Euskara, hizkuntza gaztea

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Azken 30 urteetan euskararen zabalkuntzak urrats sendoak eman ditu, 300.000 hiztun baino gehiago irabaziz, bereziki, belaunaldi gazteenen artean. Aldi berean, euskararen presentzia nabarmen handitu da hainbat eremu eta sektoretan. 

Esan bezala, euskararen bizindarra esanguratsuki handiagoa da belaunaldi gazteenen artean eta, hortaz, bere antzinatasuna gorabehera, gaur egun euskara batez ere gaztea dela ziurta daiteke.

EAS 2018 Urtekarian (Euskararen Adierazle Sistema – EAS) azaltzen denez, Euskal Herrian bizi diren 16 urtetik gorako biztanleen % 28,4 euskaradunak dira. Gazteen kasuan, kopuru hori % 55,4raino igotzen da. Euskaradun edo euskaldunen % 36,2 euskaldun-berriak dira eta, horrek, euskaraz hitz egiteko duten jariotasunean eragiten du.

Euskaradunen profila nabarmen aldatu da azken 25 urteetan; izan ere, euskaradunen % 44,5 hobeto moldatzen da erdaraz (gaztelaniaz edo frantsesez), euskaraz baino. 

Euskaradunen kopuruak nabarmen egin du gora

Pasa den urteko abenduan argitaratutako VI Mapa Soziolinguistikoan (2016) jasotako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsonen % 41 euskaradunak dira, % 15 euskaradun pasiboak dira, hots, ulertzen dute, baina ez dute hitz egiten, eta % 44 ez da euskaraduna.

Azken 30 urteetan nabarmen hazi da Euskadin bizi diren euskaradunen kopurua. Zehazki, hiru hamarkadetan euskaradunen kopurua 16,3 puntutan hazi da. Horrela, aipatu Mapa Soziolinguistikoaren arabera, 1986. urtean EAEn bizi ziren euskaradunen kopurua % 24,7koa zen bitartean, 2016. urtean % 41ekoa izatera pasatu da.

Gaur egun, euskaradunen ehunekorik handiena 40 urtetik beherako biztanle gazteen artean kokatzen da. Era berean, azpimarratzekoa da 5 eta 29 urte bitarteko biztanleen erdia baino gehiago euskaraduna dela. Biztanle gazteen artean adinak behera egin ahala euskaradun pasiboen eta ez euskaradunen kopuruak behera egiten du.

30 eta 39 urte bitarteko biztanleen artean ere euskaradunen kopurua esanguratsua da; % 40 ingurukoa, hain zuzen ere. Adin-tarte horretan euskaradun pasiboen kopurua ere nabarmena da, bereziki, 35 eta 49 urte bitartekoen artean (% 21 eta % 25 artean, hurrenez hurren).

‘Nafarroako Datu Soziolinguistikoak 2018’ txostenean jasotako datuen arabera, Nafarroan ere nabarmen hazi da euskaradunen kopurua. Horrela, 16 urtetik gorako biztanleen artean euskaradunen ehunekoa etengabe hazi da 1991. urteaz geroztik. Duela 30 urte euskaradunen kopurua % 9,5ekoa zen eta 2018. urtean, berriz, % 14,1ekoa. Nafarroan 75.810 dira euskaraz ondo moldatzen diren biztanleak, hots, aipatu % 14,1. Euskararen ezagutza ertaina izanik hizkuntza erabiltzen ez duten hiritarren kopurua, berriz 42.994koa da (% 8); eta, azkenik, euskaradunak ez direnen kopurua 418.425koa litzateke (% 77,9).

2018ko datuen arabera, Nafarroako Eremu Euskaldunean 16 urtetik gorako biztanleriaren % 60,8 euskaradunak dira. Eremu Mistoan kopuru hori % 12,4ra jaisten da eta Eremu Ez-euskaldunean % 2,6ra. 

Hizkuntza-gaitasuna eta euskararen erabilera

Iparraldean, berriz, egoera konplexuagoa da. Eguzki Urteaga soziologoak egindako ‘La nouvelle politique linguistique au Pays basque’ ikerlanaren arabera, azken bost urteetan euskaradunen kopurua 73.000tik 74.000ra pasatu da. Eta zifra irrigarria dirudien arren, ez da hala. Izan ere, 1920ko eta 1930eko hamarkadetako belaunaldiak, frantsesaz bestelako ama-hizkuntza zuten azkenak, hil baziren ere, euskara da hiztun kopurua handitzen duen hizkuntza bakarra.

