Internet, kutsatzaile handi ezezagun hori

Digitalak kutsatzen du. Plataforma digitalak, funtzionatzeko euskarri fisiko berezirik behar ez badute ere, azpiegitura handien mende daude. Gaur egun, informazioaren teknologia guztiak martxan edukitzeko behar diren azpiegiturek munduko emisioen % 2 baino gehiago sortzen dutela kalkulatzen da eta, erritmo horri jarraituz gero, 2030erako kopuru hori hiru eta hamar aldiz biderka liteke egungo mailekin alderatuta.

Greenpeacek azaldu duenez, 2017. urtean Internetek munduan izan zen elektrizitate kontsumoaren % 8aren ardura izan zuen. Internet herrialde bat izango balitz, datu horrekin, munduan elektrizitate gehien kontsumitzen duen hirugarren herrialdea izango litzateke, soilik Txinaren eta Estatu Batuaken atzetik eta Japonia, India edo Errusia bezalako herrialdeen aurretik. Hori 2017an; gaur egun, Interneteko trafikoak gora egin duela ikusirik, bereziki, Netflix bezalako streaming plataformen boom-a dela eta, posible da sailkapen horretan Internet gorago aurkitzea. Izan ere, zenbat eta trafiko gehiago orduan eta elektrizitate kontsumo handiagoa eta, aldi berean, zenbat eta elektrizitate kontsumo handiagoa orduan eta kutsadura gehiago, elektrizitate hori, kasu gehienetan, erregai fosiletatik lortzen delako.

Gaur egun gure gizarteak teknologia berriekiko duen mendekotasuna ikusita, adituek, trafikoa gutxitzearen alde baino gehiago, konpainia digital handiek beren azpiegiturak energia berriztagarriekin elikatzeko sistema baten alde egiten dute.

Zoritxarrez, elektrizitate gehien kontsumitzen duten bi herrialdeetan (Txina eta AEB), energia hori, nagusiki, ikatza errez, zentral nuklearrekin eta gas naturalarekin lortzen da. Kasu bi horietan energia berriztagarrien pisua oso eskasa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.