Plastikoa gure zibilizazioaren ezaugarri bilakatu da. Eskuragarria, iraunkorra eta malgua da. Duela hamarkada batzuetatik hona, eguneroko bizitzako milaka objektu eta artikulutan aurki dezakegun materiala da. Izan ere, urtero, mundu osoan, 430 milioi tona plastiko ekoizten dira, baina kopuru horretatik erdiak inguruk (280 milioi tona) zabortegietan edo ozeanoetako uretan amaitzen du.
Ozeanoetan den kutsaduraren % 70 inguru plastikoen ondorioa da. Kutsadura hori, gainera, oso iraunkorra da. Plastikozko poltsa arrunt batek 150 urte inguru behar ditu guztiz degradatzeko eta PET botila batek, berriz, 1.000 urte inguru. Hortaz, kutsadura horrek inpaktu itzela du flora eta fauna basatiaren bizitzan, baita giza osasunean ere.
Graz eta Montpellier unibertsitatetako ikerketa-talde batek berriztagarriak diren material begetaletatik abiatuta plastiko mota berri bat sortzea lortu du. Bestelako plastikoekin alderatuta, plastiko berri horren abantailarik handiena da askoz modu errazagoan degradatzen dela. Aurkikuntza hilabete honetako ‘Science’ aldizkarian argitaratu da.
Plastikoen belaunaldi berri bat
Epoxi erretxinazko plastiko termoegonkorrak (ERT) oso erabiliak eta preziatuak dira iraunkortasun handiagatik, egonkortasun termikoagatik eta formari etengabe eusteko gaitasunagatik. Ezaugarri horiek direla eta, plastiko horiek hainbat industria-erabilera dituzte: itsasgarriak, estaldurak, silikonak, aparrak, altzariak eta enbalajeak. Gaur egun munduan diren polimeroen % 18 inguru dira, hots, 65 milioi tona inguru. Hala ere, beren konposizioagatik nekez birzikla daitekeen materialak dira. Oinarri begetala duen plastiko berria ERT plastikoaren aldaera bat da eta jatorrizkoaren hainbat ezaugarri mantentzen ditu. Sortzaileek adierazi dutenez, plastiko berria 60-70 gradu Celsiuseko tenperaturan metanolean deskonposatzen da eta hortik beste produktu berriak ekoitzi daitezke. Plastikoen belaunaldi berri horrek, modu errazagoan birziklatzen denez, mundu mailan den plastikoaren produkzioa eta hondakinen sorrera murriztea ahalbidetuko duela iragarri dute adituek.