Ehunekoetara jotzen bada, Iparraldeko biztanleriaren % 20,5 euskaraduna da; % 9,3k ulertzen du, baina ez du erabiltzen eta frantsesera jotzen du.

Hezkuntza sistemaren eragina

Euskararen ezagutzaren eta erabileraren azken hamarkadako hazkunde hori ezin da ulertu gazteenen artean euskararen hedapena bultzatu duten hezkuntza-ereduak izan ezean. 

Gaur egun eredu horien eraginkortasuna zalantzan bada ere, ezinbestekoak izan dira belaunaldi berrien euskalduntze prozesuan. 

EAS 2018 Urtekariaren arabera, EAEko unibertsitateaz kanpoko ikasleriaren % 66,8k; Nafarroako % 24,5ak; eta, Iparraldeko % 7k murgiltze linguistikoko ereduetan ikasten du (Euskadin eta Nafarroan D Ereduan, hain zuzen). Gainera, EAEko ikasleriaren % 18,7k eta Iparraldeko % 19,4k eredu elebidunetan ikasten du.

Euskadin, VI. Mapa Soziolinguistikoak erakusten du hezkuntza-sistemaren egoera asko aldatu dela hizkuntza-ereduak ezarri zirenetik. D ereduak hezkuntza-maila guztietan ikasleak irabazi ditu. 

1983/84 ikasturtean, adibidez, ikasleriaren gehiengoa (% 64) A Ereduan matrikulatuta zegoen. Horrez gain, ikasleen % 13,8 gaztelania nagusi zuen X Ereduan matrikulatuta zegoen. Gaur egun, berriz, aipatu bi eredu horietan matrikulatuta dauden ikasleen kopurua nabarmen jaitsi da: % 13,2 eta % 0,6, hurrenez hurren.

Gaur egun, euskaradunen ehunekorik handiena 40 urtetik beherako biztanle gazteen artean kokatzen da. Era berean, azpimarratzekoa da 5 eta 29 urte bitarteko biztanleen erdia baino gehiago euskaraduna dela. 

D Ereduak kontrako joera jarraitu du eta etengabe hazi da. 1983/84 ikasturtean, adibidez, D Ereduan matrikulatuta zeuden ikasleak % 14,2 besterik ez ziren. Gaur egun, ehuneko hori 52,6 puntu altuagoa da (% 66,8). B Ereduak ere hazkunde esanguratsua izan du, baina ez hain nabarmena: 1983-84 ikasturtean % 8,1 eta gaur egun, % 18,7.

Gainera, helduen euskalduntzeari esker, euskaradun berrien kopurua, aktiboak zein pasiboak, nabarmen hazi da. Hazkunde hori, adibidez, esanguratsuagoa izan da emakumeen artean. Izan ere, euskaltegietan euskara ikasi duten ikasle guztien bi heren emakumezkoak dira. Hori hainbat urtez mantendu izan den joera da.

Hezkuntza sistemari bueltatuz, hezkuntza-mailaren arabera hizkuntza-eredu bakoitzean jasotako matrikula datuak guztiz ezberdinak direla azpimarratu behar da. Euskadin, adibidez, zenbat eta altuagoa izan hezkuntza-maila, orduan eta baxuagoa D Ereduan izandako matrikulazioa.

2017/18 ikasturteari dagozkion datuen arabera, D Ereduak matrikulazio ehuneko altuagoak erregistratzen ditu Haur Hezkuntzan (% 79,04) eta Lehen Hezkuntzan (% 73,8). Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan ere D Ereduak nagusi izaten jarraitzen du, baina kopuruak baxuagoak dira: % 67 eta % 62,2, hurrenez hurren.

Lanbide Heziketan egoera guztiz ezberdina da. Hezkuntza-maila horretako ikasleriaren % 66,3k gaztelaniaz burutzen ditu bere ikasketak (A Eredua). D Ereduan ikasten duten ikasleak % 20, 2 dira eta B Ereduan daudenak, aldiz, % 13,6.

Unibertsitateari dagokionez, 2016/17 ikasturtean Hego Euskal Herriko unibertsitateetan (UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta NUP) jasotako graduko kredituen matrikulen % 57 gaztelaniazko ikasketetarako izan ziren, % 37 euskarazko ikasketetarako, % 5,3 ingelesezko ikasketetarako eta % 0,6 beste hizkuntzetarako.

