Etxepare Euskal Institutuan egiten du lan Euskara eta Euskal Kultura nazioartean sustatu eta zabaltzeko Teknikari gisa. Joan den euskaraldiaren bueltan Disney+euskaraz kanpaina sortu zuen guraso eta euskaltzale taldeko kide da. Orain indarrak batu dituzte Netflix euskaraz herri mugimendua, Tinko Euskara elkartea, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea, Zinemak Euskaraz kanpaina, eta 3.000 twitz kanpainako kideekin, Pantailak Euskaraz mugimendua sortzeko.

Pantailak euskaraz egitasmoaren xedea telebistan eta ikus-entzunezko euskarrietan euskaraz den eskaintza handitzea da. Egoeraren argazki zehatzago bat izateko, nolakoa da eskaintza hori une honetan? 

Momentu honetan 40 inguru telebista kate digital ditugu, eta horietatik euskaraz ETB1, ETB3, eta HamaikaTB. Hainbat tokiko telebista ere badaude, noski. Baina dagoen eskaintzari bere osotasunean erreparatzen badiogu, oso urria da euskarazkoa, eta ikusle kuota negargarria dute (ETB1ek % 1,5, ETB3k % 0,3). Gainera, kate horiek ezin dira Euskal Herri osoan ere ikusi!

Areago, kontuan hartzen badugu ohiko telebistaren kontsumoa jaisten doala azken urteotan eta streaming plataformena abiada bizian handitzen ari dela (euskaldunon erdiak kontsumitzen ditugu jada), eta horietan euskararen presentzia ia hutsaren hurrena dela, arazoa benetan larria da.  NETFLIXen dauden 5.500 edukietatik, 5 film ditugu euskaraz, guztiak hemengo ekoizpenak; Disney+ plataforman (Disney, Pixar, Marvel, Starwars ekoiztetxeen edukiak biltzen dituena) 3.500 film eta telesailetik 0; HBOn ere, 0. Prime Videon 15.000 edukietatik film bakarra  ikus daiteke euskaraz.  

Interneteko kanal eta sortzaile plataformetan gauza bera; euskarazko edukien bila ibili behar duzu zerbait aurkitzeko. 

Zeintzuk dira, zehazki, zuen aldarrikapenak? 

Euskara pantaila guztietan sendo egotea estrategikoa dela uste dugu, bestela, hizkuntzaren etorkizuna bera kolokan dago. Aisialdia gero eta gehiago dago pantailei lotua (mugikor, tablet, TB, ordenagailu… Europan helduok, batez beste, egunean 11 ordu pasatzen ditugu pantailei begira) eta euskara horietan presente ez badago, eremu formaletarako hizkuntza (ikasketak, administrazioa…) soilik izango da laster. Hori oso arriskutsua da:  hizkuntza ez baduzu esperientzia dibertigarriekin lotzen, ez duzu erabiltzen. 

Hausnarketa horretatik abiatuta, egoera iraultzeko 10 aldarrikapen nagusi lantzen ari gara ikus-entzunezkoetako eta euskalgintzako hainbat eragilerekin elkarlanean: Euskarazko ikus-entzunezkoen finantzaketa handitzea; EITB hizkuntzaren normalkuntzarako tresna bihurtzea; zinemetan euskararen presentzia legez bermatzea (gaur egun estreinaldien % 2 inguru izaten da euskaraz); streaming plataformetan euskararen presentzia bermatzea; hori guztia posible egingo duten ikusentzunezko legeak; eta ikusentzunezkoen gardentasun, aniztasun, araudien betetzea, eta hizkuntza ofizialen erabilera zainduko duten Kontseiluak aldarrikatzen ditugu, besteak beste.

Nola lor daitezke? Zenbait kasutan, streaming plataforma nagusien kasuan bezala, ‘erabakia’ atzerriko enpresa baten esku dagoela dirudi. Nola konbentzitu daiteke horrelako enpresa bat euskaraz duen eskaintza handitzeko?

