Bikote irekiak. Aukera osasuntsua ala alerta seinalea?

Harremanak izateko ereduak nabarmen aldatu dira. Polimaitasuna eta harreman irekiak bezalako ereduak ikusgarritasun handiagoa lortu dute

Egilea: Lohizune Loroño
Argazkia:  Shutterstock
Hitz kopurua:  387
Irakurketa denbora:  Bi minutu

Azken urteetan ikusi ahal izan denez, harremanak izateko ereduak nabarmen aldatu dira. Adibidez, polimaitasuna eta harreman irekiak bezalako ereduak ikusgarritasun handiagoa lortu dute. Hala ere, bikotea zabaltzeko proposamena mahai gainean jartzen denean,  posible da emozio kontrajarriak azaltzea: kuriositatea, kitzikapena… baina baita zalantzak, segurtasun falta eta beldurra ere.

Izenburuan ageri den galderari eutsiz, erantzuna ezin da erabatekoa izan. Izan ere, erantzun hori zergatiaren eta planteamenduaren araberakoa izango da. Izan ere, harreman bat zabaltzea  ez da krisian den harreman bat konponduko duen hagaxka magikoa, baina, era berean, ez du zertan zerbait gaizki doanaren seinale izan behar. Hortaz, harreman bat izateko beste modu bat bezala ulertu behar da.

Harreman ireki batek, funtzionala eta emozionalki segurua izan dadin, oinarri sendo bat izan behar du. Hori eman daiteke, besteak beste, benetako adostasun bat ematen denean, bikotekideen arteko komunikazioa gardena denean, bikotekideen arteko harremana babesten denean eta konfiantza eta errespetua nagusitzen direnean.

Harreman ireki batek, funtzionala eta emozionalki segurua izan dadin, oinarri sendo bat izan behar du

Baldintza horiek betetzen badira, bikotea zabaltzea hazkunde pertsonalerako eta baterako esploraziorako bide bat izan daiteke, betiere, egoera zintzotasunez eta emozioak zainduz kudeatzen bada.

Hala ere, kontuan izan behar da bikotea zabaltzeko proposamen guztiak ez direla benetako grina batetik sortzen. Sarritan, monogamia eza defentsa mekanismo gisa erabiltzen da. Horregatik, garrantzitsua da honako alerta seinalek hauek hautematea: bikotea zabaltzea proposatzen da benetan dauden arazoez ez hitzegiteko (grina falta edo konpondu gabeko emozio-krisiak), proposamena alde bakarrekoa da eta ez da aintzat hartzen beste bikotekidearen iritzia, etxean bikotekide bat nahi da eta plazera kanpoan bilatu nahi da edo emozioen inguruko komunikazio eskasa dago. Horrelako kasuetan, bikotea zabaltzeak egoera okertu egin ohi du, erabaki hori konfiantzan oinarritu beharrean  norberak gaizki kudeatutako beharretan oinarritzen baita.

Harremanaren egituran horrelako aldaketa sakon bat egin baino lehen, ezinbestekoa da introspekzio ariketa bat egitea eta honako galdera hauen inguruan hausnartzea: norberaren desira da ala bikotekidea ez galtzeko egokitzapen bat? Horrelako harreman konplexu bat kudeatzeko behar den segurtasun emozionala al dut? Babesaren , mugen eta errespetuaren inguruko akordioak argiak al dira? Sor daitezkeen emozioak (jelosia…) kudeatzeko gai izango al naiz? Horrelako galderen inguruan hausnartzeak erabaki zuzena hartzen lagun gaitzake. Eta erabaki hori bikotea zabaltzea bada, komunikazioa ezinbesteko elementua bilakatzen da. Izan ere, bikotea irekitzea ez da sexu-ekintza soil bat; heldutasuna, hausnarketa eta errespetua eskatzen duen dinamika afektiboaren aldaketa sakona da. Elementu horiek gabe, kalte emozionalaren arriskua handia da.