Ezagutzak eta erabilerak ez datoz bat

Esan bezala, azken hamarkadetan euskararen ezagutzak oso hazkunde garrantzitsua izan duen arren, horrek ez du zuzeneko isla izan erabileran. Gaur egun, euskararen erabilera % 20 ingurukoa da eta, beraz, agerian da arrakala handia dagoela ezagutza eta erabileraren artean.

VI. Mapa Soziolinguistikoak azaltzen duenez, Euskadin, bost urtetik gorako biztanleen % 13,8k euskara erabiltzen du bere etxean; hots, 285.000 pertsona inguru. Gainera, biztanleriaren % 9,5ak (195.000 biztanle inguru) euskara eta gaztelania erabiltzen ditu. Estatistika horretan gaztelania da nagusi: biztanleriaren % 73,9k gaztelania erabiltzen du etxean (1,5 milioi pertsona inguru). Euskara eta gaztelania ez diren hizkuntzen erabilera % 2,8ra mugatzen da.

1991-2016 aldian ez da aldaketa handirik izan etxean egiten den euskararen erabilerari dagokionez. Horrela, aipatu aldiaren hasieran eta amaieran euskararen erabilera antzeko kopuruetan mantendu da, % 14 inguruan, hain zuzen ere. Zenbaki absolutuetan, 2016. urtean, EAEn, duela 25 urte baino 5.200 pertsona gehiagok erabiltzen dute euskara etxean (+ % 2), hau da, 25 urte horietan EAEko biztanle guztiek izan duten igoera bera.

Etxean euskara eta gaztelania erabiltzen dutenen ehunekoak gora egin du 1991tik 2016. urtera bitartean (1,5 puntu). 1991an, biztanleen % 8k erabiltzen zituen bi hizkuntzak etxean, eta 2016an, %9,5ek.

Nafarroan, ‘Nafarroako Datu Soziolinguistikoak 2018’ txostenak jasotzen duenez, 16 urtetik gorako biztanleriaren % 11,8 euskara erabiltzen du neurri handiagoan edo txikiagoan. % 6k bere egunerokotasunean erabiltzen du gaztelania bezain beste edo gehiago. Beste % 5,8k ere egunerokotasunean erabiltzen du, baina gaztelania baino gutxiago.

VI. Mapa Soziolinguistikoak azaltzen duenez, Euskadin, bost urtetik gorako biztanleen % 13,8k euskara erabiltzen du bere etxean; hots, 285.000 pertsona inguru. Gainera, biztanleriaren % 9,5ak (195.000 biztanle inguru) euskara eta gaztelania erabiltzen ditu. 

Lan esparruari dagokionez, EAS 2018 Urtekariak jasotzen duenez, lankideekin euskara gaztelania/frantsesa baino gehiago erabiltzen duten langileen kopurua % 20,5ekoa da. Duela 30 urteko datuarekin alderatuta kopuru hori 7,5 puntutan hazi dela ikus daiteke. Zertxobait baxuagoa da euskara lagunekin erabiltzen duten pertsonen kopurua (% 18). Kasu horretan ere, igoera eman bada ere (% 15 1991. urtean) ez da lan munduan bezain esanguratsua izan.

Oro har, euskara etxean erabiltzen duten horiek, gehienbat, 25 urtetik beherako gazteak dira. Eta gauza bera gertatzen da euskara zein gaztelania erabiltzen duten horien artean. Euskara eta gaztelania erabiltzen duten horiek gehiengoa dira adin-tarte guztietan, baina zenbat eta gazteago orduan eta ehuneko baxuagoa. 

Euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntzaren bat erabiltzen duten horiek, nagusiki, 20 eta 40 urte bitarteko pertsonak dira.

Liburuak euskaraz

Gazteenen artean euskararen ezagutza irakurketaren kontsumoan ere islatzen da. Gazteen Euskal Behatokiak aurreratu dituen datuen arabera, aurten bertan, 15 eta 29 urte bitarteko euskal gazteriaren ia heren batek (% 32,8k) azken hiru hilabeteetan euskarazko libururen bat irakurri du.

Irakurketa indizerik handiena gazteenen artean ematen da: 15 eta 19 urte bitartekoen % 55,2k euskarazko libururen bat irakurri du azken hiru hilabeteetan. 20 eta 24 urte bitartekoen artean, berriz, kopuru hori % 22,8raino jaisten da.

