Nola izan zenuen Geruzak egitasmoaren berri? Nola izan zen bertan parte hartzeko prozesua?
Kontu nahiko sinple eta zuzena izan zen. Aurreko edizio batean egondako kide baten partetik mezu bat jaso nuen Geruzak egitasmoari buruz hitz eginez eta nire profilagatik zeukaten interesa adieraziz. Lurraldetasuna, generoa, ikasketak eta aldagai ezberdinak aztertuz hirugarren edizio honetan parte hartzera gonbidatzen ninduten. Hortik egun batzuetara Geruzakeko zuzendariaren dei bat jaso nuen, egitasmoaren nondik norakoak, grabaketaren iraupena eta kontu orokor batzuk komentatzeko, ordu batzuen ostean baiezkoa eman nuen.
Zein nolako ekarpena egin dizu, pertsonalki, horrelako egitasmo batean parte hartzeak?
Zalantzarik gabe ekarpen handia bezain polita izan da. Beti iruditu zait aberasgarria pentsamendua zabaltzea, hausnarketak partekatzea, gazte ezberdinekin kexkak partekatzea… Nahiz eta kasu honetan laurok herri eta gazte mugimenduetan murgilduta egon, bat egiten genuen hausnarketarako espazioak mugatuak zirenaren ideiarekin eta espazio informalek betetzen zutela askotan horren papera. Mundua eta bizitza oso azkar doaz, informazio eta estimuluz inguratuta bizi gara eta gure militantzia politikoa ez da erritmo horietatik kanpo geratzen. Horregatik, nabarmendu behar ditugu horrelako egitasmoak eta hausnarketa kolektiboa sustatzen duen edozein espazio eta eragile.
Munduaren abiadura eta bizitzaren erritmoak gainditzeaz aparte jorratutako gaiak ere nabarmendu nahiko dituzke: maitasuna, edertasuna eta etorkizuna. Gure bizitzak zeharkatzen dituzten hiru gai dira, lehen esan bezala, profil oso anitzak gara, eta horrek egin du hain aberasgarri esperientzia. Nire ohiko ingurutik atera eta bizipen zein iritzi ezberdinen artean murgiltzeko aukera izan dut, oso ariketa eskuzabala eta beharrezkoa.
Aipatu duzun moduan, hiru gaien inguruan hausnartu behar izan duzu: maitasuna, edertasuna eta etorkizuna. Gai horien inguruan hausnartu al zenuen aurretik?
Bai, batez ere maitasuna eta edertasunaren inguruan, etorkizunarekin… apurtxo bat hedonista izan naiz beti. Politizatzen hastea eta zure bizitza zeharkatzen duen guztia zalantzan jartzea gazte askoren esperientzia konpartitu bat dela esango nuke. Gure belaunaldian feminismoa izan da politizazio horren ardatz nagusia (eta eskerrak). Hortaz, maitasun eta edertasun eredu hegemonikoak zalantzan jartzea ezinbestekoa izan da. Deseraikitze eta kuestionatze ariketa hori indibidualetik kolektibora eramatearen beharrezkotasunaz hitz egiten dugu Geruzak-en. Pertsonala dena politikoa dela dakigun arren, esperientziak konpartitzea eta horiek ahalbidetzen dituzten egiturak markatzeak honetan berresten gaitu.
Nola ikusten duzu gazteriaren etorkizuna?
Azalkdu dudan moduan nire burua hedonistatzat jotzen dut, baina gazteon etorkizunaz ari garenean analisi sakonago bat egitea eskatzen duela uste dut. Asko zabaldu diren bi datu esanguratsu aipatu nahiko nituzke: bere gurasoak baino okerrago biziko den lehen belaunaldia gara eta gaztee artean lehen heriotza kausa suizidioa da. Bi datu horien arteko harremana agerikoa den arren, badirudi ez dela nahikoa egoeraren larritasuna aitortzeko, eta errazagoa dela paternalismotik jokatzea eta “kristalezko belaunaldia” bezalako terminoak sozializatzea. Gazteon prekaritateaz ari garenean ez gara soilik lan baldintzetaz ari.
Gure bizitzako esparru guztietan baldintza eta tresna eskasekin aurrera egin behar izatea prekaritatea da; bizi proiektu duin bat garatzearen ezintasuna prekaritatea da; gure lagun taldean osasun mentalaz hitz egitea, baina hori hobetzeko gaitasun eza prekaritatea da; eta, horrela, luze jarrai nezake. Ertz guztiak arakatu eta aurreko belaunaldiaren egia borobilak hankaz gora jarri dituen belaunaldia gara, eta harro egoteko modukoa den arren, hori erromantizatzeak ez garama inora. Bizitza, harremanak, lana, zaintza, ondasunak… beste modu batean antolatzeko apustua daukan belaunaldia gara.
Eta beste bien inguruan, hots, maitasunaren eta edertasunaren inguruan, zer nolako iritzia duzu?
Gai konplexuak dira, eta aipatu bezala, eskerrak feminismoari…Maitasuna politizatzea ez da afera erreza, sentimendu huts bat izan zitekeen hori instrumentalizatu eta harreman ereduak sortzeko baliatu izan da. Gizartea kapitalismo zisheteropatriarkalaren mesedetan erreproduzitzeko harreman ereduak sortzeko hain zuzen ere. Zure familia maitatu beharko duzu zure familia delako, zure bikotearekin (zisheterosexuala) bizi proiektu bat garatu beste familia bat sortu eta hori zure bizitzako beste esparru guztien gainetik kokatu beharko duzu, eta kuadrilla izan beharko duzu noski… Beti pentsatu izan dut mingarria bezain askatzailea dela horiekin apurtzea; baina biziraupenerako espazio eta harreman eredu ezberdinak sortzea, bikotezentrismoa zalantzan jartzea eta familia nuklearren papera errebisatzea da bizitza bizigarri eta feministagoak eraikitzeko bidea.
Edertasunari dagokionez…pribilegio eta dominazio sistemaren beste faktore bat. Edertasun hegemonikoak pribilegio batzuk dakartzala esaten da, beste dominazio sistemekin harreman zuzena daukalako; lodifobia, kapazitismoa, genero auzia, klase soziala, arrazismoa… Emakumeon kasuan, ukaezina da oso gaztetatik jasotzen dugun presio estetikoa ederrak izateko, ederra izateak bizitza errazten dizulako, eta bitartean, zahartzearen eta loditzearen beldurra noski. Bi saio horiek grabatzerakoan asko disfrutatu eta ikasi nuen; itsusitasunaz modu oso utopikoan eta desiragarrian hitz egin genuen.
Beste hiru lagunekin batera aritu zara. Nolakoa da orain zuen arteko harremana?
Harreman polita eraiki dugula esango nuke. Nahiz eta aurretik bata bestearen existentziaz jakin ez genituen espazioak partekatzen. Grabaketa asteburua oso intentzitate handikoa izan zen, burbuila batean murgilduta geunden, eta intentsitate horrek egin zuen gaur egungo harremana den modukoa izatea. Espazio oso segurua eta erosoa bilakatu zen eta, gaur egun, horrela izaten jarraitzen du. Bizitza oso ezberdinak ditugu eta ez dugu sarritan bat egiten, baina parranda bat daukagu egiteke.