Edouard Lazarguren erbesteratutako bilbotarraren “Vuelta” erakusketa

Erakusketa abenduaren 11ra arte egongo da ikusgai Abando Barrutiko Udaltegian, eta Gerra Zibilak Bilbon eragindako ondorioetan sakonduko du.

Gerra Zibila eta Bilbon utzi zituen aztarnak izan dira azken hilabeteetako “Bilbao Izan” programaren ardatz nagusia. Gai hori Udal Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesuan onartutako herritarren proposamena izan zen.

Orain, programa horrek Edouard Lazarguren margolari bilbotarraren pintura erakusketa aurkezten du. Margolaria Frantzian errefuxiatuta egon zen gerran, eta bere obra Abando Barrutiko Udaltegian egongo da ikusgai, abenduaren 11ra arte.

“Bilbao Izan” programak hainbat kultur jarduera burutu ditu proiektu honen baitan, hala nola bisita gidatuak eta udaleko sare sozialetan astero zabaltzen diren “Txio ta Txio” bideo laburrak. “Vuelta” erakusketak bat egiten du ekimen horiekin, eta Gerra Zibilak Bilbon izan zuen inpaktuari buruz hausnartzeko aukera ematen du.

Edouard Lazarguren

Edouard Lazarguren margolaria Bilbon jaio zen 1928an. Bederatzi urte zituela, Gerra Zibilean aita hil zuten eta, ondorioz, Frantzian babestu behar izan zuen amarekin. Han bizi izan zuen bizitza osoa. “Vuelta” bere lehen erakusketa da Estatu mailan. Lazargurenen lanaren ezaugarri nagusia kolorea, argia eta figuratiboa dira, eta emakumeak, haurrak eta katuak erretratatzeko ikuspegi berezia du.

Errefuxiatua izateak, bere etxea suntsitzeak eta familiarengandik banatzeak betirako markatu zuten Edouard Lazarguren. Gap ondoko herri batean hartu zuten, eta txikitatik izan zuen marrazkiarekiko grina. 50 urte baino gehiagoz margotu zuen eta 2015ean hil zen Frantzian.

Gainera, Gogora Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin elkarlanean, “Bilbao Izan” programak “Ebakuatutako euskal haurren testigantzak” izeneko bideoa proiektatuko du azaroaren 16an, ostegunean, 19:00etan. Ikus-entzunezko material honek 1936 eta 1937 bitartean Gerra Zibiletik ihes egin zuten haurren testigantza hunkigarriak biltzen ditu.

Bideoa proiektatu aurretik eta ondoren, Iñaki Goiogana historialariak 1936tik 1937ra bitartean Gerra Zibiletik ihes egitera eraman zituen milaka neska-mutilen testuinguruan sartuko du publikoa. Bideoak garai hartako neska-mutiletako batzuen lekukotza zirraragarriak erakutsiko ditu, gaur egun laurogeita hamar urtetik gorakoak direnak edo jada hildakoak, Gogora Institutuak 2018 eta 2020 artean bildu zituenak.

“Bilbao Izan” proiektuak Bilboren funtsa zer den zabaltzeko ekimen guztiak biltzen ditu: ibilbide historikoa, pertsona garrantzitsuek utzitako aztarna, ondare artistikoa, hirigintza, auzo bakoitzaren historia bereziak, kaleak eta txoko adierazgarrienak, etab.