Euskaraz irakurtzen duten pertsonen kasuan, adinean gora egin ahala ehunekoak behera egiten du. Horrela, Gazteen Euskal behatokiak aztertutako biztanleriaren artean daturik baxuena 25 eta 29 urte bitartekoen artean jaso da: % 19,1.

Zinema euskaraz

Kulturaren arloan, EAEn ekoitzitako ikuskizun eszenikoen eta ikus-entzunezkoen erdia baino gehiago euskaraz ekoitzi ziren: % 58 eta % 50,7, hurrenez hurren. ‘Loreak‘, ‘Amama‘, ‘Handia‘ edo ‘Akelarre‘ bezalako filmen arrakastak euskarazko zinemagintzaren nolabaiteko loraldia ahalbidetu du.

Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak filma (2014) 2015. urtean Goya sarietarako izendatu zuten euskarazko lehen filma izan zenetik, euskal zinemagintzak aldaketa nabarmena izan du. Loreak edo Amamarekin bide berriak zabaldu eta erreferenteak sortu ziren. Zinta horiei esker, euskal zinemak publikoarekin konektatzeko eta zinema komertzialera bere hizkuntzan iristeko gai zela erakutsi zuen. Bultzada hori, hiru urte geroago, Film Onenaren Goya saria jaso zuen Handia (2018) filmaren arrakastan islatuko zen. Euskaraz filmatu zen Akelarre filma edo Pablo Urkijoren ‘Errementari’ edo Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza’ suspertze horren adibideak ere badira.

Ikus-entzunezkoen arloan, hala ere, ibilbide luzea dago egiteko. Pantailak Euskaraz mugimenduak salatu duenez, adibidez, plataformetan den euskarazko eskaintza guztiz urria da. 


Euskara sare sozialetan

Euskara esparru digitalean

Hizkuntzak ez dira bakarrik kalean, etxean, ikastetxean edo tabernan entzuten eta hitz egiten. Azken hamarkadan ikusi ahal izan denez, hizkuntzek ere bere tokia behar dute Interneten. Hizkuntzak sare sozialetan eta berehalako mezularitza aplikazioetan ere bizi dira eta, hain agerikoa ez bada ere, baita gure gailuetako sistema eragileetan ere. Gure sakelako telefonoaren hizkuntza konfiguratzen dugunean gailu horri gurekin nola komunikatu behar duen agintzen diogu; eta, are garrantzitsuago, ekoizleei eta aplikazio garatzaileei hainbat erabiltzaile beste hizkuntza batean ari direla transmititzen diegu.

Izan ere, hizkuntza digitalen aroan murgilduta gaude eta hor ere, euskarak bere lekua irabazi behar du. EAS 2018 Urtekariaren arabera, Euskal Herrian erabiltzaileek gehien erabiltzen dituzten hizkuntzak gaztelania eta frantsesa dira. Hala ere, euskararen erabilera gero eta handiagoa da. 2011n gaztelania edo frantsesaz gain sare sozialetan euskara erabiltzen zutenen kopurua % 20koa zen; 2016an, 6 puntu altuagoa. Euskal Herrian, batez beste, sare sozialetako erabiltzaileen % 14k, nagusiki, euskara erabiltzen du. Erabiltzaile gazteen artean (16-24 urte) kopuru hori 9 puntu altuagoa da (% 23).

Twitter eta Wikipedia

Euskal Herrian, 2020an, txioen % 80 gaztelaniaz izan ziren, % 11 frantsesez, % 5 euskaraz eta % 5 ingelesez. Umapeko datu-basean 60.000 euskaldun potentzial daude identifikatuta, eta txiolari aktiboak ia 16.000 dira. 2020ko datuen arabera, 6.563 txiolari euskaldun izan ziren beren txioak % 50 baino gehiagotan euskaraz idatzi zituztenak, eta 1.685 txiolari aritu ziren egunero txioren bat gutxienez euskaraz idazten. Euskararen erabilera % 53,5ekoa izan zen euskal txiolarien artean.

Wikipedian, 325 hizkuntzetatik 33. postuan dago euskara artikulu kopuruari dagokionez, eta artikulu gehien dituzten hizkuntzen % 10en artean dago. Hil honetako datuen arabera, euskarazko Wikipedian 384.591 artikulu daude. Gainera, 1.000 hiztun bakoitzeko 534,15 artikulu daude euskaraz (720.000 euskaldun alfabetatu). Aurtengo urtarriletik azarora bitartean 134.865.280 orrialde ikusi dira, hilean 12 milioi baino gehiago, egunero 400.000 baino gehiago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.