Euskadin 8.453 emakume ikertzaile daude, duela 10 urte baino % 35,7 gehiago

2021-2022 ikasturtean Zientzia eta Teknologia batxilergoan matrikulatutako emakumeak gizonak baino gehiago izan ziren,, zehazki, % 51,4

Azken hamarkadan nabarmen hasi da zientzia- eta teknologia-adarretan ikastea eta lan egitea aukeratzen duten emakumeen kopurua. 2021-22 ikasturtean, Euskadin, Zientzia eta Teknologia ikasketak egitearen alde egin zuten emakumeen kopurua % 51,4 izan zen. Lan esparruan, berriz, 2022an,  8.453 emakume ikertzaile daude, duela 10 urte baino % 35,7 gehiago. Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak otsailaren 11n ospatzen den Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela-eta egindako azterketa batetik datoz datuak.

Formakuntzari dagokionez, emakume gazteen kopurua handiagoa da batxilergoko aukera guztietan. Gainera, gero eta gehiago dira Zientzia eta Teknologia batxilergoa aukeratzen duten emakumeak (% 51,4 2021-22 ikasturtean). Ehuneko hori bost puntutan hazi da azken hamar urteetan. Izan ere, 2011-12 ikasturtean batxilergoaren adar horretan ikasten ari ziren neskak % 46,3 ziren.

Giza eta Gizarte Zientzien batxilergoaren kasuan, emakumeen proportzioa are nabarmenagoa da (% 62).

Unibertsitatearen kasuan, 70.503 matrikulatik, % 54,3 emakumeei dagozkie. Ehuneko hori txikiagoa da master ofizialen eta doktoregoen kasuan (% 51). Graduko ikasketetan, emakume unibertsitarioen erdia baino gehiagok (% 53,5) gizarte-zientziak eta zientzia juridikoak ikasten dituzte (17.350 ikasle).

Ikasketa-adarrak

Eustatek emandako datuek agerian uzten dutenez, zenbait ikasketa-adarretan genero-arrakala  agerikoa da. Adibidez, osasun-zientzietan, emakumeak matrikulen % 78 dira, eta % 75eko langa gainditzen dute gradu guztietan, fisioterapian izan ezik, non bi sexuak berdin ordezkatuta dauden. Ingeniaritza eta arkitektura ikasketetan, berriz, kontrako fenomenoa ematen da: emakumeen matrikulak ez dira % 30era iristen eta ingeniaritzako zenbait adarretan ezta % 20era ere. Fisikako graduan ere gizonek gehiengo izaten jarraitzen dute eta emakumean % 29 baino ez dira.

Beste diziplinetan parekotasun handiagoa dago. Adibidez, zientzia puruen kasuan, emakumeak % 50,8 dira. 

Goi-mailako Lanbide Heziketaren kasuan, 23.859 ikasletik, % 36,2 emakumeak dira. Unibertsitateko ikasketetan bezala, zientziarekin harremana duten lanbideen aldeko apustua egiten duten emakumeak, nagusiki, osasun- edo kimika-adarretan biltzen dira: % 77 eta % 63,4, hurrenez hurren. Txanponaren beste aldean, emakumeek honako sektore hauek saihestu ohi dituzte: elektrizitatea eta elektronika (soilik ikasleen % 7,1), fabrikazio mekanikoa (% 11) edo informatika eta komunikazioak (% 5,1).

Emakume ikertzaileak

Euskadin 22.860 pertsona ari dira ikerketan, eta, horietatik guztietatik, % 37 emakumeak dira. 

I+G arloan lan egiten duten emakumeen ehunekoak gora egin du azken urteetan, 2002an % 29,8 izatetik 2022an % 37,8 izatera igaro baita. Ehunekoetan ez ezik, ikerketan ari diren emakumeen kopuruak ere gora egin du. 2002an 3.250 emakume ikertzaile zeuden Euskadin. Kopuru hori 6.227raino igo zen 2012an eta 2022an jada 8.453 ziren. Ikus daitekeenez, 20 urtetan izan den hazkundea % 160koa da eta, azken hamarkadan, % 35,7koa.