120 sortzaile baino gehiagoren proposamenak Loraldiaren X. edizioan

Martxoaren 1etik 23ra bitartean, Bilboko 13 espazio ezberdinetan, hainbat diziplinetako 28 ekintza programatu dira

Loraldia Festibalak bere hamargarren urteurrena ospatuko du aurten eta kultur eskaintza zabala eta askotarikoa eskainiko du, 120 artista eta sortzaile baino gehiagoren proposamenekin. Martxoaren 1ean hasi eta 23ra arte luzatuko den programazioan hainbat diziplinetako ikuskizunak programatu dira, hala nola, bertsolaritza, musika, literatura, ikus-entzunezkoak… eta euskal kulturaren bestelako adierazpenak.

‘Munduari begiratzeko modu bat’ lelopean, festibalak hausnarketarako eta errealitateari buruzko hainbat ikuspegi kontenplatzeko espazioa eskainiko du. Bertan izango dira, adibidez, Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Toti Martínez de Lezea edo Mikel Urdangarin bezalako euskal kultur arloko izen nabarmenak. Horiekin batera, eta talentu gaztearen alde eginez, Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga, Amaiur Luluaga, Eñaut Zubizarreta eta Iñigo Xalbador izango dira.

Proposamenak

Aurtengo edizioan festibalak produkzio propioak eta festibalerako propio prestatutako proiektuak aurkeztuko ditu. Horien artean, adibidez, antzerkia, dantza eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen ‘Gorputzaren atzean’ edo zenbait emakume bilbotarren eskutik natura eta kultura lotzen dituen ‘Goroldirik ez. Andreak eraztun berdean’ lanak azpimarra daitezke.

Ohi bezala, musikak ere toki garrantzitsua izango du Loraldian ‘Sustraien matxinada’, ‘Bihar, atzo, gaur, bihar’ eta ‘Erresiñulka kantari’ bezalako proposamenekin.

Antzerkiari dagokionez, bi antzezlan estreinatuko dira festibalaren programazioaren barruan: ‘Dada ü Lala’ eta ‘Arma tiro pum’. Dantzak ere bere lekua izango du ‘Mitologia txikiak’ eta ‘AMAraun’ lanen bidez. Eta proposamen artean zinemak ere protagonismoa izango du Josu Martínezek zuzendutako ‘Bizkarsoro’ filmaren proiekzioarekin.

Arte eta kulturarekin harremana duten proposamenez gain, festibalak euskararen etorkizunaren inguruko hitzaldiak, liburuen aurkezpenak eta zuzeneko podcast emanaldiak ere programatu ditu.

Loraldia Festibala Harrobia Dantza Konpainiaren ‘Geure(R)a’ ikuskizunarekin amaituko da. Ikuskizun horrek dantza bertikala eta bideomapping-a uztartuko ditu, emakumeekiko memoriari buruz hausnartzeko.


Jaialdiak talentu berriarentzako tartea ere eskainiko du Loraldia Terminalan eta Basabiren ‘Oma’ikuskizunaren estreinaldia hartuko du Lorazain Egunean.