Pantailak ere euskaraz
ORDAINPEKO PLATAFORMEN HAZKUNDEA. Telebista tradizionalaren kontsumoak behera egiten duen bitartean, ordainpeko streaming plataformenak gora egin du. Horien artean Netflix da harpide gehien dituena, baina 3.500 film baino gehiagoko katalogotik lau film baino ez ditu euskaraz eskaintzen.

Azken hilabeteetan online eta plataforma nagusietan euskarazko edukiak izateko aldarrikapena egiten duten zenbait talde sortu dira. Horietatik guztietatik, agian, oihartzun handiena lortu duena Netflix euskaraz taldea izan da. Izenak aditzera ematen duen moduan, talde horrek Netflixen euskarazko edukiak ere izatea aldarrikatzen du, bere esanetan, euskaldun komunitatearen etorkizunerako ezinbestekoa baita streaming plataformetan euskararen presentzia bermatzea eta zabaltzea. Helburu hori lortzeko, besteak beste, change.org webgunean sinadura bilketa bat hasi zuten. Hasierako asmoa 10.000 sinadura biltzea zen eta helburu hori lortu ostean (une honetan 12.500 inguru lortu dira) abenduaren 3rako 20.000 sinadura lortu nahi dituzte.

Antzeko helburua dute Disney euskaraz taldeak eta Twitz egitasmoak. Lehenengoak sinadura bilketa bat antolatu du eta 1.600 sinadura inguru falta zaizkio 7.500eko helburura iristeko. Gainera, otsailean Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordean agerraldia egin zuen.

Disney Euskaraz egitasmoak zinema aretoetan zein streaming plataforman ekoizpenak euskaraz emateko eskaera egin dio Disney konpainiari. Twitzek, aldiz, Twitch plataforma berria euskaraz ere egotea eskatzen du. 

Bigarrenak online zuzeneko emankizunetan nagusi den Twitch plataforman euskara hizkuntza ofiziala izateko aldarrikapena egin du. Pasa den urtearen amaieran #3000Twitz izeneko kanpaina jarri zuten abian eta 4.000 sinadura inguru bildu dituzte.

Streaming plataforma berria EiTBren eskutik?

Bestalde, Andoni Aldekoa EiTBren zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarreko EITBren Kontrolerako Batzordean jakinarazi duenez, EITBren apustuetako bat da 2022an OTT (Over-The-Top) plataforma bat martxan jartzea. Plataforma horrek EiTBren ikus-entzunezko ekoizpena eta Euskadin sortzen diren filmak, telesailak, dokumentalak, ikuskizunak eta edukiak bilduko lituzke, bereziki euskarazko edukiak. Aldekoaren ustez, plataforma horren sorrera estrategikoa da, nagusiki, gazteek euskarazko edukiak kontsumitzeko aukera izan dezaten. “Euskara plataformen munduan sartzen ez bada, ikus-entzunezko kontsumoan geldituta geratuko da”, adierazi du.

SHARE

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.