Mundu osoko 460 milioi haur gatazka-eremuetan bizi dira

Milioika haurrek euren eskubideak urratuta ikusten dituzte gerra garaian. Gaur egun, urraketa larrienak Palestinako Estatuan, Sirian, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Somalian, Ukrainan, Afganistanen eta Yemenen gertatzen ari dira

“Barkaezina da haurrak erasotuak, bortxatuak eta erailak izatea, eta, horren aurrean, gure kontzientzia jaiki gabe eta gure duintasun-zentzua hunkitu gabe mantentzea. Gure zibilizazioaren funtsezko krisia agerian geratzen da. Gatazka armatuek haurrengan duten eraginak guztion kezka izan behar du, baita guztion erantzukizuna ere”.

Graça Machel politikari eta aktibista mozambiketarrak esandako hitzak dira, Nazio Batuen Batzar Nagusian gatazka armatuek haurren bizitzan duten ondorioak argitara emateko egin zen lehengo txostenaren aurkezpenean, 1996ean. Bizitzeko, askatasunerako, nortasuna garatzeko, osasunerako eta hezkuntzarako eskubidearen, zein familiarekin eta komunitatearekin egoteko eta arreta eta babesa jasotzeko eskubideen urraketen istorioa da, ordura arte ezezaguna zena.

Ia hiru hamarkada pasa dira Marchelek munduari lehen aldiz haurrek gerretan sufritzen dutena azaldu zionetik; zoritxarrez, oraindik ere gatazka armatuek haurtzaroan, familietan eta komunitateetan eragin zuzena eta suntsitzailea izaten jarraitzen dute. Gaur egun, mundu osoko 460 milioi haur gatazka-eremuetan bizi dira, hau da, planetako 5 haurretatik 1.

Milioika ume gerra bizitzera behartuta daude eta gehienetan, ondorio larriak, fisikoak eta psikologikoak (bizitzan zehar nekez konpon daitezkeenak) utziko dizkieten indarkeria-egoerak jasaten dituzte. Gaur egun, azken 75 urteetan baino haur gehiago daude arriskuan.

Haurren eskubideen urraketa

Azken urteotan, haurren aurkako erasoak areagotu egin dira eta, gaur egun, haurren eskubideen aurkako urraketa larrienak Palestinako Estatuan, Sirian, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Somalian, Ukrainan, Afganistanen eta Yemenen gertatzen ari dira.

NBEren Segurtasun Kontseiluak gerra-garaian haurren eskubideen aurkako sei urraketa larri identifikatu eta gaitzetsi ditu: haurrak hiltzea eta mutilatzea; haurrak bahitzea edo legez kanpo lekualdatzea; indar eta talde armatuek haurrak errekrutatzea eta erabiltzea; eskolen eta ospitaleen aurkako erasoak; haurren aurkako bortxaketak eta sexu-indarkeriako beste ekintza batzuk; eta haurrei laguntza humanitarioa ukatzea.

Egoera horren aurrean, UNICEFek mundu osoko 190 herrialdetan baino gehiagotan lan egiten du haurren babeserako erantzun sendo bat eskaintzeko, behar handienak dituzten haurrengana iritsi ahal izateko, gatazkan edo segurtasun bila gatazkatik ihesi daudenean.

Zer gertatzen ari da Gazako zerrendan?

Gaur egun, begi guztiak Gazara begira daude, bertan gertatzen ari den nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketak milaka haurren bizitzaren aurka egiten duelako zuzen-zuzenean.

Urriaren 7ko erasoek eragindako indarkeriaren gorakadaren ondoren, Israelgo eta Palestinako Estatuko haurren aurkako eskubideen urraketa larriak salatu dira: hilketak, mutilazioak, bahiketak eta azpiegitura zibilen eta funtsezko zerbitzu publikoen aurkako erasoak; hala nola eskolak, osasun zentroak (anbulantziak eta ospitaleak barne) eta ur, saneamendu eta higiene instalazioak. Egunero, 400 haur baino gehiago hiltzen edo zauritzen dira Gazako zerrendan; liskarrak hasi zirenetik 8.000 haur baino gehiago hil dira. 

Erasoen ondorioz hildakoen eta zaurituen kopuruaz gain, bost urtetik beherako haur guztiak (335.000) desnutrizio larria izateko eta saihestu daitezkeen heriotzak sufritzeko arriskuan daude. NBEko idazkari nagusiak ohartarazi du gosetea izateko arrisku handia dagoela.

Era berean, Gazako zerrendako biztanleek 1 eta 3 litro ur baino ez dute eskura egunean, eta horrek ur eskasiak eragindako osasun publikorako eta gaixotasunen transmisiorako hainbat ondorio kritiko ekar ditzake. Haurren beherakoen kasuak % 50 igo dira aste bakar batean, eta bi urtetik beherako haurren % 90 “elikadura-pobrezia larrian” daude orain.

Testuinguru horretan, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) jakinarazi du Gazako Zerrenda osoan 36 ospitaleetatik 8 bakarrik ari direla partzialki funtzionatzen, eta lehen mailako arretako 72 zentroetatik 18k soilik jarraitzen dutela martxan.

Gerra guztietan, haurrak dira gehien sufritzen dutenak. Horregatik, UNICEFek berretsi egiten du berehalako su-etena eta sarbide humanitarioa behar direla biztanleria zibilak behar duen laguntza eman ahal izateko. Era berean, erasoak etetearekin batera, bahitutako pertsona guztiak askatzeko eskatzen dugu.

📷 UNI495581 / Abed Zagout
Euskal Herriko Batzordea