Euskararen inguruan izan diren azterketa soziolinguistiko ezberdinek ezagutzaren eta erabileraren artean arrakala handia dela azaldu dute. Zeintzuk lirateke arrakala hori azaltzeko arrazoi nagusiak?
Uste dut hizkuntza erabiltzeko aukera izan behar dela, besteak beste. Gainera, eragile asko dago: hezkuntza-sistema, ikus-entzunezkoen eskaintza, komunikabideak, tresna digitalak… Baina horiez gain, egunerokotasunean eta norbanakoari eragiten diotenak leudeke. Esaterako, hitz egiten ditugun hizkuntzak, bizi garen herria edo lan egiten dugun eremua. Hortaz, eragile asko elkargurutzatzen dira norbanako bakoitzean eta, ondoren, norbanako horien artikulazioak ere beste agertoki batera eramaten gaitu, beraz, zubiak sortzeko garaia dela uste dut.
Euskararen herria hiru administrazio ezberdinetan banatuta egoteak ere ez du laguntzen. Hiru errealitate guztiz ezberdinen aurrean gaudela dirudi…
Hiru errealitate baino gehiago direla esango nuke, admnistratiboki hiru egoera ditugu, eta hiztunok egunerokotasunean egoera desberdinetan aurkitzen gara. Testuinguru bakoitzak agertoki desberdin bat erakusten du eta norbanako bakoitzak erabaki desberdinak hartzen ditu egunero-egunero. Erabaki horietan zuzeneko eragina du tokian tokiko administrazioak, izan ere, erabilera sustatu dezakelako edo, ezer egin ezean, makaldu. Adibide bat da EITB 3ren emisioarekin Nafarroan gertatu dena, baina horrelako beste hainbat eta hainbat adibide daude.
Duela bi urte argitaratu zenuen azterlan tesian azpimarratzen zenuenez, bada euskararekiko kezka hainbat euskaradun gazteen artean, baina, hala ere, ez dute euskara erabiltzen… Gazteek euskara hizkuntza akademikotzat hartzen al dute? Zergatik ez dute euskara erabiltzen?
Gaiak bereizi nahiko nituzke, izan ere, uste dut gizartearentzat garrantzitsua dela jakitea gaztetxoek kezka erakusten dutela euskararen erabilera faltagatik. Hau da, euskara hizkuntza gutxitua denaren mezua jaso dute. Orain erabilerarako pausoa ematea falta da, baina zein eskaintza dute euskara erabiltzeko? Eta nork eta zein eremutan eskatzen diegu euskara?
“Aitortu behar da euskararen biziberritzean D ereduak izan duen garrantzia. Hala ere, garaiak aldatu dira eta, nire ustez, komenigarria litzateke D eredua egokitzea edo birmoldatzea egun eskolak dituen beharrak oso desberdinak direlako”.
Uste dut aisialdian ezer gutxi aurki dezaketela euskaraz eta testuinguru hain ez euskaldunetan edo erdaldunetan are eta gutxiago. Eta aisialdiaz gain, herriko kaleetan zein da helduek erabiltzen duten hizkuntza? Haur eta gazteek ikusi eta ikasi egiten dute, beraz, ezin diegu eskatu haiei guk helduok (edo instituzioek) egiten ez duguna. Hala ere, guztia ez da norbanakoaren erantzukizuna, beraz, elkarlana beharrezkoa da.
Zein da zure iritziz euskara erakargarriago egiteko behar dena? Hau da, zer egin daiteke ezagutza eta erabileraren arteko arrakala hori murrizteko?
Uste dut, oraindik edozein esparrutan euskara erabiltzeko aukera izatea falta dela. Denda batera sartu eta zalantza egiten jarraitzen dugu ea euskaraz ulertuko ote gaituzten ala ez. Edo kuadrillako zein lagunekin pintxo-potean gaudela baten bat gaztelaniaz ari bada, euskaraz hitz egiten jarraitzeko hautua etengabe egitea edozein hiztunentzat nekagarria da. Hala ere, iruditzen zait askotan ardura norbanakoarengan jartzen dela eta nire ustez askoz ere zabalagoa da, hau da, ardura erakunde eta bestelako agenteena ere bada, eskolak ari dira beraien zatia egiten, baina eragile gehiago dago eta zertan ari gara? Pentsatzen dut ardurak banatuta errazagoa dela aurrera egitea, baina horrek antolaketa eta bide-orri oso prestatu bat eskatzen du.
Udalerri euskaldunetan bizi diren haurrak gero eta lehenago hasten dira gaztelania erabiltzen. Hori da, hain zuzen ere, une honetan aztertzen ari zaretena. Zertan datza ikerketa? Ba al duzue emaitzarik aurreratzerik?
Udalerri euskaldunetako haurrek geroz eta lehenago egiten dute gaztelaniara aldaketa eta hori aztertzen ari gara UEMA eta Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean. Aurretik, bi erakunde horiek euskararen erabileraren neurketak egin zituzten 35 eskoletan eta horietatik 7 eskolatan gauzatzen ari gara ikerketa kualitatiboa, lurraldetasuna eta aniztasuna irizpideak aintzat hartuta. Oraindik datuak aztertzeko ditugu, baina aurreratu dezakegu oro har haurrak jakitun direla euskara erabili behar dutela, hau da, kontziente dira euskara dela bultzada behar duen hizkuntza. Baina udalerri euskaldunetan egonagatik hizkuntza desberdinak dituzte inguruan eta adibidez ikus-entzunezkoetatik jasotzen duten eduki gehiena euskara ez den beste hizkuntzetan jasotzen dute (gaztelania, ingelesa, japoniera…). Era berean, guraso, herriko eragile eta irakasleek kezka handia azaldu dute eta baliabideen beharra azpimarratu dute. Espero dugu 2022ko udarako emaitza argiagoak izatea.
