eta etxetresna elektrikoak edo ekipamendu-elektronikoak garbiguneetan.

Mugikortasun jasangarria

Mugikortasun jasangarriaren arazoa berriz, ez da hain lehentasunezkoa nafar gazteentzat. Horrela, nafar gazteen % 52,7k soilik aukeratzen ditu mugikortasun jasangarriagoko aukerak, hala nola ibiltzea, bizikletaz joatea edo garraio publikoa erabiltzea joan-etorrien karbono-aztarna arintzeko.

Ingurumenarekin kezkatuta

Nafar gazteen ehuneko handi batek ingurumenaren inguruko kezka azaltzen duen arren, ingurumenaren aldeko ekintzetan aktiboki parte-hartzea ez da hain ohikoa. Azterlanak jasotzen duenez, Nafarroako gazteen % 14,4k baino ez du horrelako ekintza edo ekimenetan nolabaiteko maiztasunez parte hartzen.

Txostenak ere jasotzen duenez, nafar gazteen artean ageriko kontraesan bat ematen da kontsumoaren eta jasangarritasunaren artean. Horrela, gazteen % 37,9k adierazi du “gutxi” edo “batere” ez duela kontuan hartzen produktuen ekoizpenak ingurumenean duen eragina horiek kontsumitzeko orduan. Bestalde, % 32,1ek “zerbait” du presente, eta gainerako % 30ak, “oso” presente. Are gehiago, produktu bat erosterakoan, haren jasangarritasunak baino, prezioak edo gustu pertsonalek pisu handiagoa dute. 

Gizalegea eta ingurunea

Toki eta elementu komunei dagokienez, gazteen gehiengo zabal batek gune naturalak errespetatzen dituela dio. Lau gaztetik hiruk (% 75,7) dio mendira edo hondartzara joaten denean sortutako hondakin guztiak biltzen dituela.

Halaber, hamar gaztetik zazpik diote gune publikoak zaintzen dituztela eta, zehazki, hiri-altzarien egoera aipatzen da. Ildo berean, kaleak garbi mantentzen laguntzen dutela diote, besteak beste, lurrera hondakinak botatzea saihestuz.

Aztertutako portaera zibiko guztien artean, beharbada, jaietan kalean txiza egitea da gazte gehien hartzen dituena. Txostenaren arabera, gazteen % 21,8k txiza egiten du kalean jaietan ‘aldizka’, % 6,3k ‘sarritan’ eta % 8,1ek ‘beti edo ia beti’. Zorionez, nafar gazteen % 41,7k dio ez duela inoiz kalean txiza egiten. Kasu horretan, ez da alde esanguratsurik antzeman emakume eta gizon gazteen artean.

Adinean gora egin ahala ohikoak dira gazteen artean portaera zibikoak edo gizalegezkoak, bereziki, gune publikoen eta hiri-altzarien zainketari dagokionez.