Boluntariotza arautuko duen foru lege berria

Nafarroako Boluntariotzaren III. Planaren (2024-2027) xedea izango da boluntariotzaren inguruan eta horren parte-hartze aktibo eta solidarioaren garrantziaz gizartea kontzientziatzea

Nafarroako Gobernuak boluntariotza aldaketa sozialaren eragile gisa arautuko duen foru lege berri bat bultzatuko du. Egun indarrean den Boluntariotzaren Foru Legea 1998. urtekoa da eta, bertan, boluntariotza-ekintza gisa zedarritzen dira “pertsonen portaera soziala dutenak, askatasunez eta modu altruistan, irabazi-asmorik gabeko erakundeetan antolatzen direnak, pertsonei edo komunitateari zerbitzuak emateko, gizakien arteko elkartasuna lortzeko helburuarekin”.

Nafarroako Boluntariotzaren II. Azterlanak jasotako datuen arabera, Nafarroako biztanleen % 44k adierazi du boluntariotzako erakunde eta/edo programetan parte hartu izan duela noizbait bere bizitza osoan, eta gizarte-eremua da parte hartu duten jardueren artean nabarmenena. Emakumeen kasuan, gizarte-boluntariotzari hezkuntza- eta komunitate-esparruetan duten lankidetza gehitu behar zaio; gizonen lehentasunen artean, berriz, kirol- eta ingurumen-jardueretarako espazioak ere nabarmendu behar dira, kulturaz gain.

Boluntariotzaren III. Plana

2024. urtearekin batera, hasiera emango zaio Nafarroako Boluntariotzaren III. Planari. Plan hori Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak sustatuko du, partaidetza-prozesu baten bidez, eta datozen lau urteetarako Nafarroan boluntariotza sustatzeko neurriak eta lehentasunak ezarriko ditu. Plan berriak 16 lan-ildotan bildutako 59 ekintza jasotzen ditu. 

Bere xede nagusia da boluntariotzaren inguruan eta horren parte-hartze aktibo eta solidarioaren garrantziaz gizartea kontzientziatzea. Horrez gain, honako helburu hauek ere ditu: boluntariotza-erakundeen garapena eta hazkundea bultzatzea; inplikatutako eragileen koordinazio-sistema eraginkorra eta iraunkorra garatzea; eta Nafarroako boluntariotzaren errealitateari buruzko ezagutza hobetzea. Berritasunen artean, plan berriak landa-eremuko boluntariotza sustatzea eta laguntzea aurreikusten du.

Nafarroa, orotan lagun’ plataformak 218 boluntariotza-programa eskaini zituen esparru ezberdinetan 2023an zehar. Horietan guztietan 737 izen-emate egon ziren.

Nafarroa, Orotan Lagun NASERTIC enpresa publikoak kudeatzen duen Foru Gobernuaren boluntariotza-plataforma da, boluntariotza-erakundeak, elkarteak, osasun-zentroak edo toki-erakundeak boluntario izan nahi duten pertsonekin harremanetan jartzen dituena, herritarrek boluntariotza-jardueretan parte-hartze aktiboa, askea, solidarioa, altruista eta arduratsua izan dezaten sustatzeko.

📷 Nafarroa Orotan Lagun