Handitzeko baino, zerbait euskaraz jartzeko esango nuke… Legez hizkuntza kuota batzuk ezarri beharko lirateke, hizkuntza eskubideak jokoan daudenean ezin dugu hori nazioarteko enpresen borondatearen esku utzi. Euskararen 10/1982 legeak, Nafarroako 1986ko Euskararen Foru Legeak, Europako hizkuntzen kartak… diote ikusentzunezkoak euskaraz (edo norbere hizkuntzan) jasotzeko dugun eskubidea erakundeek bermatu behar dutela. Orain, adibidez, Espainiar Estatuan Ikusentzunezko Lege Orokorra tramitatzen ari dira, 2018ko Europar Zuzentarau bat aplikatzera datorrena, eta lege horren zirriborroan, plataformei, europar edukien kuotak eta Estatuko edukien kuotak ezartzen zaizkie. Guk eskatzen dugu Estatuko edukiei zuzenduriko gutxieneko eduki horien artean (% 15), erdia gaztelerazkoak ez diren estatuko hizkuntzei gordetzeko. Katalanek ere eskaera hori egin dute. 

Halere, legezko kuotak ezartzen ez diren bitartean, noski, erakundeen eta enpresen arteko zuzeneko negoziaketa tartean sartzen da. Katalunian, esate baterako, zinemarako edukiak katalanez estreinatzera daude behartuta haur eta gazteentzat edukiak ekoizten dituzten multinazionalak; gainera, bikoizketarako dirulaguntza handiak ere badituzte; bi neurri horiei esker, Netflix eta Disney+ plataformetan gero eta eduki gehiago ikus daitezke katalanez. Katalanezko plataforma propioa ere badute, Filmin.cat.

Azken hamarkadan euskararen ezagutzak gora egiten jarraitu duen arren, erabilera ez da igo, are gehiago, arnasguneetan ere beheranzko joera bat hasi da. Euskara pantailetan larrialdi egoeran dago.

Azkenik, iruditzen zaigu streaming plataformetan euskara sustatzeko modurik onena euskarazko plataforma sendo bat sortzea dela. Euskaraz sorturiko edukiez gain, mundu mailan arrakastatsuenak diren edukiak eskaini beharko lirateke bertan, euskarara ekarrita (bikoizketa eta azpidazketaren bitartez). Egungo kontsumo ohiturekin (egunean batez beste 2 ordu igarotzen ditugu ordainpeko plataformak ikusten), soilik euskaraz sorturiko edukiak jarriko bagenitu, aste pare batean plataformako eduki guztiak ikusiko genituzke. Plataforma elikatzeko eta euskara erakargarri egiteko, beharrezkoa da kanpoko edukiak ere euskaraz eskaintzea. 

Hiztun kopuruari erreparatuta, euskararen antzeko egoeran diren hizkuntzen kasuan pantailetako edukiak hizkuntza nagusietan izateko egitasmorik ezagutzen al duzue? Indarrak batzeko aukerarik legoke?

Katalunian eta Galizian mugimendu sendoak dituzte, hizkuntzen aldeko plataformek gidatuta. Katalanek 30.000 sinadura bildu zituzten Disney+ katalanez eskatzeko, eta erakundeak horretan lanean dabiltza (momentuz 25 film ikus daitezke plataforma horretan katalanez). Galizian, berriz, sinadura bilketa bat tarteko, lortu dute TVE1ek bere programazioaren erdia galegoz ematea. Pentsa! Guk ETBren erdia ere ez dugu euskaraz, ETB1, ETB2, ETB3, ETB4 eta ETBSat artean…  hiru kate batez ere gaztelaniaz dira, eta aurrekontua nola banatuta dagoen begiratuko bagenu, zeresanik ez…

Islandia (300.000 hiztun) edo Estonia (1.000.000 hiztun) lirateke kopuruz gugandik gertuago dauden hizkuntz komunitateak, eta bietan hizkuntza sendo dute pantailetan. Islandian arazoak izan dituzte Disney+ plataformak edukiak ingelesez soilik eskaintzen zituelako, baina Kultura Ministroa eta herritarren bultzadari esker lortu dute azkenean islandieraz jartzea. Estatu egitura bat atzean izanda, errazagoa da, noski.  

Indarrak batzeari dagokionez, streaming plataformen kuotak ezarriko dituen Estatuko Ikusentzunezko Lege Orokorraren inguruan adostasunak lortzeko badaude euskalgintzatik harremanak Katalan eta Galegoekin, adibidez. Guztiok elkarrekin bultza eginez eraginkorragoak izango gara. 

Zeintzuk dira, euskararen ikuspegitik, adibidez, haur eta gazteen kasuan, ikus-entzunezko eduki ia guztiak erdaraz jasotzeak dituen ondorioak?

