Apirilaren 30era bitartean Erasmus+ programan parte hartzen duten herrialdeetako gazteek DiscoverEU programak eskaintzen dituen doako 35.000 bonuetako bat eskatu ahal izango dute. Europar Batasunak antolatzen duen egitasmo horri esker 18 urteko gazteek Europa ezagutzeko aukera izango dute, nagusiki, trenez bidaiatuz.
Udaberriko hau aurtengo programaren lehenengo deialdia da eta bigarren bat izango da udazkenean. Deialdi honetan 2005eko uztailaren 1etik 2006ko ekainaren 30era bitartean jaiotako gazteek parte hartu ahal izango dute. Horretarako, hautagaiek Europar Batasunaren inguruko ezagutza-proba bat osatu beharko dute. Hautatuak diren gazteek 1 eta 30 egun arteko bidaia egin ahal izango dute 2024ko uztailaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean.
Bonua lortzen duten horiek, Europan zehar bidaiatzeko aukera irabazteaz gain, DiscoverEU txartela ere jasoko dute. Txartel horri esker deskontuak lortu ahal izango dituzte, adibidez, garraiobide publikoetan, kultura ekitaldietan, ostatuetan, jatetxeetan…
Discover EUk, Europako aniztasuna aztertzeko, bertako ondare kulturalari eta historiari buruz ikasteko eta kontinente osoko pertsonekin konektatzeko aukera emateaz gain, lehen aukera ematen die gazte askori gurasorik gabe bidaiatzeko.