Hiru gai berri ‘Geruzak’ egitasmoan

‘Maitasuna’, ‘Edertasuna’ eta ‘Etorkizuna’ dira gazteen gogoeta kritikoa piztea helburu duen egitasmoan jorratu diren gai berriak

Gazteen kezka eta galderetatik abiatuta gogoeta kritikoa piztea helburu duen ‘Geruzak’ egitasmoak hiru gai jorratzen dituzten ikus entzunezkoak prestatu ditu. Jorratu diren gai berriak ‘Maitasuna’, ‘Edertasuna’ eta ‘Etorkizuna’ dira. Azken hori gaur bertan estreinatuko da Errenteriako Badalab-en, baina hiru  lan berriak jada ikusgai daude egitasmoaren webgunean.

Aipatu hiru gai berri horiek pasa den ikasturtean jorratu ziren sei gaiak osatuko dituzte. Lau dira ikus-entzunezko berrietako gazte protagonistak: Julene Susana Samuel, Maialen Imaz, Maren Durán eta Mikelsa Etxebarria.

Geruzak

Egitasmoa Elkar argitaletxeak eta Jakin Fundazioak garatu dute. Feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua gazteen artean lantzeko ikus-entzunezko sorta eta webgunea biltzen ditu egitasmoak. Ikus-entzunezko bakoitzak bi elementu osagarri ditu: eztabaidari bidea egiten jarraitzeko kaiera tematikoak eta gai bakoitzari lotutako kultur sorkuntzen erreferentzia sorta.

Era berean, gazteei ahotsa emateaz eta gazteen pentsamendua bultzatzeaz gain, egitasmoak euskal kulturarekiko transmisioari ere beste bide bat ireki nahi dio. Horrekin batera, euskarazko ahozko espazio berri bat ireki nahi du Geruzak egitasmoak, gazteek euren intereseko diren gaien inguruan euskaraz pentsatu, hitz egin eta parteka dezaten.

Etorkizuna

Gai bakoitzarekin hainbat galdera egiten zaizkie gazteei. Etorkizunaren inguruan, esaterako, honakoak: “Zer da etorkizuna zuretzat? Etorkizunean pentsatzen al duzu? Nola irudikatzen duzu? Etorkizunean ez sinesteko arrazoiak zein dira? Eta etorkizunean itxaropena, konfiantza eta poza sentitzeko arrazoiak? Eta, gaur zer egingo dugu etorkizun hobe baten alde?”.

Bestalde, webgunerako hainbat adituk osatu dituzte gai bakoitzari dagozkien erreferentzia zerrendak:

  • Artea: Hariak taldea.
  • Bertsolaritza: Uxue Alberdi Estibariz.
  • Dantza: Jon Maya Sein.
  • Literatura: Castillo Suarez Garcia.
  • Musika: Olatz Salvador Zaldua.
  • Antzerkia: Arantxa Hirigoien.