Soziolingustika alorreko hamaika ikerketek frogatu dute aisialdia bizitzen duzun moduak, eta bertako esperientzia positiboek, zuzeneko eragina dutela hizkuntza ohituretan. Guk “belaunaldi galduaren” metafora erabili izan dugu. Azken bost urteetan pantailei begira hazi eta hezi diren haur eta gazteek bere aisialdiaren gehiengo handia gazteleraz eta frantsesez bizi dute. Guraso euskaldun oso kontzientziatuek saiakera egin dezakegu ‘Ene kantak’, ‘Pirritx eta Porrotx’ eta euskarazko beste edukiak ikus ditzaten, baina gure kasuan pantailetan euskarazko edukiak lokalizatzea zaila baldin bada, imagina ezazu inguruabar erdaldunetan bizi direnek edo euskararekin kezkarik ez duten gurasoek zer jarriko dieten: dena erdaraz. 

Azken bost urteetan pantailei begira hazi eta hezi diren haur eta gazteek bere aisialdiaren gehiengo handia gaztelaniaz eta frantsesez bizi dute.

Azken hamarkadan eskaintza biderkatu egin da, baina erakundeek ez dute euskara egoera berrira egokitzeko saiakerarik egin, eta panorama horretan, euskara erabat diluitu da, pantailetan ia desagertzeraino. 

Ausartuko nintzateke esatera ondorioak euskararen erabileraren neurketetan ikus ditzakegula jada. Azken hamarkadan euskararen ezagutzak gora egiten jarraitu duen arren, erabilera ez da igo, are gehiago, arnasguneetan ere beheranzko joera bat hasi da. Euskara pantailetan larrialdi egoeran dago. 

Haur eta gazteen kasuan funtsezkoa dirudi pantailen bidez egiten den aisialdi horretan euskara barneratzea. Zentzu horretan, sare sozialen kontua (adibidez, Twich) aldarrikapen maila berean sartzen al duzue? Hots, telebistako edukiak eta sare sozialetakoak euskaratzea prozesu berean sartuko lirateke?

Gure aldarrikapenetako bat ildo horretatik doa. Pantailen aurrean ematen dugun denboraren zati bat (bi ordu inguru egunean) sare sozialetan pasatzen dugu. Bideojokoetan ere, batez ere haur eta nerabeek denbora asko igarotzen dute. Sare sozial, bideojoko, eta Twitch bezalako sortzaile plataformetan euskara sendo egoteak berebiziko garrantzia du. “3000 twitz” kanpaina babesten dugu, euskara  plataforma horretako hizkuntza aukeren artean txertatu dezatela eskatzen duena, eta euskara bideojokoen esparruan sustatzen duen Game Erauntsia elkartearekin lankidetzan ere bagabiltza.  

Pantailetan diren edukiak euskaratzeko zein nolako gaitasuna dago? Hau da, alde batetik zenbatekoa izan daiteke bertako ekoizpena eta zenbateraino bikoiztu daitezke kanpoko ekoizpenak?

Edukiak sortzea askoz garestiagoa da edukiak bikoiztu edo azpidaztea baino. Film bat ekoiztearen
% 1 balio du, batez beste, film bat bikoizteak. Argi dago euskarazko ekoizpena sustatu beharra dagolea, azken urteetan erakundeen aldetik euskarazko zinemagintzak bultzada bat jaso du, baina Europan biztanleko ikusentzunezkoetara bideratzen den diru kantitatetik oso urruti dago gaur egun euskarazkoen finantzaketa. Gure hiztun komunitatea txikia da, eta nazioarteko maila duen talentua, baliabide pertsonalak eta teknikoak dauden arren, urtean euskaraz sortzen diren edukiekin soilik ezin dituzu herritarren egungo kontsumo ohiturak asetu. Urtean 10/15 filme eta telesail ekoizten badituzu euskaraz, ez da nahikoa telebista bat edo plataforma bat elikatzeko. 

Bernardo Atxagak duela 30 urte esan zuen euskararen (euskal literaturaren) giltza itzulpenean zegoela; nazioarteko liburu arrakastatsuenak euskarara ekarrita, euskara  erakargarri eta gozagarri egiten baituzu irakurlearentzat. Gaur esan genezake euskararen giltza atzerriko ikusentzunezko entzutetsuenen itzulpenean dagoela. 

