Nafarroak beka eman die baliabiderik ez dituzten 10 unibertsitariori

Ekitate Gradu bekak, 9.500 euroko laguntzak ematen ditu ikasle eta ikasturte bakoitzeko, graduko ikasketak amaitu arte

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia:Oskar Montero
  Hitz kopurua: 281
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Baliabide ekonomiko urriak dituzten 10 ikasle nafarrek urtean 9.500 euroko beka jasoko dute unibertsitatean ikasi ahal izateko. Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen Ekitate Gradua bekei esker, ikasle horiek beren unibertsitate-ikasketak amaitu ahal izango dituzte. 2030era bitartean Gobernuak egingo duen inbertsioa 413.250 eurokoa izango da. Beka jaso dutenen artean zazpi emakume eta hiru gizon daude eta guztiak NUPen ikasten ari dira.

Aurtengoa beka horien laugarren edizioa da. Guztira, 37 eskaera jaso dira, baina horietatik 13k ez zituzten baldintza guztiak betetzen. Onuradunak honako ikasketa hauek burutzen hasi dira: medikuntza, erizaintza, ingeniaritza, psikologia, enpresa kudeaketa, magisteritza eta datuen zientzia.

Ikasketa-prozesu osoan zehar laguntza jaso ahal izateko, ikasleek, gutxienez, urtean matrikulatutako ikasgai guztien % 90 gainditu beharko dute. Medikuntza, ingeniaritza eta arkitektura graduetan, besteak beste, zailtasun handiagoa omen dutenez, eskatutako gutxiengoa ikasgaien % 80ra jaitsiko da.

Gainera, ikasleek ezin izango dute lan egin beka jasotzen duten aldian, ez besteren kontura ez autonomo gisa. Baldintza horren xedea da beren ikasketetan soilik aritu ahal izatea, eskolak eta ordaindutako lana uztartu beharrik gabe.

Aukera berdintasuna

Laguntzaren iraupena ikasketen araberakoa izango da. Lau urteko graduen kasuan, onuradunek aldi horretarako laguntza jasoko dute. Gradu bikoitzen edo iraupen luzeagoko ikasketen kasuan, berriz, laguntza sei urtera arte luzatu ahal izango da. Beka horien helburua da talentua duten ikasleak unibertsitatetik kanpo ez geratzea diru faltagatik. Hautatutako hamar gazteek lan egin gabe ikasi ahal izango dute, eta horrek nabarmen handitzen ditu ikasketak arrakastaz amaitzeko eta gero hobeto ordaindutako enpleguetara iristeko aukerak.

Ikasle bakoitzak 38.000 eta 57.000 euro artean jasoko ditu ikasketak burutzen dituen bitartean, graduen iraupenaren baitan. Diruak matrikula, liburuak eta eguneroko bizitzako gastuak estaltzen ditu, presio ekonomikorik jasan gabe prestakuntzan kontzentratu ahal izateko.