Loraldiak euskal kulturaren erreferenteak elkartuko ditu

Martxoaren 7tik 27ra bitartean ospatuko den Loraldia festibalaren VIII. edizioak kultur proposamen ezberdinak hartuko ditu

‘Hautsi zen anphora!’ izango da martxoaren 7an hasi eta martxoaren 27ra arte luzatuko den aurtengo Loraldia Festibalaren leloa. Leloak duela lau hamarkada Ruper Ordorikak argitaratu zuen diskoari egiten dio erreferentzia. Bertan, Bernardo Atxagaren ‘Etiopia’ poesia liburua oinarritzat hartuta, Ruperrek liburuko hainbat poesia abesti bihurtu eta aipatu diskoa osatu zuen. Duela lau hamarkada osatutako abestiak izan arren, gaur egun ere badute zer esanik.

Eta Loraldia Festibalak diskoa hori berreskuratuko du: Ruper Ordorikak berak, Mugalaris taldearekin batera, disko horretako abestiak berreskuratuko ditu. Bernardo Atxagak, berriz, egungo literaturaren inguruan hausnartuko du.

Programazioa

Loraldia Festibalak Bilboko 15 gunetan izango diren 26 kultura-jarduera programatu ditu. Guztira, hainbat diziplinetako 110 artista baino gehiago igoko dira eszenatokira: musika, dantza, antzerkia, literatura, bertsolaritza, artea, hiri-kultura, dastatzeak…

Gainera, omenaldia egingo zaie euskal kulturaren erreferente batzuei: Mikel Laboa, Juan Carlos Eguillor eta Eulalia Abaitua. Eta horiez gain, baita honako hauei ere: Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Maddi Oihenart, Uxue Alberdi, Aukeran Dantza Konpainia

Gainera, aurtengo edizioan bada berrikuntza garrantzitsu bat. Festibalak gazte sormenerako harrobi berri bat proposatuko du. Horren baitan, gazte talentu berriei guneak eskaini nahi zaizkie Zorrotzaurren.