NGIk udalekuetako plazak biderkatuko ditu

14 eta 17 urte bitarteko gazteentzako 210 plaza eskainiko dira, aurreko urtean baino 176 plaza gehiago

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) 210 plaza eskainiko ditu aurtengo udalekuetan. Aurreko urtearekin alderatuta 176 plaza gehiago eskainiko dira. NGIk antolatzen dituen udalekuetan 14 eta 17 urte bitarteko gazte nafarrek parte hartu ahal dute. Guztira bost txanda eskainiko dira: hiru gaztelaniaz eta bi euskaraz.

Udaleku horietan gazteek hainbat jarduerez gozatu ahal izango dute, hala nola abentura anitzeko jarduerak (piraguismoa, ferrata bidea, abentura-parkeak, tirolinak, mendi-ibiliak, rokodromoa, gymkanak, etab.), antzerki-tailerrak, gorputz-adierazpena, adierazpen plastikoa, adierazpen musikala eta psikomotrizitatea, jarduera ludikoak (barruko eta kanpoko jolasak, jolas tradizionalak, distentsiokoak, komunikaziokoak eta adierazpenekoak), kirol-jarduerak (dantza, futbola, saskibaloia, etab.), eta kultura-irteerak ingurunean zehar.

Udalekuak

Udaleku horien xede nagusia da gazteei aisialdirako eta bizikidetzarako gune seguru bat eskaintzea, udaz gozatzeko aukera izan dezaten eta, aldi berean, beren autonomia pertsonala gara dezaten. Udaleku guztiek ostatua, mantenua, jarduerak eta joan-etorriko bidaiak barne hartzen dituzte, Nafarroan kokatuta baldin badaude.

Aurten izan den plazen igoera aurrekontuan izan den % 66ko igoerari esker izan da posible. Guztira, 250.000 bideratuko dira gazteei zuzendutako jardueretara. Gainera, nafar gazteek Araban eta Gipuzkoan izango diren bi udalekutan parte hartzeko aukera ere izango dute. Kasu horretan 30 plaza eskainiko dira.

NGIk antolatzen dituen udalekuetan izena emateko epea maiatzaren hasieran zabalduko da. Izen-emateak Institutuaren webgunearen bidez egin beharko dira.