Pantailak nagusiki erdaraz izatea diru kontu bat al da? Borondate politiko kontu bat? Biak?

Batez ere borondate politiko kontu bat da. Dirua zertan erabiltzen den ere politika baita, ezta? Aurrekoan irakurri nion bati “El Conquis”-en denboraldi bateko aurrekontuarekin Disneyko film guztiak euskarara bikoiztu daitezkeela. Ez dakit zenbateraino den zehatza informazio hori, baina argi dago ETBn, lehentasun osoa aurrekontuetan eta programazioan gaztelaniazko kateak duela. Inork imajinatuko al luke ETB2n larunbatean gaueko 10etan “Rantxera” batzuk izatea ohiko programazioa, eta bitartean ETB1en nazioarteko film edo telesail arrakastatsu bat botatzea? EITB euskararen normalkuntzarako tresna bat izan beharko litzateke (horrela dio bere sorrera legeak), eta, gaur egun, berriz, aurkakoa egiten duela dirudi. Euskaldunak ere ETB2n gaztelaniaz egitera behartzen gaituzte… euskara normalizatzeko modu bitxia benetan, ez al da hala?

Bernardo Atxagak duela 30 urte esan zuen euskararen (euskal literaturaren) giltza itzulpenean zegoela; nazioarteko liburu arrakastatsuenak euskarara ekarrita, euskara  erakargarri eta gozagarri egiten baituzu irakurlearentzat. Gaur esan genezake euskararen giltza atzerriko ikusentzunezko entzutetsuenen itzulpenean dagoela.

EITBren urteko aurrekontua 150.000.000 eurokoa da. Bistakoa da gehiena ETB2ra bideratzen dutela. Film bat bikoizteak, batez beste, 50.000 euroko kostua du. Nazioarteko superprodukzio bat garestiagoa izango da, baina, askoz ere garestiagoa da film bat ekoiztea hura bikoiztea baino; eta zeresanik ez azpidaztea, benetan merkea da. Duela 15 bat urte EITBko zuzendaritzak erabaki zuen euskarazko bikoizketa baztertzea. Erabaki horrek hizkuntzaren erabileran sortu duen kaltea kalkulaezina (eta agian konponezina) da. Munduan ez da beste herrialderik, berezko hizkuntza ofiziala duena, telebista publiko bat hizkuntza horretan duena, eta 7 urtean film bakar bat bere hizkuntzara bikoiztu ez duena. Harrigarria da. Panorama ikusita, normala da euskal bikoiztaileak greban egotea duela 2 urtetik.

Katalunian, esate baterako, telebista albo batera utzita (telebista publikoa katalanez soilik dute, TV3), zinemetako estreinaldien % 25 (haurrentzako guztiak barne) katalanez eskaintzen dira, legez hala ezarria dagoelako. Horrek gero plataformak elikatzea asko errazten du. Gainera, orain gero eta gehiago estreinatzen dira filmak zuzenean plataformetan, zinematik pasatu gabe, eta kasu hauetan filmen eskubideen kostua ere askoz ere merkeagoa omen da. 

EiTBk plataforma bat sortuko duela iragarri du (Euskal Netflix). Zein da zuen iritzia egitasmo horren inguruan?

Pozgarria da eztabaida mahai gainean jartzea lortu dugula ikustea eta erakundeak mugitzen hasi direla ikustea. Esate baterako, Andoni Aldekoa EITBko zuzendariak berriki “euskara plataformetan indartsu egotea euskararen etorkizunarentzat funtsezkoa” dela esatea aurrera pauso handia da, hori aldarrikatzen baitaramatzagu hilabete asko. Jadanik esan dute, ordea, 2022an etorriko den “Euskal Netflix” delako hori elebiduna izango dela… eta ETBk bezain elebiduntasun desorekatua badu, ekarpen eskasa egingo dio euskararen normalkuntzari. 

Euskaltelekin elkarlanean euskaraz ekoitzitako edukiak biltzeko sortu duten “Euskoteka” berriz albiste ona iruditzen zaigu; hau soilik Euskalteleko bezeroentzat eskuragarri egotea, berriz, ez hain ona. 

Erakundeen aldetik etor daitezkeen pauso guztietan eragiten saiatuko gara, eta haiekin elkarlanean aritzeko prest ere bagaude, benetan uste baitugu euskararen etorkizuna jokoan dagoela. 

1 COMMENT

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.