Euskadiko hamar gaztetik batek etxebizitza bat edo etxebizitza erosteko edo alokatzeko dirua jaso du dohaintzan

Dohaintza horiek, nagusiki gurasoengandik (% 80,1) eta aiton-amonengandik (% 11,6) eta familiako beste pertsonengandik (% 10) jasotakoak dira

  Egilea: Jose Poza
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 164
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Gazteen Euskal Behatokiak berriki argitaratu duen “Etxebizitza eskuratzeko familia-laguntza. Euskadi 2025” txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 18 eta 34 urte bitarteko gazteen % 9,8k etxebizitza bat edo etxebizitza erosteko edo alokatzeko dirua jaso du dohaintzan. Txostenean jasotako datuen arabera, dohaintza horiek, nagusiki gurasoengandik (% 80,1) eta aiton-amonengandik (% 11,6) eta familiako beste pertsonengandik (% 10) jasotakoak dira. Gazte gehienek (% 8) etxebizitza erosteko edo alokatzeko dirua jaso dute eta % 1,6k, berriz, zuzenean etxebizitza bat jaso du.

Pentsa zitekeen bezala, adinean gora egin ahala eta klase sozial altuenetan dohaintzak ugariagoak dira. Adibidez, 30-34 urte bitarteko gazteen artean gazteen % 17,5ek jaso du dohaintzaren bat eta 30 urtetik beherakoen artean, % 7k. Klase sozialari dagokionez, klase sozial altuko eta ertaineko gazteen % 25,9k jaso du halako dohaintzaren bat, klase baxukoek jasotakoaren ia bikoitza (% 14,6). Dohaintza jaso duten gazteen ia bi herenak (% 65,9) adierazi du donazio horrek asko erraztu diola emantzipazioa. % 21ek, berriz, adierazi du nahikoa erraztu duela edo erraztu dezakeela urrats hori.