Zure azterlanean identitatea aipatzen zenuen. Zertan eragiten du horrek euskararen erabileran? Bere burua euskalduntzat jotzen duten horiek bakarrik erabiltzen al dute euskara?
Identitatearen eta hizkuntzaren artean lotura estua dago. Horregatik kontuan izan behar dugu gurean geroz eta hizkuntza eta kultura gehiago elkarbizi garela eta, beraz, Cummins (2001) adituak dioen moduan “ikasgelan haurraren hizkuntza baztertzea haurra baztertzea da”. Hortaz, aintzat izan behar ditugu inguruan ditugun pertsonen hizkuntzak eta egunerokotasunean hori iraultzen erronka bat dugula uste dut, izan ere, haur/gazte/heldu arrazializatuei zein hizkuntzatan hitz egiten diegu eskolatik kanpo? D ereduan ikasi edo ikasten ari diren haurrei, baina etxetik euskaldunak ez direnei, zein hizkuntzatan hitz egiten diegu eskolatik kanpo? Uste dut garaia dela gai horri heltzeko eta hitza beste batzuei emateko elkarrengandik ikasteko.
Euskararen ezagutzaren hazkundean hezkuntza sistemak paper oso garrantzitsua bete du. Hala ere, azken hilabeteetan hizkuntza eredu edo modeloen inguruko eraginkortasunaren eztabaida plazaratu da. Zein da zure iritzia gai horren inguruan?
Aitortu behar da euskararen biziberritzean D ereduak izan duen garrantzia, nazioartean gure kasua adibide da. Era berean, hizkuntza ereduek bilakaera handia izan dute eta datuek erakusten dute gaur egun zeinek duen arrakasta handiena, argi geratuz hiru hizkuntzen irakaskuntza osoa bermatzen duen eredua D eredua dela.
“Besteari dituen hizkuntza eta identitatea aitortuz eta berea balioan jarriz errazagoa da euskarari lekua egitea eta euskara ere balioan jartzea”.
Hala ere, garaiak aldatu dira eta, nire ustez, komenigarria litzateke D eredua egokitzea edo birmoldatzea egun eskolak dituen beharrak oso desberdinak direlako. Ez dakit zein den irtenbidea, baina esango nuke nazioartera begiratzea komeni dela, adibidez, Katalunian gertatzen ari denaz ikasteko.
Ikasleen artean hirugarren hizkuntza (gehienetan ingelesa) gero eta garrantzitsuagoa da. Horrek euskarari kalte egin izan diola antzeman al duzu?
Eskolako eduki eta hizkuntza akademikoari dagokionez hiru hizkuntza ditugu gurean, batzuek gaztelania eta besteek frantsesa, baina ikasleen artean askoz ere hizkuntza (eta kultura) gehiago dago. Askotan uste dugu hizkuntza (eta kultura) horiek euskara mehatxatzen dutela, baina ahaztu egiten zaigu hizkuntza horiei gurean lekua eginaz euskara elkargune bihurtzen dugula. Hau da, besteari dituen hizkuntza eta identitatea aitortuz eta berea balioan jarriz errazagoa da euskarari lekua egitea eta euskara ere balioan jartzea. Hau da, hizkuntza gutxituari ikusgarritasun eta erabilgarritasun gehiago eman diezaiokegu urkoaren hizkuntza eta kultura errekonozituz.
Pil-pilean den beste gai bat PantailakEuskaraz ekimenak plazaratu duen arazoa da. Zinean zein Netflix bezalako plataformetan den euskarazko eskaintza agerian da guztiz urria dela. Nola eragiten du horrek?
Uste dut gabezia bat dagoela komunikabideen eskaintzan eta edukiak falta direla bereziki 11 eta 18 urte bitarteko gaztetxoentzat. Horren ondorio izan daiteke erreferenteak falta zaizkiela. Adibidez, jolasean ari direnean edo telebista zein plataforma digitaleko saioak komentatzean bereziki gaztelaniaz hitz egiten duten pertsonak edo pertsonaietara jotzen dute ez dutelako aukera askorik euskaraz. Garrantzitsua iruditzen zait era guztietako euskarazko ikus-entzunezkoak izatea.
Esparru digitalean adibidez euskarak datu hobeak ditu. Sarean eta kalean egiten den erabilera alderatuko bagenitu badirudi sarean egiten dena, portzentualki behintzat, handiagoa dela. Zergatik ematen da fenomeno hori?
Agian adinez nagusiak direnak aukera dute sare sozialetan euskaraz aritzeko, baina gaztetxoagoek ez dute eduki askorik euskaraz, batez ere edukia jasotzeko plataforma gutxi dagoelako. Ez ditut datuak zuzenean ezagutzen, baina jakin nahiko nuke ea zenbatek duten sistema eragilea edota bestelako aplikazioak euskaraz horiek euskaratzen lan handia egin delako. Hala ere, erakundeetako langileek zein hizkuntza erabiltzen dute? Uste dut denon artean badugula bidea egiteko aukera eta ardurak banatzeak mesede egingo digula.