Euskadiko gazteen hauteskunde topaketa

UN Etxeak, Ecivis eta EGKak antolatuta, Bilboko Zabalguneko merkatuak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezten diren alderdietako gazteen topaketa hartu du gaur goizean

Igande honetan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta horren ildora, Bilboko Zabalguneko merkatuak hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi nagusietako gazteen topaketa bat hartu du. Jardunaldia UN Etxeak, Ecivisek eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak antolatu dute eta EAJ-PNV (Joseba Díez), EH Bildu (Edurne Benito), PSE-EE (Gabriel Blanco), PP (Jaime Velasco), Elkarrekin Podemos (Oihane Mestraitua) eta Sumar (Beñat Alonso) izan dira ordezkaritza izan duten alderdiak.

Topaketa gaikako lau bloketan antolatu da: osasuna, arlo sozioekonomikoa, bizikidetza eta parte-hartzea eta kultura demokratikoa. Alderdietako ordezkariek denbora mugatua izan dute gai bakoitzaren inguruan hitz egiteko eta amaieran tartea izan dute haien mezua zabaltzeko.

Osasuna

Lehenengo blokean egun Osakidetzak bizi duen egoera eta gazteon osasun mentala izan dira hizpide. Sei ordezkariek bat egin dute Osakidetzaren diagnostikoan, ez horrela egoera horretara iristeko erantzukizunetan. Osasun mentalaren kasuan, arreta indartzeko beharra azpimarratu da, betiere osasun zerbitzu publikoaren barruan eta ez orain arte bezala non gazteek beren poltsikotik ordaindu behar izaten duten tratamendua.

Arlo sozioekonomikoa

Datu makroekonomikoak onak diren arren, gazteon bizi-baldintzak hobetu behar direla azpimarratu dute parte-hartzaileek. Bloke honetan gai nagusiak enplegua, etxebizitza eta emantzipaziorako zailtasunak izan dira. Enpleguan gazteen langabezia-tasa datuak onak diren arren gazteen prekarietatea eta lan-baldintzak kaxkarrak azpimarratu dira. Etxebizitzaren kasuan alokairua sustatzearen alde egin dute alderdi gehienek eta horrekin batera, emantzipatzeko adina jaistearen beharra ere azpimarratu da.

Hezkuntzaren inguruan ere hitz egin da tarte honetan eta ordezkariek hezkuntza publikoa indartzearen eta segregazioarekin amaitzeko beharra azpimarratu dute.

Bizikidetza

Hirugarren arlo honetan agerian geratu da euskal gazteriaren ehuneko handi bat gatazka armaturik gabe hazi dela. Hala ere memoria partekatu baten ideia aipatu da eta bizikidetza atzera begiratzeko baino etorkizunera begiratzeko balio behar duela azpimarratu da. Bloke honetan hainbat gai jorratu dira: feminismoa, euskara, status politikoa, aniztasuna, berdintasuna, segurtasuna, klima-aldaketa…

Parte-hartzea eta kultura demokratikoa

Gaur egungo gazteak politikatik urrundu direla esan ohi da, baina topaketan azaldu den ideietako bat da politika instituzionala izan dela gazteengandik urrundu dena. Bloke honetan parte-hartze eredu ezberdinak aintzat hartzearen beharra azpimarratu da eta bozkatzeko eskubidea 16 urtetara jaistea ere proposatu du ordezkarietako batek. Azkenaldian gazteriaren inguruko politiketan gazteen ahotsa behar bezala entzun ez dela adierazi da eta alderdien zerrendetan gero eta gazte gehiago egotea oso positibotzat jo dute.

Apirilaren 21ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, 75.000 euskal gaztek baino gehiagok izango dute, lehen aldiz, botoa emateko eskubidea hauteskunde autonomiko batzuetan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 75.634 gaztek lortu dute adin-nagusitasuna azken euskal hauteskundeetatik.